Robert James "Bobby" Fischer (Chicago, AEB, 1943ko martxoaren 9a - Islandia, 2008ko urtarrilaren 17a) xake jokalari estatubatuar-islandiarra (2005ean eman zioten islandiar herritartasuna) izan zen, Nazioarteko Maisu Handia eta Munduko Xake Txapelduna. Gaztaroan famatu bilakatu zen xakean jolasteko zuen abileziagatik, eta, 1972. urtean, Ameriketako Estatu Batuetan jaiotako Munduko Xake Txapelketako lehen irabazlea bihurtu zelako. Txapela hiru urtez mantendu zuen, 1975era arte.[1]

Bobby Fischer

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakRobert James Fischer
JaiotzaChicago1943ko martxoaren 9a
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak  (1943 -  2005)
 Islandia  (2005 -  2008)
HeriotzaReykjavik2008ko urtarrilaren 17a (64 urte)
Hobiratze lekuaSelfoss (hiria)
Heriotza moduaberezko heriotza: giltzurruneko gutxiegitasuna
Familia
AitaPaul Nemenyi
Ezkontidea(k)Miyoko Watai (en) Itzuli
Hezkuntza
HeziketaErasmus Hall High School (en) Itzuli 1958)
Hizkuntzakingelesa
islandiera
Irakaslea(k)Carmine Nigro (en) Itzuli
Norman T. Whitaker (en) Itzuli
William Lombardy (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakxakelaria, idazlea eta asmatzailea
Jasotako sariak

bobbyfischer.net
IMDB: nm1648139 Musicbrainz: b4016a42-67bb-43fe-9fde-86c39729cef0 Find a Grave: 24023886 Edit the value on Wikidata
Fischer-en hilobia Selfossen (Islandia).

Biografia

aldatu

Gaztaroa

aldatu

Chicagon jaio bazen ere, Brooklynen hazi zen. Antza, bere kabuz ikasi zuen xakean jokatzen, argibide batzuk irakurrita. Brooklyn Chess Club-eko Carmine Nigrok irakatsi zizkion xake-estrategiaren oinarriak. 1955ean Manhattan Chess Club-ean eman zuen izena, eta, lehen aldiz, Estatu Batuetako junior-txapelketan hartu zuen parte, hamargarrena geldituz. Hurrengo urtean, 13 urte zituela, hasi zen xakearen munduan nabarmentzen, Estatu Batuetako gazte-txapelketa irabazi zuenean. Horrexegatik esaten da Fischer, haur-mirari baino, nerabe-mirari izan zela. 1956an bertan John W. Collins hasi zen bere xake-entrenatzailea izaten. 15 urte zituela Estatu Batuetako xake-txapelketa absolutua irabazi zuen; historiako gazteena izan zen titulua lortzen, eta marka hura oraindik ez du inork gainditu. 16 urte zituenean —Nazioarteko Maisu Handi titulua bazuela— ikasketak alde batera utzi zituen bere denbora guztia xakera dedikatzeko.[2]

Munduko Txapeldun

aldatu

1971ko Hautagaien Txapelketan izugarrizko erakustaldia eman zuen: final-laurdenetan eta finalaurrekoetan Mark Taimanov eta Bent Larsen hartu zituen mendean hurrenez hurren, bi kasuetan 6 eta hutseko emaitzarekin, oso aspalditik ikusten ez zen gauza. Goi mailako xakean berdinketa da ohikoena eta pentsaezina zen horrelako emaitzarik ikustea, are gutxiago hori bi aldiz jarraian gertatzea. Hautagaien Txapelketako finalean Tigran Petrosian munduko txapeldun ohia hartu zuen mendean nagusitasun osoz, 6½ eta 2½, eta horrela 1972ko Munduko Xake Txapelketarako txartela eskuratu zuen.[3]

Munduko Txapeldun titulua eskuratu zuen Islandian jokatu zen 1972ko Munduko Xake Txapelketan Boris Spaski sobietarra menperatzean (8½ - 12½), Gerra Hotzaren testuinguruan presio politikoak tarteko, gogoratzen den lehia ezagunenetako batean (XX. mendeko Match-a deitua).

Gainbehera

aldatu

Emandako erakustaldiaren ondoren, txapeldun luzaz izango zela zirudien. Hala ere txapelketa haren ostean ez zuen beste torneorik jokatu. 1975ko Munduko Xake Txapelketa Anatoli Karpov sobietarraren aurka jokatzekoa zuen. Karpovek 1974ko Hautagaien Txapelketa irabazia zuen eta garaipen horrek Fischerren aurka titulua lehiatzeko aukera eman zion, baina estatubatuarra ez zegoen txapelketako arauekin ados eta berarentzat mesedegarri ziren arauak eskatu zituen, arau horiek onartu ezean jokatzeari uko egingo ziola esanez. FIDEk onartezintzat jo zituen Fischerren eskakizunak eta, 1975ean, Karpov munduko txapeldun izendatu zuen.

Artean 26 urte baino ez bazituen ere, Munduko Txapelketa irabazi eta gero Fischerrek xake profesionala erabat alboratu zuen, eta hogei urtez ez zuen jendaurrean agerpenik egin. Batzuen ustez, bere burua jokalari onentzat izan arren, galtzeari izugarrizko beldurra sartu zitzaion. Ordurako obsesio asko eta desoreka zantzuak zituen, bere adierazpenetan islatzen zena, eta urteekin okerrera egingo zuen.

1992an, Jugoslavian, Fischerrek eta Spaskik 1972ko lehiaren errebantxa jokatu zuten, lagunarteko erakustaldi moduan. 1972koarekin alderatuta egoera guztiz desberdina zen. Alde batetik, Sobietar Batasuna desegina zen eta, Gerra Hotza amaituta, ez zegoen tentsio politikorik; gainera, ordurako, Spaskik frantziar herritartasuna zuen. Bestalde, Fischerrek 20 urte zeramatzan xaketik aldenduta eta une hartan Spaski FIDEren zerrendan 106. postuan zegoen; horrenbestez, lehiak ez zuen 1972koaren mailarik izan, baina hainbeste urteren ostean Fischerren berragerpena izateak interesa piztu zuen. Lehia Fischerrek irabazi zuen 10 eta 5. Hala ere izan zen polemikarik: jokalarientzako ordainsaria handia zen (3,65 milioi dolar irabazlearentzat eta 1,35 galtzailearentzat), baina AEBetako gobernuak Fischerri lehian parte hartzea debekatu zion, AEBek Jugoslaviari ezarritako blokeo ekonomikoa zela eta; hala eta guztiz ere, Fischerrek debekuari muzin eginez jokatzea erabaki zuen eta AEBetako gobernuak bere aurkako atxiloketa agindua eman zuen.

Lehia haren ondoren, espetxeratua izateko mehatxuagatik AEBetara itzuli ezinda, iheslari moduan ibili behar izan zuen eta Budapesten hartu zuen bizitokia, eta ondoren, 2000-2002 urteetan, Filipinetan. 2004an Japoniako airoportu batean atxilotua izan zen, AEBek pasaportea baliogabetu baitzioten. Zortzi hilabetez atxilotuta eduki zuten, harik eta Islandiak herritartasuna eman zion arte. 2008an hil zen, Reykjaviken.

Kultur erreferentziak

aldatu

Filmak

aldatu

Xakelariaren gaineko hainbat film egin dira:

  • Searching for Bobby Fischer (1993, Steven Zaillian). Filmak xakelari gazte prodigioso baten istorioa kontatzen du. Ez du zerikusirik Fischerren bizitzarekin, azken honek izen lapurretatzat hartu zuen izenburua.
  • Me and Bobby Fischer (2009, Fridrik Gudmundsson).
  • Bobby Fischer Live (2009, Damien Chapa).[4]
  • Bobby Fischer Against the World (2011, Liz Garbus).
  • Pawn Sacrifice (2014, Edward Zwick).[5]

Erreferentziak

aldatu
  1. «Xake taularen zuri beltzetan - Bobby Fischer. Izuen gordelekuetan barrena.» kalaportu, itsasontzi gorri bat... 2021-02-05 (Noiz kontsultatua: 2024-05-07).
  2. (Ingelesez) Randhawa, Bikkar S.. (1973-12). «Book Reviews : Walter R. Borg and Meredith D. Gall. Educational Research— An Introduction. (2nd ed.) New York: David McKay Company, Inc., 1971. Pp. xxiv + 534 pp. $8.95» Educational and Psychological Measurement 33 (4): 1001–1003.  doi:10.1177/001316447303300441. ISSN 0013-1644. (Noiz kontsultatua: 2024-05-07).
  3. (Ingelesez) «Bobby Fischer goes to war : how the Soviets lost the most extraordinary chess match of all time | WorldCat.org» search.worldcat.org (Noiz kontsultatua: 2024-05-07).
  4. Chapa, Damian. (2009-10-01). Bobby Fischer Live. Amadeus Pictures (Noiz kontsultatua: 2024-05-07).
  5. «Film sinopsia» Berria 2016-08-16 (Noiz kontsultatua: 2024-05-07).

Kanpo loturak

aldatu
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Bobby Fischer  


Aurrekoa
Boris Spassky
Munduko Xake Txapelduna
1972-1975
Ondorengoa
Anatoli Karpov