William Boyd Watterson II (1958ko uztailaren 5a) estatubatuar marrazkilari erretiratua da eta 1985etik 1995era sindikatu zen Calvin and Hobbes komikiaren egilea da. Wattersonek Calvin eta Hobbes marrazteari utzi zion 1995aren amaieran egunkarietako zuzendariei eta irakurleei egindako idatzi labur baten bitartez. Arlo horretan ahal zuen guztia lortu zuela uste zuen. Watterson lizentziei eta komikien sindikazioari buruzko iritzi negatiboengatik da ezaguna; egunkariko komikia arte forma gisa zabaltzeko eta goratzeko egin zituen ahaleginak; eta bizitza pribatura itzuli zen Calvin eta Hobbes marrazteari utzi ondoren. Watterson Washingtonen jaio zen, eta Chagrin Falls, Ohion hazi zen. Ohioko eta Estatu Batuetako Mendebaldeko aldirietako ingurunea Calvin eta Hobbes-en inspirazioaren parte izan zen.

Bill Watterson
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakWilliam Boyd Watterson
JaiotzaWashington1958ko uztailaren 5a (65 urte)
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
Hezkuntza
HeziketaKenyon College (en) Itzuli
Chagrin Falls High School (en) Itzuli
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakumorista grafikoa, komikigilea eta komiki gidoilaria
Lan nabarmenak
Jasotako sariak
InfluentziakWinsor McCay, George Herriman (en) Itzuli, Charles M. Schulz, Jim Borgman (en) Itzuli eta Walt Kelly (en) Itzuli
IMDB: nm5345706 Edit the value on Wikidata

Bizitza aldatu

Watterson Washington DC-n jaio zen. Bere aitak patenteen agente gisa lan egiten zuen. Familia Chagrin Falls-era (Ohio) lekualdatu zen 1965ean, Wattersonek sei urte zituela.[1] [2]

Wattersonek zortzi urterekin marraztu zuen bere lehen umorezko marrazkia, eta denbora asko pasa zuen haurtzaroan bakarrik, marrazten. Bere eskola-urteetan zehar hala jarraitu zuen[1] Garai hartan ezagutu zituen Pogo, Krazy Kat eta Charles Schulz-en Peanuts bezalako komiki tirak eta marrazkilari profesional izateko gogoa eragin eta bultzatu zioten.[3] Laugarren mailan zegoela, gutun bat idatzi zion Charles Schulz-i, eta honek erantzuteak Watterson harrituta utzi zuen; inpresio handia egin zion garai hartan. Gurasoek bere jarduera artistikoak bultzatu zituzten. Aurrerago, "ume kontserbadorea" zela adierazi zuten, irudimen handikoa, baina "ez modu fantastikoan" eta, zalantzarik gabe, inola ere ez geroago sortu zuen Calvin pertsonaia bezalakoa.[4] Wattersonek lehen eta bigarren hezkuntzan zehar bere marrazketarako dohaiak bideratzeko modua aurkitu zituen, bere lagunekin superheroi nerabeeen komikiak sortuz eta eskolako egunkari eta urtekarietan komiki eta artelanekin parte hartuz.[5]

1976tik 1980ra arte, Watterson Kenyon College-ean ibili zen eta zientzia politikoetan espezialdutako Arteetako gradu batean lizentziatu zen. Bere karrera umorezko marrazkigintzan egin nahi zuela argi zeukan ordurako, baina bere ikasketek marrazkigintza editorialera pasatzen lagunduko ziotela uste zuen. Unibertsitatean, bere arte gaitasunak garatzen jarraitu zuen; bere bigarren urtean, Michelangeloren Adanen sorkuntza margotu zuen bere gelako sabaian.[6] Unibertsitateko egunkariari ere bere umorezko marrazkiekin lagundu zion. Haien artean zeuden "Spaceman Spiff"-en hastapeneko marrazkiak.[7]

Geroago, Watterson bere komikietako pertsonaiei, Calvin (John Calvin erreformatzaile protestantea bezala) eta Hobbes (Thomas Hobbes filosofo soziala bezala) izenak eman zizkien, ustez Kenyoneko zientzia politikoen sailari keinu gisa. The Complete Calvin and Hobbes-en, Wattersonek adierazi zuen Calvin "predestinazioan sinesten zuen XVI. mendeko teologo batengatik" izendatu zuela, eta Hobbesek "giza izaeraren ikuspegi iluna zuen XVII. mendeko filosofo batengatik".[8]

Wattersonek autobiografia labur eta ironiko bat idatzi zuen, 1980ko hamarkadaren amaieran.[9]

Karrera aldatu

Hasierako lanak aldatu

Watterson The Cincinnati Enquirereko Jim Borgmanmarrazkilari politikoaren lanean inspiratu zen. Borgman Kenyon College-n graduatu zen 1976an eta haren ibilbide bera egiten saiatzea erabaki zuen Watersonek. Borgmanek laguntza eta animoak eskaini zizkion artista berriari. Watterson 1980an graduatu zen eta Cincinnati Post-en kontratatu zuten aproba egiteko. Watterson azkar konturatu zen lana ustekabeko erronkez beteta zegoela eta horrek bere eginkizunak ezarritako estandarren arabera betetzea eragozten zion. Erronka horien artean bat Cincinnatiko eszena politikoaren ezezagutza izan zen, ez baitzen inoiz hirian edo inguruan bizi, Cleveland inguruan hazi eta Ohio erdialdeko unibertsitatera joan baitzen. Egunkariak Watterson kaleratu zuen bere kontratua sinatzera iritsi aurretik.[10]

Ondoren, publizitate agentzia txiki batean sartu zen eta bertan lau urtez lan egin zuen diseinatzaile gisa, janari-iragarkiak sortuz. Bitartean, bere proiektuetan ere lan egiten zuen, besteak beste, bere komiki tira propioa garatzen eta Target: The Political Cartoon Quarterly-ri egindako ekarpenak.[11]

Freelance artista gisa, Wattersonek beste lan batzuk egin zituen salgai ezberdinetarako, besteak beste, bere anaiaren bandaren albumen marrazkiak, egutegiak, arroparentzako diseinuak, hezkuntza-liburuak, aldizkarien azalak, kartelak eta postalak.[12]

Calvin eta Hobbes eta arrakastara bidea aldatu

 

Wattersonek esan izan du bere errealizazio pertsonalerako lan egiten duela. Kenyon College-ko 1990eko graduondokoei adierazi zienez, "harrigarria da zeinen gogor lan egiten dugun lana norberarentzat egiten denean". Calvin eta Hobbes 1985eko azaroaren 18an argitaratu zen lehen aldiz. Calvin and Hobbes Tenth Anniversary Book liburuan idatzi zuen beregan eragin zutenak Charles Schulz-en Peanuts, Walt Kellyren Pogo eta George Herrimanen Krazy Kat izan zirela. Wattersonek idatzi zuen The Komplete Kolor Krazy Kat-en lehen liburukiaren sarrera. Wattersonen estiloak Winsor McCay-ren Little Nemo in Slumberland-en eragina ere islatzen du.[13]

Artista askok bezala, Wattersonek bere bizitzako elementuak, interesak, sinesmenak eta baloreak txertatu zituen bere lanean; adibidez txirrindulariitza, bere aitaren "izaera eraikitzeari buruzko" hitzaldien oroitzapenak eta merchandising-a eta korporazioei buruzko iritziak. Wattersonen Sprite katuak asko inspiratu zituen Hobbesen nortasuna eta ezaugarri fisikoak.

Wattersonek bere karreraren zati handi bat egunkarietako komikien ingurunea aldatu nahian eman zuen. Uste zuen komikiaren balio artistikoa ahultzen ari zela, eta egunkarietan hartzen zuten espazioa etengabe murrizten zela, bista gutxiko argitaratzaileen kapritxo arbitrarioen menpe. Gainera, uste zuen artea ez dela epaitu behar sortzen den euskarriaren arabera (hau da, ez dago "goi" arte edo "behe" arterik, artea besterik ez).

Bere pertsonaien merchandising-aren aurkako borroka aldatu

 

Urte luzez, Wattersonek argitaletxeek bere lanaren gainean merchandising-a sortzeko eragiten zioten presioaren aurka borrokatu zuen, bere komikiari baliorik ez kentze aldera.[14] Calvin eta Hobbes-en irudiak katilu, eranskailu eta kamisetetan bistaratzeak pertsonaiak eta haien nortasuna gutxietsiko zituela uste zuen. Wattersonen esanetan Universal-ek presio haundia egin zion eta bere kontratua guztiz aztertu gabe sinatu omen zuen. Artista berria zenez, aukera bat emateko prest dagoen sindikatu bat aurkitzearekin pozik zegoelako (aurretik beste bi sindikatuk uko egin zioten). Kontratua hain aldebakarrekoa izanik, Universalek benetan nahi izanez gero, bere borondatearen kontra lizentziatu zitzakeen bere pertsonaiak, baita bera kaleratu eta Calvin eta Hobbes artista berri batekin jarraitu ere. Wattersonen posizioak irabazi zuen azkenean eta bere kontratua birnegoziatu ahal izan zuen, bere lanaren eskubide guztiak jasotzeko, baina aurrerago adierazi zuen lizentzien borrokak nekatu zuela eta 1991n bederatzi hilabeteko eten baten behar izan zuen.

Wattersonen ahaleginak egin arren, imitazio ez-ofizial asko aurkitu dira, besteak beste, Calvin eta Hobbes alkohola kontsumitzen edo Calvin logo batean pixa egiten irudikatzen duten elementuak. Wattersonek esan izan du: "Lapurrek eta bandaloek bakarrik irabazi dute dirua Calvin eta Hobbes-en salgaiekin".

Igandeko tiraren formatua aldatzen aldatu

Watterson indarrean zegoen igandeko komikiaren formatuarekin kritikoa zen marrazten hasi zenean (eta hala jarraitu zuen gero ere). Diseinu tipikoak hiru errenkada ditu guztira zortzi karraturekin eta orrialde erdia hartzen dute bere tamaina arruntarekin argitaratuz gero. Testuinguru honetan, orrialde erdia tamaina absolutua da – gutxi gorabehera 22 cm x 28 cm – eta ez dago erlazionatuta komiki tira bat azkenean banatzeko inprimatu daitekeen benetako orrialde tamainarekin.[15]) Egunkari batzuek lekua mugatuta dute igandeko argitarapenerako eta komiki tiraren tamaina murrizten dute. Modu ohikoenetako bat goiko bi panelak moztea da, eta Wattersonek uste zuen horrek tokia alferrik galtzera behartzen zuela, koadro hoietan txantxa hutsalak jarriz. Bere lehen tarte sabatikotik itzuli zenean (bigarren bat 1994an izan zuen), Wattersonek Calvin eta Hobbes-entzako formatu berri bat proposatu zion bere sindikatuari, bere espazioa modu eraginkorragoan erabiltzea ahalbidetuko zuena eta egunkariak orrialde erdi gisa argitaratzera behartuko zituena. Bere tira orri erdi gisa salduko zutela adostu zuen Universalekin eta horrek kritikak ekarri zizkion Wattersoni bai egunkari, bai editore eta bai beste marrazkilari batzuen aldetik. Azkenean, Universal-ek konpromisoa hartu zuen eta egunkariei orrialde erdi osoa edo tamaina txikiko bertsioaren artean aukera bat eskaintzea onartu zuen, tamaina arazoari buruzko kezkak arintzeko. Wattersonek onartu zuen horrek lekua galtzea eragin ziola paper askotan, baina azkenean bere ustez, onura bat izango zela egunkarietako irakurleei euren diruaren truke zerrenda hobea ematen zielako eta editoreak libre zirela Calvin eta Hobbes ez argitaratzeko. Gaineratu zuen ez zuela barkamenik eskatuko komiki tira ezagun bat marrazteagatik.

Calvin eta Hobbesen amaiera aldatu

Wattersonek Calvin eta Hobbesen amaiera iragarri zuen 1995eko azaroaren 9an, egunkarietako editoreei zuzendutako gutun honekin:

Irakurle Maitea:

Urte honen amaieran Calvin eta Hobbes bukatuko dut. Hau ez da orain hartutako erabaki erraz bat eta tristura pixka batekin uzten ditut. Nere interesak aldatu egin dira eta gainera uste dut eguneroko epeak eta panel txikiak kontutan hartuta egin nezakeena egin dudala. Grinatsu nago gehiago hausnartutako eta konpromiso artistiko txikiagoko ildoak jorratzeko. Oraindik ez dut etorkizuneko proiekturik erabaki, baina Universal Press Syndicate-ekin dudan harremanak aurrera jarraituko du. Hainbeste egunkarik Calvin eta Hobbes bere orrialdeetan ateratzea harrotzen nauen ohore bat da eta asko eskertzen dizuet zuen babesa eta tolerantzia azken hamarkada honetan. Komiki tira hau marraztea pribiliegioa eta plazerra izan da eta eman didazuen aukera eskertzen dizuet.

Bene-benetan,

Bill Waterson

Calvin eta Hobbes-en azken tira 1995eko abenduaren 31n argitaratu zen.

Calvin eta Hobbesen ondoren aldatu

Calvin eta Hobbes amaitu ezkero, saiakera asko egin dira Wattersonekin harremanetan jartzeko. The Plain Dealer eta Cleveland Scene-k kazetariak bidali zituzten, 1998an eta 2003an hurrenez hurren, baina ez batak ez besteak ezin izan zuten Watterson lotsatiarekin harremanetan jarri. 1995az geroztik, Wattersonek margolaritzari ekin zion, bere aitarekin basoko paisaiak marraztuz. Publikoaren bistatik urrundu da eta ez du interesik agertu komiki tirari berriro ekiteko, bere pertsonaietan oinarritutako lan berriak sortzeko edo proiektu komertzial berriei ekiteko, nahiz eta Calvin eta Hobbesen "treasury collection" antologia zenbait argitaratu dituen. Ez du autograforik sinatzen ez eta bere pertsonaien lizentziarik eskeintzen ere, beti adierazitako printzipioei leial mantenduz. Orain urte batzuk, Wattersonek bere liburuen zenbait kopia sinatuta sartzen zituen Fireside Bookshop-eko apaletan, bere jaioterrian, Chagrin Falls-en (Ohio), familia-jabetzako liburu-denda batean. Praktika hau amaitu zuen sinatutako liburu hauek sarean prezio garestietan saltzen zirela jakin zuenean.[16]

Wattersonek oso gutxitan ematen ditu elkarrizketa edo agerraldi publikoak. Bere elkarrizketa luzeenen artean, 1989ko otsailean The Comics Journal-en [17], Honk Magazine aldizkariaren 1987ko ale batean agertutako elkarrizketa bat [18] eta 2015eko Wattersonen erakusketa-katalogo batean agertzen dira.[19]

1999ko abenduaren 21ean, pieza labur bat argitaratu zen Los Angeles Times egunkarian, Wattersonek idatzitako Charles Schulz Peanuts sortzaile enblematikoaren hurrengo erretiroaren harira.[20]

2003 inguruan, The Washington Post -eko Gene Weingarten-ek Barnaby liburuaren lehen edizioa bidali zion Wattersoni pizgarri gisa, elkarrizketa bat lortzeko asmoz. Weingartenek liburua Wattersonen gurasoei eman zien, mezu batekin batera eta adierazi zuen bere hotelean itxarongo zuela Wattersonek harekin harremanetan jartzeko behar zuen bitartean. Lee Salem Wattersonen editoreak hurrengo egunean deitu zion Weingarteni marrazkilaria ez zela etorriko esateko. :6

2004an, Wattersonek eta Melissa bere emazteak etxebizitza bat erosi zuten Cleveland Heights, Ohioko Cleveland auzoan. 2005ean, Chagrin Falls-eko etxetik bizileku berrira joan ziren.[21] [22]

2005eko urrian, Wattersonek irakurleek bidalitako 15 galderari erantzun zien.[23] 2007ko urrian, "Schulz and Peanuts, a biography of Charles Schulz"-en kritika bat idatzi zuen The Wall Street Journal-en.[24]

2008an, Richard Thompsonen Cul de Sac komikiaren lehen liburu bildumarako hitzaurrea idatzi zuen. 2011ko apirilean, Andrews McMeel-en ordezkari batek "William Watterson Cleveland Heights, Ohio" zioen pakete bat jaso zuen, bertan Petey Otterloop Cul de Sac-eko pertsonaiaren 15 x 20 cm-ko olio-pintura bat zegoen, 2009an Parkinsona diagnostikatu zioten Richard Thompsonen omenez Wattersonek egina, Parkinson gaixotasunaren aldeko Team Cul de Sac proiekturako[25]. Wattersonen sindikatuak (azkenean Universal Uclick izena hartu zuen) garbi utzi zuen 1995ean Calvin eta Hobbes amaitu zenetik sindikatuak jasotako bere lehenengo artelana koadro hau izan zela.[26]

2009ko urrian, Looking for Calvin and Hobbes argitaratu zen, Nevin Martell-en Watterson-i elkarrizketa bat bilatzeko istorio umoretsua. Bere bilaketan lagunak, lankideak eta senideak elkarrizketatzen ditu, baina ez du artista bera ezagutzea lortzen.

2010 hasieran, The Plain Dealer-ek Watterson elkarrizketatu zuen Calvin and Hobbes-en amaieraren 15. urteurrenean. Tirarekin amaitzeko erabakiaren inguruan ondorengoa esan zuen:

Hau ez da jendeak egin nahi duen bezain zaila ulertzeko. Hamar urteren buruan, esateko nituenak esanak nituen jada. Beti da hobea festatik garaiz aldegitea. Komiki tiraren arrakastak eramanda eta errepikakorra izanez aurrera jarraitu izan banu, orain atsekabetuta dagoen jende horrek heriotza opako lidake eta egunkariak madarikatzen ariko lirateke komiki tira zaharrak argitaratzen jarraitzeagatik eta talentu berri eta freskoagoak ez ekartzeagatik. Eta haiekin ados egongo nintzateke. Uste dut horregatik jarraitzen dutela Calvin eta Hobbes-ek irakurle berriak aurkitzen, aurrera ez jarraitzea erabaki nuelako. Ez dut orduan geratu izanaren batere damurik.

2013ko urrian, Mental Floss aldizkariak Wattersoni egindako elkarrizketa argitaratu zuen, tira amaitu zenetik bigarrena. Wattersonek berretsi zuen ez zela berriro Calvin eta Hobbes egitera itzuliko eta pozik zegoela bere erabakiarekin. Gainera, komikigintzan izandako aldaketei eta etorkizuneko norabiderari buruz bere iritzia eman zuen:

Papera eta tinta nahiago ditu pixel distiratsuak baino, baina bakoitzari berea. Komikien papera oso azkar aldatzen ari da. Alde batetik, ez dut uste komikiak inoiz gaur egun bezain onartuak eta serioski hartuak izan direnik. Bestetik, komunikabideak desegiten ari dira eta audientziak atomizatzen. Susmoa dut komikiek gero eta hedapen eta eragin kultural gutxiago izango dutela eta diru gutxiago emango dutela. Guzti hau nahikoa aztoragarri sentitzeko bezain zaharra naiz, baina mundua aurrera doa. Komunikabide berriek komikien itxura, funtzioa eta baita helburua ere ezinbestean aldatuko dituzte, baina komikiak bizi eta moldaerrazak dira eta, beraz, uste dut era batean edo bestean munta izaten jarraituko dutela. Baina zalantzarik gabe ez dira izango nere gazte garaietan izan zirena.

2013an Calvin eta Hobbes-en kultur eragina aztertzen duen Dear Mr. Watterson dokumentala estreinatu zen. Watterson bera ez zen filmean agertu.

2014ko otsailaren 26an, Wattersonek Calvin eta Hobbes-en amaieratik bere lehen marrazkia argitaratu zuen: Stripped dokumentalaren kartela. [27] [28]

2014an, Wattersonek The Art of Richard Thompson idatzi zuen Washington Post-eko Nick Galifianakis marrazkilariarekin eta David Apatoff-ekin.

2014ko ekainean, Pearls Before Swine-ren hiru tiratan (2014ko ekainaren 4, 5 eta 6koetan) Watterson-en marrazkiak agertu ziren, Nick Galifianakis-en bitartez Stephan Pastis marrazkilariarekin posta elektroniko bidez komunikatu ostean.[29] Pastisek ustekabeko elkarlan hau "Bigfoota ikustea" lortzearekin parekatu zuen.[30] "Pentsatu nuen agian Stephanek eta biok elkarlan txoro hau egin genezakeela eta gero emaitza erabil genezakeela Parkinsonen ikerketarako dirua biltzeko, Richard Thompsonen omenez. Konbergentzia perfektua zirudien", esan zion Wattersonek The Washington Post-i.[31] Stephan Pastis bere tirara itzuli zen egunean, Wattersoni omenaldia egin zion 1995eko abenduaren 31ko Calvin eta Hobbes-en azken tirari erreferentzia eginaz.

2014ko azaroaren 5ean, kartel bat aurkeztu zen, Wattersonek 2015eko Angoulêmeko Nazioarteko Komiki Jaialdirako marraztua, non 2014an Sari Nagusia eman zioten[32]

2016ko apirilaren 1ean, April Fools' Day egunean, Berkeley Breathed-ek Facebook-en argitaratu zuen Wattersonek "nire 'administrazioa'-ri frankizia" sinatu ziola. Ondoren, Calvin, Hobbes eta Opus-ekin komiki tira bat argitaratu zuen. Komikia Wattersonek sinatua zen, nahiz eta bere inplikazio maila espekulatiboa izan.[33] Breathed-ek Calvin eta Hobbes protagonista dituen beste "Calvin County" tira bat argitaratu zuen, Wattersonek ere "sinatutakoa" 2017ko apirilaren 1ean, The New York Times-eko istorio faltsu batekin batera, itxuraz bi tiren "fusioa" zehazten duena.[34] Berkeley Breathed-ek Hobbes sartu zuen 2017ko azaroaren 27an, Steve Dallas pertsonaiaren ordezko gisa. Hobbes 2021eko ekainaren 10etik aurrera ere itzuli zen [35] Bill The Cat-en ordezko gisa.

Erakusketak aldatu

2001ean, Ohio State University-ko Billy Ireland Cartoon Library & Museum-ek Wattersonen Sunday strips erakusketa antolatu zuen. Bere gogokoenetako hogeita hamasei aukeratu zituen, jatorrizko marrazkiarekin eta koloreztaturiko produktuarekin erakutsiz. Pieza gehienek ohar pertsonalak zituzten. Wattersonek erakusketaren aurkezpen gisa balio zuen saiakeratxo bat ere idatzi zuen, "Calvin and Hobbes: Sunday Pages 1985–1995" izenekoa. Erakusketa 2001eko irailaren 10ean inauguratu zen eta 2002ko urtarrilean kendu zuten. Honekin batera argitaratutako katalogoak izenburu bera zuen. [36]

2014ko martxoaren 22tik abuztuaren 3ra, Wattersonek beste erakusketa bat izan zuen Ohioko Unibertsitateko Billy Ireland Cartoon Library & Museum-en.[37] Erakusketa honekin batera, eskolan egindako elkarrizketa batean ere parte hartu zuen Wattersonek.[38] Exploring Calvin and Hobbes izeneko erakusketa-katalogoa argitaratu zen erakusketarekin. Liburuak Bill Wattersoni egindako elkarrizketa luze bat jaso zuen, Jenny Robb museoko komisarioak zuzendutakoa.[39]

Sariak eta ohoreak aldatu

Wattersoni National Cartoonists Society-ren Reuben saria eman zioten 1986an eta 1988an.[40] Bigarren Reuben sariarekin Watterson ohore hori jasotzen zuen artista gazteena izan zen eta eta bi aldiz irabazi duen seigarrena baino ez, Milton Caniff, Charles Schulz, Dik Browne, Chester Gould eta Jeff MacNellyren atzetik (Gary Larson da Wattersonen ondoren bigarren Reuben sari bat irabazi duen marrazkilari bakarra. 2014an, Angulemako Nazioarteko Komiki Jaialdiko Sari Nagusia eman zioten Wattersoni bere lanagatik eta ekitaldiaren lehen 41 urteetan Europakoa ez den laugarren marrazkilari saritua izan zen.

  • 1986: Reuben saria, urteko marrazkilari nabarmena
  • 1988: Reuben saria, urteko marrazkilari nabarmena
  • 1988: National Cartoonists Society, Egunkariko Komiki Tiran Umore Saria
  • 1988: Sproing saria, Tommy og Tigern-entzat (Calvin eta Hobbes)
  • 1989: Harvey saria, umoreari sari berezia, Calvin eta Hobbes-entzat
  • 1990: Harvey saria, Sindikatutako komiki-tira onena, Calvin eta Hobbes-entzat
  • 1990: Max & Moritz saria, komiki onenarena, Calvin eta Hobbes-entzat
  • 1991: Harvey saria, Sindikatutako komiki-tira onena, Calvin eta Hobbes-entzat
  • 1991: Adamson saria, Kalle och Hobbe-rentzat (Calvin eta Hobbes)
  • 1992: Harvey saria, Sindikatutako komiki-tira onena, Calvin eta Hobbes-entzat
  • 1992: Eisner saria, komiki bilduma onena, The Revenge of the Baby-Sat filmagatik
  • 1992: Angulemako Nazioarteko Komiki Jaialdia, Atzerriko Komiki Onenaren Saria, En avant tête de thon!
  • 1993: Eisner saria, komiki bilduma onenaren Attack of the Deranged Mutant Killer Monster Snow Goons-engatik
  • 1993: Harvey saria, Sindikatutako komiki-tira onena, Calvin eta Hobbes-entzat
  • 1994: Harvey saria, Sindikatutako komiki-tira onena, Calvin eta Hobbes-entzat
  • 1995: Harvey saria, Sindikatutako komiki onenaren saria, Calvin eta Hobbes-entzat
  • 1996: Harvey saria, Sindikatutako komiki-tira onena, Calvin eta Hobbes-entzat
  • 2014: Sari Nagusia, Angulema Nazioarteko Komiki Jaialdia [41]
  • 2020: "Will Eisner Award Hall of Fame" Sariaren Ospearen Aretoan sartu zen

Bibliografia aldatu

  • 1987: Calvin eta Hobbes
  • 1988: Zerbaiti lerdea dario ohe azpian
  • 1988: Yukon Ho!
  • 1990: Beste planeta bateko bitxiak
  • 1991: Baby-Sat-aren mendekua
  • 1991: Aurrerapen zientifikoa "Boink" doa
  • 1992: Elurrezko munstro mutante hiltzaileen erasoa
  • 1993: Egun bete-beteak
  • 1994: Basakatu hiltzaile psikotikoa: Calvin eta Hobbes-en bilduma bat
  • 1995: Calvin eta Hobbesen hamargarren urteurreneko liburua
  • 1996: Altxorrak nonahi
  • 1996: Mundu magiko bat da!

Altxorrak kolekzioak

  • 1988: Oinarrizko Calvin eta Hobbes
  • 1989: Igande alferraren liburua
  • 1990: Autoritatezko Calvin eta Hobbes
  • 1992: Ezinbesteko Calvin eta Hobbes
  • 2002: Calvin eta Hobbes Igandeetako tirak 1985–1995
  • 2005: Calvin eta Hobbes osoa
  • 2019: Calvin eta Hobbes osoa (berrargitalpena)

Erreferentziak aldatu

  1. a b Hulsizer, Tim. (2002). A Short Biography of Bill Watterson. .
  2. "Bill Watterson". Biography.com. Retrieved December 13, 2021.
  3. (Ingelesez) Watterson, Bill. (1995). Calvin and Hobbes Tenth Anniversary Book. Andrews and McMeel, 17 or. ISBN 0-8362-0438-7..
  4. Gene Williams (August 30, 1987), "Calvin's Other Alter Ego" Archived May 22, 2013, at the Wayback Machine, Cleveland Plain Dealer.
  5. Martell, Nevin. (2009). Looking for Calvin and Hobbes: The Unconventional Story of Bill Watterson and His Revolutionary Comic Strip.. A&C Black, 20-23 or. ISBN 9780826429841..
  6. Bill Watterson (May 20, 1990), "Some Thoughts on the Real World by One Who Glimpsed It and Fled" Archived July 8, 2013, at the Wayback Machine, Kenyon College Commencement Speech
  7. "Rare Bill Watterson Art". Ignatz. Retrieved Feburary 1st, 2022
  8. (Ingelesez) Watterson, Bill. (1995). Calvin and Hobbes Tenth Anniversary Book. Andrews and McMeel, 22 or. ISBN 0-8362-0438-7..
  9. Bill Watterson. The Brief Tongue-in-Cheek Autobiography of Bill Watterson. .
  10. Christie, Andrew (1987), "Bill Watterson, the creator of Calvin and Hobbes on cartooning, syndicates, Garfield, Charles Schulz, and editors", Honk Magazine, Tele, no. 2, archived from the original on February 18, 2006, retrieved March 17, 2006
  11. Watterson, Bill. (2005). "Introduction". The Complete Calvin and Hobbes. Vol. 1.. Andrew McMeel, 491 or. ISBN 0-7407-4847-5..
  12. «Bill Watterson's RAREST!» platypuscomix.com.
  13. Winsor McCay: Little Nemo; Dreams of the Rarebit Fiend. Bob's Comics Reviews November 1996.
  14. Bill Watterson. (October 27, 1989). «The Cheapening of the Comics» Festival of Cartoon Art, Ohio State University.
  15. http://www.wma.us/uploaded/eNotify/ParentAd8.5x11.pdf
  16. Calvin and Hobbes creator stays out of view, even at debut of collected strips. October 24, 2005.
  17. The Comics Journal No. 127, February 1989: Featuring an interview with Bill Watterson; an essay by Ralph Steadman; the Brad Holland sketchbook. Tcj.com November 4, 2013.
  18. Christie, Andrew. (1987). «Bill Watterson, the creator of Calvin and Hobbes on cartooning, syndicates, Garfield, Charles Schulz, and editors» Honk Magazine (Tele) (2).
  19. Cavna, Michael. (March 10, 2015). «Read: Here's an excerpt from Bill Watterson's rare new 'Calvin and Hobbes' interview» The Washington Post.
  20. Watterson, Bill. (December 21, 1999). «Drawn Into a Dark but Gentle World» Los Angeles Times.
  21. Tucker, Neely. (October 4, 2005). The Washington Post. .
  22. Milicia, Joe. (October 22, 2005). Calvin and Hobbes Creator Keeps Privacy. Associated Press.
  23. Fans From Around the World Interview Bill Watterson. Andrews McMeel October 4, 2005.
  24. Bill Watterson. (October 12, 2007). «The Grief That Made 'Peanuts' Good» Wall Street Journal.
  25. Thompson, Richard. (July 16, 2009). «Cul de Sac: Some News» Cul de Sac.
  26. Cavna, Michael. (April 22, 2011). «THIS JUST IN: First new art from 'Calvin and Hobbes' creator in 16 years, syndicate says» The Washington Post.
  27. Gardner, Alan. (February 26, 2014). Bill Watterson provides poster art for Stripped documentary The Daily Cartoonist. Dailycartoonist.com.
  28. Cohen, Nicole. «'Calvin & Hobbes' Creator Pens His First Public Comic In 18 Years» NPR.
  29. Leopold, Todd. (June 8, 2014). How 'Calvin and Hobbes' met 'Pearls Before Swine'. CNN.com.
  30. Ever Wished That Calvin and Hobbes Creator Bill Watterson Would Return to the Comics Page? Well, He Just Did. | Pearls Before Swine. Stephanpastis.wordpress.com June 7, 2014.
  31. «THIS JUST IN: Bill Watterson's 'Pearls Before Swine' art for Parkinson's to be auctioned in August.; The Washington Post» The Washington Post June 26, 2014.
  32. Le créateur de Calvin et Hobbes dévoile son affiche pour le festival d'Angoulême. 20 Minutes November 5, 2014.
  33. «Calvin and Hobbes signed over to Berkeley Breathed=20 Minutes» Facebook April 1, 2016.
  34. Derkins, Susie. (April 1, 2017). Calvin County: Watterson – Breathed Mash-up: The Time Warner/AOL Merger of the Comic World. BERKELEY BREATHED.
  35. «Hobbes stands in for Bill The Cat» Facebook June 9, 2021.
  36. Calvin and Hobbes: Sunday pages 1985–1995. Andrew Mcmeel.
  37. Exploring Calvin & Hobbes. OSU cartoons February 7, 2014..
  38. Cartoons. OSU Library March 20, 2014..
  39. Cavna, Michael. (March 9, 2015). «Bill Watterson talks: This is why you must read the new 'Exploring Calvin and Hobbes' book» The Washington Post.
  40. Reuben Award Winners 1946–Present. National Cartoonist Society.
  41. «Angoulême : le Grand Prix attribué à Bill Watterson, le père de " Calvin et Hobbes "» Le Monde February 2, 2014.

Kanpo estekak aldatu