Eraztunen jauna: Boterearen eraztunak

Boterearen Eraztunak» orritik birbideratua)

Eraztunen jauna: Boterearen eraztunak (The Lord of the Rings: The Rings of Power jatorrizkoan) estatubatuar fantasiazko telesaila da. J. D. Payne eta Patrick McKay gidoi idazleek, J.R.R. Tolkien idazlearen eleberrien unibertsoan inspiraturik, Amazon-en Prime Video streaming plataformarako sortua. 2022an pantailaratu zuten haren lehen denboraldia, eta inoiz egin den telesailik garestiena da. Adinen araberako 13+ kalifikazioa paratu diote 1. denboraldiari (5. eta 8. atalei izan ezik, horiek 7+ kalifikazioa baitute).

Eraztunen jauna: Boterearen eraztunak
Jatorria
Argitaratze-data2022
IzenburuaThe Lord of the Rings: The Rings of Power
Jatorrizko hizkuntzaingelesa
Jatorrizko herrialdeaAmeriketako Estatu Batuak
Sasoi kopurua1
Atalak8
Banatze bideaeskatu ahalako bideo
Ezaugarriak
Genero artistikoafantasy television series (en) Itzuli, ekintzako telesaila, abenturazko telesaila, telebista drama eta television series based on a novel (en) Itzuli
Hizkuntzaingelesa
Iraupena70 minutu
Deskribapena
OinarrituaEraztunen Jauna
Grabazio lekua(k)Zeelanda Berria
Zuzendaritza eta gidoia
Zuzendaria(k)Juan Antonio Bayona
Wayne Yip (en) Itzuli
Charlotte Brändström (en) Itzuli

[[Kategoria:Wayne Yip (en) Itzuli zuzendutako telesailak]]
[[Kategoria:Charlotte Brändström (en) Itzuli zuzendutako telesailak]]
Gidoigilea(k)Jason Cahill (en) Itzuli
Gennifer Hutchison (en) Itzuli
[[Kategoria:Jason Cahill (en) Itzuli idatzitako telesailak]]
[[Kategoria:Gennifer Hutchison (en) Itzuli idatzitako telesailak]]
Antzezlea(k)
Morfydd Clark (Galadriel)
Lenny Henry
Thusitha Jayasundera
Dylan Smith (en) Itzuli
Markella Kavenagh (en) Itzuli
Robert Aramayo (Elrond)
Ismaël Cruz Córdova (en) Itzuli
Daniel Weyman (en) Itzuli
Nazanin Boniadi
Charles Edwards (Celebrimbor (en) Itzuli)
Geoff Morrell (en) Itzuli
Peter Tait (en) Itzuli
Tyroe Muhafidin (en) Itzuli
Maxine Cunliffe (en) Itzuli
Amelie Child Villiers (en) Itzuli (Galadriel)
Megan Richards (en) Itzuli
Owain Arthur (en) Itzuli (Durin IV.a)
Augustus Prew (en) Itzuli
Simon Merrells (en) Itzuli
Cynthia Addai-Robinson (Tar-Miriel)
Ema Horvath
Trystan Gravelle (Ar-Pharazôn (en) Itzuli)
Lloyd Owen (Elendil)
Charlie Vickers (Sauron)
Maxim Baldry (en) Itzuli (Isildur)
Sara Zwangobani (en) Itzuli
Joseph Mawle
Anthony Crum (en) Itzuli
Alex Tarrant (en) Itzuli



[[Kategoria:Dylan Smith (en) Itzuli antzeztutako telesailak]]
[[Kategoria:Markella Kavenagh (en) Itzuli antzeztutako telesailak]]

[[Kategoria:Ismaël Cruz Córdova (en) Itzuli antzeztutako telesailak]]
[[Kategoria:Daniel Weyman (en) Itzuli antzeztutako telesailak]]


[[Kategoria:Geoff Morrell (en) Itzuli antzeztutako telesailak]]
[[Kategoria:Peter Tait (en) Itzuli antzeztutako telesailak]]
[[Kategoria:Tyroe Muhafidin (en) Itzuli antzeztutako telesailak]]
[[Kategoria:Maxine Cunliffe (en) Itzuli antzeztutako telesailak]]
[[Kategoria:Amelie Child Villiers (en) Itzuli antzeztutako telesailak]]
[[Kategoria:Megan Richards (en) Itzuli antzeztutako telesailak]]
[[Kategoria:Owain Arthur (en) Itzuli antzeztutako telesailak]]
[[Kategoria:Augustus Prew (en) Itzuli antzeztutako telesailak]]
[[Kategoria:Simon Merrells (en) Itzuli antzeztutako telesailak]]





[[Kategoria:Maxim Baldry (en) Itzuli antzeztutako telesailak]]
[[Kategoria:Sara Zwangobani (en) Itzuli antzeztutako telesailak]]

[[Kategoria:Anthony Crum (en) Itzuli antzeztutako telesailak]]
[[Kategoria:Alex Tarrant (en) Itzuli antzeztutako telesailak]]
Ekoizpena
Konpainia ekoizleaAmazon MGM Studios (en) Itzuli
Tolkien Estate (en) Itzuli
The Tolkien Trust (en) Itzuli
HarperCollins
New Line Cinema
[[Kategoria:Amazon MGM Studios (en) Itzuli ekoitzitako telesailak]]
[[Kategoria:Tolkien Estate (en) Itzuli ekoitzitako telesailak]]
[[Kategoria:The Tolkien Trust (en) Itzuli ekoitzitako telesailak]]

Ekoizle eragileaGennifer Hutchison (en) Itzuli
Jason Cahill (en) Itzuli
EdizioaStefan Grube (en) Itzuli
Cheryl Potter (en) Itzuli
Bestelako lanak
MusikagileaBear McCreary (en) Itzuli
Argazki-zuzendariaAaron Morton
Óscar Faura (en) Itzuli
Emanaldia
Jatorrizko igorlea Amazon Video
Hasiera-data2022ko irailaren 2a
Fikzioa
Kontakizunaren tokiaErdialdeko Lurraldea

IMDB: tt7631058 Filmaffinity: 622579 Allocine: 22940 Rottentomatoes: tv/the_lord_of_the_rings_the_rings_of_power Metacritic: tv/the-lord-of-the-rings-the-rings-of-power
Facebook: LOTRonPrime Twitter: LOTRonPrime Instagram: lotronprime Youtube: UC5gNthckomHt36m9-WH042Q Edit the value on Wikidata

Amazonek 250 milioi dolarren truke erosi zituen telebistako eskubideak 2017ko azaroan, eta, horrekin, gutxienez mila milioi dolarreko balioa duten bortz denboraldi ekoizteko konpromisoa hartu zuen. Horrek inoiz egin den telesailik garestiena bihurtuko zuen. Payne eta McKay 2018ko uztailean kontratatu zituzten, eta gainerako talde sortzailea, urtebete geroago.

1. denboraldia aldatu

Amazon Studiosek ekoitzia, Tolkien Estate and Trust, HarperCollins eta New Line Cinema enpresekin lankidetzan, Juan Antonio Bayona (bi atal), Wayne Yip (lau atal) eta Charlotte Brändström (bi atal) izan zituen zuzendari lehen denboraldian.

Aktoreak aukeratzeko casting-a mundu osoan egin zuten. Filmazioa 2020ko otsailean hasi zen, Auckland-en (Zeelanda Berria), Amazonen eta Zeelanda Berriko gobernuaren arteko negoziazioek telesaila Peter Jackson zuzendariak sorturiko The lord of the rings trilogia zinematografikoa egin zen herrialde berean eginen zela bermatu ondoren. Ekoizpena martxoan eten behar izan zuten, Covid-19 pandemiaren ondorioz, baina irailean ekin zioten berriz. Azkenean, 2021eko abuztuan bukatu zuten filmazioa.

Telesailaren zortzi ataleko lehen denboraldia Prime Video plataforman estreinatu zuten 2022ko irailaren 2an; zortzigarren eta azken atala urriaren 14an eman zuten.

Euskarazko audioa aldatu

Telesaila mundu osoan estreinatu zuten, 30 hizkuntza baino gehiagoko audioekin; haien artean ziren katalana eta galiziera, adibidez. Estreinatu aurretik zabaldu zuten euskarazko audioa ere izanen zuela. Eta gauza jakina zen Bilboko Mixer estudioetan egina zutela euskarazko bikoizketa. Baina telesaila estreinatu zuten eta euskarazkoaren arrastorik ez zen inon. Euskarazko azpidatziak, bai; baina audiorik ez[1]. Ez Prime Videok ez Mixer estudioek ez zuten publikoki batere azalpenik eman. Eta, halako batean, inork iragarri gabe, 2022ko abenduaren 28an agertu zen plataforman euskarazko audio hori[2].

2. denboraldia aldatu

Telesailaren bigarren denboraldia 2019ko azaroan eskatu zuten, 2022ko urrian hasi ziren filmatzen[3], eta 2023ko ekainean bukatu zuten filmaketa. Badirudi 2024. urtearen erdialdera estreinatuko dutela[4].

Lehen denboraldiko seigarren eta zazpigarren atalak zuzendu zituen Charlotte Brändström zuzendariak bigarren denboraldiko lau atal zuzendu ditu; eta Sanaa Hamri eta Louise Hooper zuzendariek, bertze bina[5]. Hala, gauza jakina da bigarren denboraldiak ere zortzi atal izanen dituela eta bere zuzendari guztiak emakumeak izanen direla.

Telesaileko izakiak aldatu

  • Elfoak: itxuraz gizakien berdintsuak dira baina belarri punta zorrotzagoak dituzte, eta ehunka urtetan bizi dira. Hasieran Valinorren bizi dira, baina suntsitzen denean Lindon-era eta Eregion-era joaten dira. Harreman estua dute Naturarekin eta haren indarrekin.
  • Gizakiak: Hegoaldeko lurretan eta Numenor uhartean bizi dira.
  • Orkoak: izaki itsusi eta gaiztoak, gaizkiaren morroiak. Eguzkiaren izpiek larruazala erretzen diete. Adar izenekoa dute buru eta Erdialdeko Lurraldeko gizakien lurrak konkistatzen saiatzen dira.
  • Ipotxak: izaki nanoak, Khazad-dûm lur azpiko hirian bizi direnak, metalak erauzten. Durin III.a dute errege. Tolkienen jatorrizko legendarium-ean ipotxek, arrek zein emeek, bizar sarriak dituzte; hala ere, telesailean agertzen den ipotx emakume bakarra bizarrik gabe azaltzen da.
  • Iletsuak: izaki txiki eta zintzoak, hobbiten aurrekoak, eta Rhovanion-en bizi direnak. Nomadak dira eta ileetan basoko hosto, makil zein fruituekin eginiko apaingarri ikusgarriak daramatzate. Komunitate trinkoa osatzen dute eta garrantzi handia ematen diote gauzak elkarrekin egiteari. Haien lelo nagusia da "Inor ez da bidetik ateratzen, eta inor ez doa bakarrik".

Telesaileko tokiak aldatu

  • Valinor: valartarren lurra Erdialdeko Lurraldearen mendebaldean dago, eta hor bizi ziren elfoak Morgoth-en aurkako gurutzada baino lehen. Valinor suntsitzen delarik, halako paradisu bat bilakatzen da, hilezkor izanen diren elfo aukeratuen egoitza.
  • Lindon: Valinorretik alde egin eta gero elfoek sorturiko erreinua da, Erdialdeko Lurraldearen ipar-ekialdeko kostaldean dagoena, eta Gil-galadek gobernatzen duena. Lindon-en daude Portu Grisak, Valinorrera itzuliko diren elfoek itsasontziak hartzen dituzten tokia.
  • Forodwaith: hiru mendikatek Erdialdeko Lurraldearen gainontzeko zatitik bereizita dagoen eremu zabal-zabal bat da, betiereko izotzen erregioa, Galadriel elfoa bilatzen hasi den gaizkiaren ezkutaleku aparta.
  • Rhovanion: Mendi Lainotsuen ekialdera, iletsuak bizi diren eskualdea da.
  • Hegoaldeko lurrak: gizakiak bizi diren tokia, elfoek irmoki zelatatua, ez baitiete haiei oraindik barkatu ehunka urte lehenago beraiekin batera borrokatu ez izana.
  • Eregion: Mendi Lainotsuen ondoan dagoen elfoen bigarren probintzia garrantzitsuena da. Celebrimbor arotza bizi da bertan, ahaztezin bilakatuko duen maisulan bat egiteko grinez dagoena.
  • Khazad-dûm: Moria izenez ere ezaguna, Eregion-en ekialdean dagoen ipotxen lur azpiko hiri bat da. Bertan hainbat meategi dute, baita mithril izeneko metalarenak ere.
  • Numenor: Valinor eta Erdialdeko Lurraldearen arteko itsasoan dagoen uharte bat da. Ohi baino gehixeago bizi diren eta indartsuxeago diren gizakiak bizi dira bertan. Elfoek eman zieten uhartea gizaki hauei, baina aurrerago mesfidantza sortu zen bi arrazen artean.

Telesaileko pertsonaia nagusiak aldatu

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

  •  
    Morfydd Clark, Galadriel elfoaren rola jokatzen duen aktorea, 2022an Boterearen eraztunak telesailari buruz eginiko elkarrizketa batean.
     
    Ismael Cruz Cordova, Arondir soldadu elfoaren rola jokatzen duen aktorea.
    Arondir: Soldadu elfoa. Ia mende bat eman du Tirhadad-eko gizakiak zaintzen eta zelatatzen. Browyn gizakiarekin maitemindurik dago, eta berarekin hasiko da orkoak Hegoaldeko lurretan egiten ari diren triskantzak ikertzen. Telesailerako propio asmaturiko pertsonaia da eta Ismael Cruz Cordova aktoreak jokatzen du bere rola.
  • Arrotza: Meteorito batean zerutik iletsuen lurraldera erori den izakia. Berak ere ez du gogoratzen zein den bere izena. Botere magikoak ditu, sobera ongi kontrolatzen ez dituenak. Telesailean, Daniel Weyman aktoreak jokatzen du bere rola.
  • Browyn: Gizakia, Tirharad-eko sendatzailea. Theoren ama da. Arondir elfoarekin maitemindurik dago. Telesailean, Nazanin Boniadi aktoreak jokatzen du bere rola.
  • Celebrimbor: Eregion-eko jauntxo elfoa, artisau ameslaria. Artelan handi bat egin nahi du, Erdialdeko Lurraldea edertuko duena. Elrond-ek ipotxen hiritik ekarriko dion mithril zatitxoarekin saiatuko da lan hori egiten. Telesailean Charles Edwards aktoreak jokatzen du bere rola.
  • Durin printzea: Durin III.a ipotx erregearen semea, eta aurrerago Durin IV.a izanen dena. Disarekin dago ezkondurik (telesailerako propio asmaturiko pertsonaia) eta Elrond erdi elfoaren laguna da. Telesailean, Owain Arthurrek jokatzen du bere rola.
  • Elendil: Numenorreko gizakia, hango armadako kapitaina, eta, ezkutuan gordetzen badu ere, elfoen laguna da. Isildurren aita da. Telesailean, Lloyd Owen aktoreak jokatzen du bere rola.
  • Elrond: Erdi elfoa. Botere gorenek aukeratzen eman zietelarik Elrond-ek hilezkortasuna aukeratu zuen, baina Elros anaiak bizitza mortala izatea nahiago izan zuen eta Numenorreko lehen erregea izan zen. Elrond Galadrielen txikitako laguna da, baita Durin ipotxarena aspaldikoa ere. Hain zuzen ere, adiskidetasun horrengatik, ipotxengana bidaliko dute, haien laguntza lor dezan. Orduan, Elrond-ek oreka aurkitu beharko du elfoak laguntzearen eta gehien maite dituenei zor dien fideltasunaren artean.Telesailean, Robert Aramayok jokatzen du bere rola.
  • Galadriel: Noldorreko elfoa, Finarfin-go Urrezko Etxeko alaba, Gil-galad erregearen armadako iparraldeko komandantea, oso ausarta eta gerrari bikaina, tematia eta gogorra. Betiereko bizitzaren ohoreari uko egiten dio Sauron maltzurraren bilaketan jarraitzeko, hori baita bere bizitzarako markatu duen helburu nagusia. Aurrerago Lothlorien-go dama izanen da, baina oraindik oso urruti dago horretatik. Telesailean, Morfydd Clark aktoreak jokatzen du bere rola.
  •  
    Charlie Vickers, Halbrand gizakiaren rola jokatzen duen aktorea, 2022an Boterearen eraztunak telesailari buruz eginiko elkarrizketa batean.
    Halbrand: Hegoaldeko lurretako gizakia, baina bertze gizakiak baino anitzez ere indartsuagoa. Errementari izandakoa da. Azpikeriatan ibiltzen da, eta bere iragana ez da batere argia, baina Hegoaldeko errege gisa aitortuko dute istorioaren uneren batean. Telesailerako propio asmaturiko pertsonaia da eta Charlie Vickers aktoreak jokatzen du bere rola.
  • Nori: Rhovanion-eko iletsua, Brandifoot sendikoa, Poppy lagunarekin batera Arrotza aurkitu zuena. Telesailean, Markelle Kavenagh aktoreak jokatzen du bere rola.
  • Theo: Tirharad-eko gizaki nerabea, Browynen semea. Lastategi batean gaizkiaren objektu bat dela dirudien ezpata hautsi bat aurkitzen du, eta haren erakarmena sentitzen du. Telesailean, Tyroe Muhafidinek jokatzen du bere rola.

Telesaileko bigarren mailako pertsonaiak aldatu

  • Adar: Uruk-a, orkoen burua. Telesailaren 1. denboraldian, Joseph Mawle aktoreak jokatzen du bere rola.
  • Disa: Ipotxa, Durin printzearen emaztea.
  • Durin III.a: Ipotxa, Khazad-dûm-eko erregea, aurrerago Durin IV.a izanen denaren aita. Telesailean, Peter Mullan aktoreak jokatzen du bere rola.
  • Eärien: Gizakia, Elendil-en alaba.
  • Gil-galad: Elfoa, Lindon-eko erregea.
  • Isildur: Gizakia, Elendil-en semea.
  • Kemen: Gizakia, Pharazôn-en semea.
  • Largo Brandyfoot: Iletsua, Noriren aita.
  • Marigold Brandyfoot: Iletsua, Noriren amaordea
  • Miriel: Numenorreko erreginaordea. Aita oso zahar dagoenez, benetan berak gobernatzen du uhartean. Elfoei mesfidantzaz begiratzen die hasieran.
  • Pharazôn: Miriel erreginaordearen ondokoa.
  • Poppy Proudfellow: Iletsua, Noriren lagun-mina.
  • Sadoc Burrows: Iletsuen komunitateko liderra, jakintsua, bidexka bilatzailea.
  • Waldreg: Gizakia, gaizkiaren zerbitzari eta morroi izan nahi duena.

Sinopsia aldatu

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Erdialdeko Lurraldearen Bigarren Aroaren gertakari nagusiak kontatzen ditu telesailak: Boterearen eraztunak sortzeko prozesua, Sauron jaun ilunaren eta Mordor haren lurraldearen sorrera, Numenor erreinu insularraren historia, eta elfoen eta gizakien arteko azken aliantza.[1]

1. denboraldiko atalen laburpena aldatu

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

ZBK. IZENBURUA ZUZENDARIA GIDOILARIA ESTREINALDIA IRAUPENA
1 A shadow of the past J.A. Bayona J. D. Payne eta Patrick McKay 2022ko irailaren 2a 66 min.
Morgoth jaun iluna garaitu eta gero, haren zerbitzari nagusi Sauron bilatzen hasi da Galadriel elfoa, Sauronen aurkako borrokan hil zen bere anaia Finrod-en oroimenez. Bilaketa horretan, Galadrielek gotorleku abandonatu bat aurkitu du Forodwaith-eko iparraldeko hondakinetan, eta Sauronen marka darama. Bilaketa kideek behin eta berriz erran diote elfoen Lindon hiriburura itzultzeko, han Gil-galad erregeak aldarrikatu baitu Morgothen indarren aurkako gerra bukatu dela. Erregeak Galadrieli eta bere konpainiakoei Valinorrera nabigatzeko ohorea eman die, han betiereko bizitza bakean bizitzeko. Erdialdeko Lurraldearen hegoaldeko lurretan, elfoek Morgoth-en aliatuen ondorengoak diren gizakiak zelatatzen dituzte. Han, Arondir elfoak harreman estua hasi du Browyn gizaki sendatzailearekin; Tirharad-eko herrikideek ez dute harreman hori begi onez ikusten. Biok elkarrekin ikusi dute gertuko herri Hordern suntsitu dutela eta, bitartean, Theo-k, Bronwyn-en semeak, Sauronen marka duen ezpata hautsi bat aurkitu du lastategian. Valinorren sartzear zela, Galadrielek erabaki du atzera egitea eta Sauronen bilaketarekin jarraitzea; horretarako, itsasontzitik salto egin du Itsaso Handiko uretara. Ia une berean, bi iletsuk, Nori Brandyfoot eta Poppy Proudfellow-ek gizon arraro bat aurkitu dute meteorito erori berri baten kraterrean.
2 Adrift J.A. Bayona Gennifer Hutchison 2022ko irailaren 2a 68 min.
Erdialdeko Lurrerantz igeri eginez, Galadrielek naufragio batetik bizirik atera diren gizakien baltsa batekin egin du topo. Baina itsas munstro batek eraso die eta gizon bakarrak iraun du birizik, Hegoaldeko Halbrand-ek, orkoengandik ihesi doala azaldu duenak. Berak eta Galadrielek elkarrekin lan egin dute ekaitz batetik bizirik ateratzeko. Nori eta Poppy-k Arrotza bertze iletsuengandik ezkutuan gorde dute eta janaria eta aterpea eman diote. Arrotzak ez daki haien hizkuntza baina ipurtargiak eta itxurazko magia erabili ditu Norik ezagutzen ez duen izar konstelazio baten bila ari dela adierazteko. Arondir Hordern azpiko tunelak ikertzen ibili da, baina harrapatu egin dute. Bronwyn bere herrira itzuli da, eta han orko batek berari eta Theo semeari eraso die. Orkoa hiltzen lortu dute eta haren buru moztua arriskuaren froga gisa erabili dute gainontzeko herritarrei erakutsi eta alde egin dezaten konbentzitzeko. Gil-galadek Elrond erdi-elfoa bidali du Celebrimbor arotz handiari laguntzeko, burdinola berri indartsu bat eraikitzeko asmoa duena. Elrondek iradoki du asmo horretarako ipotxen laguntza lortzen ahal dutela eta Khazad-dûm-era joan da, bere lagun Durin ipotx printzearengana. Durin haserre dago Elrondek hogei urtetan bisitarik egin ez dielako, baina Disa emazteak konbentzitu du Elronden proposamena entzun dezan.
3 Adar Wayne Che Yip Jason Cahill eta Justin Doble 2022ko irailaren 9a 70 min.
Galadriel eta Halbrand Elendil kapitainaren itsasontziak jaso ditu, eta Numenor-era eraman ditu, gizakiek gobernaturiko uharte-erresuma batera. Uhartearen eta elfoen arteko harremanak ez dira onenak, eta Miriel erreginaordeak ez du berehalakoan onartu Galadrielek Erdialdeko Lurraldera itzultzeko ontzi bat hartzea. Galadrielek egun batzuk eman ditu Numenorren eta, egonaldi horretan, Elendilen jaioterrira joan da; han Ezagutzaren Aretoa bisitatu du eta ulertu du Sauronen marka benetan Hegoaldeko Lurraldeko mapa bat dela, non indar gaiztoentzako erresuma berri bat planifikatzen ari baitira. Eta, gainera, jakin du Halbrand, numenortar batzuekin liskarra izateagatik kartzelan dagoena, Hegoaldeko Lurraldeko erregea dela. Iletsuak urtaroko migraziorako prestatzen ari diren bitartean, Arrotza ikusi dute denek, izar-mapa batzuk irakurtzen saiatzen ari zen bitartean. Arrotza hartu eta ezkutatzeagatik, iletsuek Noriren familia karabanaren bukaerara bidali dute. Arrotzak gurdia bultzatzen lagundu die, Noriren aitak ezin baitu oin bat apurtua duelako. Arondir harrapatu dutenak orkoak dira, eta eraikuntza kanpamendu batera eraman dute lurpeko pasabideak zulatzera. Orkoei eguzki izpiek min egiten diete, eta horregatik behar dituzte tunel horiek, egunean zehar bidaiatu ahal izateko. Bertze elfo batzuk ere harrapatu dituzte eta ihes egiten saiatu dira, baina ez dute lortu. Warg bat hil ondoren, Arondir orkoen buruzagiarengana eraman dute. Adar du izena; elfoek uste dute Sauronen izenetako bat dela hori.
4 The great wave Wayne Che Yip Stephany Folsom, J. D. Payne eta Patrick McKay 2022ko irailaren 16a 72 min.
Mirielek amets bizia izan du, zeinetan itsasikara batek Numenor suntsitzen baitu. Pharazôn kantzilerrak numenortarren eta elfoen arteko desadostasunak hauspotu ditu. Halbrandek, bere aldetik, giroa are gehiago gaiztotu du Galadriel-i eta Pharazôn-i aholku manipulatzaileak emanez. Mirielek Galadrieli Numenoren suntsitzea erakutsi dio, palantir kristalezko bola batean. Galadrielek Miriel erreginaordea konbentzitu du Hegoaldeko Lurretan orkoen aurkako gerra egin dezan; hala, gerra hori prestatzen hasi dira. Isildur eta bere lagunak Itsas Guardiatik kanporatu dituzte, baina gero gerrara doan gudarostean sartzea lortu dute. Badirudi Adar Antzinako Egunetako elfo orbainduna dela, eta Arondir liberatu du Ostirith-eko zaintza dorre elfikoan aterpe hartu duten Tirharad-eko gizakiei errendizio proposamen bat eraman diezaien. Tirharad-eko tabernari Waldreg Sauronen zerbitzari gisa agertu zaio Theori, eta orkoei erran diete bilatzen ari diren ezpata hautsia zaintza dorrean dagoela orain. Ipotxek mithril aurkitu dute, baita sekretuan gorde ere, baina Elrondek meatzea aurkitu du. Minerala hondeatzen zaila da, meatze zaharreko tunelak etengabe ari baitira erortzen. Durin III.a erregeak Durin printzea Lindonera bidali du jakin dezan elfoak zein azpijokotan dabiltzan.
5 Partings Wayne Che Yip Justin Doble 2022ko irailaren 23a 73 min.
Nori otso-talde batetik babesten zuen bitartean, Arrotzak magia erabili eta bere besoa zauritu du. Gero, besoa izotz sorginduarekin sendatzen ari zela, Nori, nolabait, bere gogoarekin konektatu da, baina Arrotzaren indar magikoak hainbat metrotara bidali du iletsua, eta ikaragarri izutu du. Numenorren, Mirielek erabaki du Erdialdeko Lurralderako espedizio bat laguntzea, eta Galadrielek Halbrand konbentzitu du harekin bat egiteko, Sauronen aurkako borrokak eta galerak berriz kontatu ondoren. Espedizioa abiatu baino lehen, Kemen itsasontziak suntsitzen saiatu da Pharazôn aitari boterera iristen laguntzeko, baina Isildurrek eragotzi dio eta, hala, espedizio-tripulazioan leku bat irabazi du (ez du Kemen sabotajearekin inplikatu nahi izan). Lindon-en, Gil-galadek Elrondi jakinarazi dio badakiela ipotxek mithrila aurkitu dutela eta asmoa duela hori erabiltzeko elfoen existentzia ziurtatzeko. Elrondek Durin printzeari bere erregearen asmoa aitortu dio, eta Khazad-dûmera itzuli dira Durin erregea konbentzitzen saiatzeko. Hegoaldeko lurretan, herritarren erdiak, Waldreg buru, Ostirith-etik alde egin dute Adarren errendizio-eskaintza onartu eta harekin bat egiteko; Waldregek uste du Adar Sauron dela. Ostirith-en, Theok hautsitako ezpata erakutsi dio Arondirri, eta Hegoaldeko lurrak Sauronen gaiztakeriaren erreinu bihurtzeko gakoa dela konturatu da. Ostirith-eko zaintza dorrean gelditu diren herritarrak hurbiltzen ari den orko armadaren aurkako borrokarako prestatu dira.
6 Udûn Charlotte Brändström Nicholas Adams, Justin Doble, J. D. Payne eta Patrick McKay 2022ko irailaren 30a 70 min.
Adar eta bere orkoek Ostirith abandonaturik aurkitu dute, baina tranpa bat da eta Arondirrek dorrea erorarazi du haien gainean. Bera eta errefuxiatuak Tirharadera itzuli dira hurrengo erasorako prestatzeko, Galadriel, Halbrand eta numernortarrek Hegoaldeko lurretara bidea egin duten bitartean. Arondir-ek ezin izan du hautsitako ezpata suntsitu eta horren ordez ezkutatu egin du. Gau horretan, orko talde bat Tirharad-en sartu da, baina herritarrek horiek hiltzea lortu dute; hala ere, izuturik ikusi dute hil berri dituzten etsaietako batzuk Waldreg-en atzetik zetozen pertsonak zirela. Gero, benetako orkoak agertu dira, geziak jaurti dizkiete eta horietako batzuek Bronwyn larriki zauritu dute. Adar agertu da eta Theok hautsitako ezpataren kokapena jakinarazi dio bere amaren bizitza salbatzeko. Halako batean, numenortarren zalditeria ailegatu da eta berehala garaitu dituzte orkoak; Adar ihes egiten saiatu da, baina Galadrielek eta Halbrandek atxilotu eta itaunketa egin diote. Borroka bukatuta Halbrand Hegoaldeko errege gisa aitortu dute, eta une berean Theo konturatu da hautsitako ezpata falta dela; Waldregek hartua du eta Ostirith ondoan dagoen presa bat desblokeatzeko erabili du, ura orkoen tuneletatik Orodruin mendiaren azpiko laba-ganbera batera bidaliz. Horren ondorioz sortu den erupzioak Hegoaldeko lurrak kiskali eta errautsez bete ditu.
7 The eye Charlotte Brändström Jason Cahill 2022ko urriaren 7a 73 min.
Erupzioa bukatuta, Galadriel ernatu da, errautsez estalirik eta suz inguraturik, eta Theo aurkitu du. Miriel erreginaordeak ikusmena galdu du eta badirudi Elendil-en seme Isildur hil dela. Iletsuak helmugara iritsi dira, inguruko sumendiak suntsitu duen baratze batera. Arrotza saiatu da triskantza hori konpontzen baina arriskuan jarri ditu Nori eta bere anaia. Beldurturik, iletsuek Arrotza kanporatu dute, baina biharamunean ikusi dute baratzea fruituz bete-betea dagoela. Hiru emakume misteriotsu baratzera ailegatu dira Arrotzaren bila, eta horietako batek iletsuen gurdiak erre ditu Nori saiatu delarik haiekin hitz egiten. Galadriel eta Theo Bronwyn, Arondir eta larri zauritutako Halbrand batekin elkartu dira. Galadrielek Eregion-era eraman du Halbrand, sendagai elfikoak hartzera, eta numenortarrak beren ontzietan abiatu dira. Bitartean, Elrond eta Durin printzea Durin erregea konbentzitzen saiatu dira, elfoak lagun ditzan, baina ez dute lortu. Hartara, ezkutuan ibili dira mithrila ateratzen. Horretan zeudela harrapatu dituzte eta Elrond kanporatu dute ipotxek; hala ere lortu du mithril zati txiki bat berekin eramaten. Durin printzeari erregetasuna aitortzen dion lepokoa kendu dio Durin erregeak, eta mithril meatzea zigilatzea agindu du. Hori egin dutelarik, hosto baten sakonerako bidaiak erakutsi du meatzearen hondoan Balrog beldurgarri bat bizi dela. Erupzioak suntsituriko Hegoaldeko lurrak, orain, orkoen lurrak izanen dira, eta Mordor izena hartuko dute.
8 Alloyed Wayne Che Yip Gennifer Hutchison, J. D. Payne eta Patrick McKay 2022ko urriaren 8a 73 min.
Hiru emakume misteriotsuek Arrotza aurkitu dute eta erran diote Sauron dela. Galadriel eta Halbrand Eregion-era ailegatu dira eta elfoek azken hau sendatu dute. Behin osatuta, Halbrandek interesa agertu du Celebrimborren lanarekin eta proposatu dio modu bat Elrondek ekarri duen mithril zatitxoarekin objektu txiki bat egiteko. Miriel eta Elendil Numenorrera itzuli dira eta ikusi dute Tar-Palantir erregea hil dela. Iletsuek Arrotza aurkitu dira eta saiatu dira hura emakume misteriotsuengandik askatzen. Arrotzak Noriren sostengua jaso du eta magia erabiliz hiru emakumeak mundu ikustezinera bidali ditu. Bere oroitzapen batzuk berreskuratuta, esplikatu du azti bat dela eta ekialderantz joan behar duela, Rhûn lurraldera. Norik erabakiko du iletsuen komunitatea utzi eta berarekin joatea. Hegoaldeko lurretako erregei buruzko pergamino bat eskuratu du Galadrielek eta konturatu da ezinezkoa dela Halbrand errege haien ondorengoa izatea. Horixe aurpegiratu dio eta orduan jakin da Halbrand, benetan, Sauron dela. Galadrielek uko egin dio Sauronekin bat egiteko proposamenari, eta honek Mordorrera egin du ihes. Galadrielek ez die hau guztia bertze elfoei kontatu eta Celebrimbor planarekin aurrera jarraitzera animatu du; baina objektu bat egin beharrean, hiru egiteko eskatu dio. Elrond-ek pergaminoa aurkitu du eta zer gertatu den ulertu du, baina berandu da: boterearen hiru eraztunak forjatu egin dituzte.

Aktoreak aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. a b Urkizu, Urtzi. (2022-7-28). «‘The Lord of the Rings’ euskarara bikoiztuko dute» Berria CC BY-SA 4.0 lizentziapean.
  2. Berria. «'Eraztunen jauna' telesaila euskarazko bikoizketarekin ikusgai dago Amazon Primen» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-01-03).
  3. (Ingelesez) Hibberd, James; Hibberd, James. (2022-10-03). «‘The Rings of Power’ Season 2 Starts Production in the U.K.» The Hollywood Reporter (Noiz kontsultatua: 2023-01-03).
  4. (Gaztelaniaz) SensaCine. «Todo lo que sabemos de la temporada 2 de 'Los Anillos de Poder': fecha de estreno, interrogantes, nuevos personajes y Sauron en todo su esplendor» SensaCine.com (Noiz kontsultatua: 2023-01-20).
  5. (Ingelesez) Andreeva, Nellie. (2022-12-14). «‘The Lord Of The Rings: The Rings Of Power’ Sets All-Female Directing Team, Reveals Episode Count For Season 2» Deadline (Noiz kontsultatua: 2023-02-13).

Kanpo estekak aldatu