Bosgarren Zigiluaren irekiera
Bosgarren Zigiluaren irekiera (edo Apokalipsiko Bosgarren Zigilua edo San Joanen begitazioa) 224,8 x 199,4 cm luze-zabal den olio-pintura bat da, El Grecok 1608tik 1614ra bitarte margotu zuena Toledoko harresietatik kanpoko San Joan Bataiatzailearen elizaren alboko aldare baterako. Egun, New Yorkeko Metropolitan Museum of Arten dago.
Bosgarren Zigiluaren irekiera | |
---|---|
Jatorria | |
Sortzailea(k) | Grekoa |
Sorrera-urtea | 1610 |
Izenburua | The Vision of Saint John |
Mugimendua | manierismoa |
Ezaugarriak | |
Materiala(k) | olio-pintura eta Margo-oihala |
Dimentsioak | 222,3 () × 193 () cm |
Genero artistikoa | arte sakroa |
Egile-eskubideak | jabetza publiko |
Deskribapena | |
Honen parte da | Altarpieces of the Sanctuary of Our Lady of Charity (Illescas) (en) |
Iconclass | 73G312, 11H(JOHN) eta 11G12 |
Kokapena | |
Lekua | Metropolitan Museum of Art |
Bilduma | Metropolitan Museum of Art |
Inbentarioa | 56.48 |
Jabea | Ignacio Zuloaga |
Argumentu nagusia | opening of the fifth seal (en) |
Obra amaitu gabe zegoen El Greco hil zenean. Elizako beste bi erretauletan ez bezala, bere seme Jorge Emanuelek ez zuen osatu. Pintura nabarmenki murriztu zen Pradoko Museoan 1880an egindako zaharberritze batean. Zaharberritzaileak 175 zentimetro moztu zuen goiko aldean eta 20 zentimetro kendu zituen ezkerreko ertzetik[1].
Obraren gaia
aldatuMargolanaren gaia ez zen argi eta garbi zehaztu denbora luzez. 1908 baino lehen, El Grecoren koadro honi Maitasun profanoa deitzen zitzaion. Izan ere, falta den goiko zatiak El Grecok eliza bererako margotutako beste erretaula baten antza izan zezakeen (Aingeruen Kontzertua). Hortaz, ulertu zen gorde den beheko atalak maitasun profanoa islatzen zuela, eta goiko aldeak, berriz, maitasun jainkotiarra edo sakratua.
Azken epaiketaren edo hautatuen berpizkundearen profezia zela esan zuten zenbait interpretaziok. Ignacio Zuloagak interpretatzen zuen zeruko eta lurreko maitasuna irudikatzen zuela. Manuel Bartolomé Cossiok adierazi zuen lehendabiziko aldiz 1908an obraren gaia zela Joanen begitazioa eta Bosgarren Zigiluaren irekiera, eta harrezkeroztik finkatu da artearen historian.
Margolanak Apokalipsiaren liburuaren pasarte bat (6:9-11) irudikatzen du: jazarritako martiriek justizia eskatzen diote Jainkoari. Obran, San Joanen irudia nagusitzen da, eta atzealdean, berriz, haren begitazioa azaltzen da. Horko irudiek bi talde osatzen dituzte -ezkerrean bi gizon eta bi emakume, eskuinaldean hiru gizon-, kolore ezberdineko oihalekin identifikatzen direnak. Eskuinean dagoen gizona oihal zuri bati heltzen dio, zeina bi kerubinetako batek helarazten baitio. Oihal horien funtzioari dagokionez, ez dago argi garbitu edo estaltzeko erabiltzen diren. Keinu sendoen eta oihal-tolesduraren konbinazioarekin, El Grecok Kapera Sistinoko Michelangeloren freskoetako ignudiak ekartzen ditu gogora[2].
Jabetza
aldatuEl Greco hil zenean, 1614an, obra bere seme Jorge Manuel Theotocópuli pasatu zitzaion[3]. Gero, badakigu Antonio Cánovas del Castillo Espainiako lehen ministroa izan zela jabea. Lanaren egoerarekin konforme ez zegoenez, 1880an zaharberritzen saiatu zen. Zaharberritze saiakerak gutxienez 175 zentimetro kendu zituen goialdetik.
Cánovas 1897an hil ondoren, margolana 1.000 pezetatan saldu zioten Ignacio Zuloaga margolariari, zeina funtsezkoa izan baitzen Europan El Grecoren gaineko interesa suspertzeko. Margolan hau haren Mis amigos lanaren atzealdean ikus daiteke, 98ko Belaunaldiko hainbat kide nabarmenekin batera. Ezaguna da Zuloagak Pablo Picassori eta Rainer Maria Rilkeri koadroa erakutsi ziela. Adierazi zuen "Modernismoaren aitzindaria" zela[4]. 1956an, Zuloaga Museoak artelan hau New Yorkeko Metropolitan Museum of Arti saldu zion, eta gaur bertan dago ikusgai.