The X-Files
The X-Files (euskaraz: «X fitxategiak») AEBtako zientzia fikzio eta misteriozko telesaila bat da. 1993ko irailaren 10a eta 2002ko maiatzaren 19a artean Fox telebista katean aireratu zelarik.
1990eko hamarkadako telesaila arrakastatsu eta jarraituenetakoa izan zen, mundu osoan zaletu ugari izatearen ondorioz kultuko telesaila bilakatu zen arte. Gainera bertan maiz aipatu ohi ziren I want to believe ("Sinistu egin nahi dut") edota The truth is out there ("Egia hor kanpoan dago") esaldiak oso ospetsu eta hedatuak bilakatu zituen, bai eta bere protagonista diren Dana Scully (David Duchovny) eta Fox Mulder (Gillian Anderson) ikertzaileak ere, batez ere telesailaren jarraitzaileen ahotan.
2016ko urtarrilaren 24an FOX kateak jatorrizko argumentua eta protagonistak berreskuratzen zituen sei kapituluko telesail laburra pantailaratu zuen.[1]
Sinopsia aldatu
Dana Scully eta Fox Mulder FBIko ikertzaileak dira, heuren eguneroko betebeharra FBI berak bitxiegi edo misteriotsuegiak izateagatik lagatako kasuak ikertzean datza, haietako asko naturaz gaindiko fenomeno, mamu edota estralurtarren zantzuekin, hain zuzen ere X fitxategiak deritzanak, horretarako AEBetan barna agertu ohi diren tajuzko azalpenik gabeko kasuak ikertu eta azalpen bat topatzeko asmoz bidaiatuko dute.
Bi ikertzaileen izaerek maiz talka egin ohi dute, Mulder naturaz gaindiko fenomenoekiko sineskorra den bitartean, Scully eszeptikoa da, hasiera batean FBIko agintariek Mulderren ikerpenak zapuzteko asmoz Scully berarekin lanean jarriko dute, azken honek azalpen logikoak topatuko dituelakoan. Telesaila aurrera doan heinean eta bi ikertzaileak kasu bitxietan murgiltzen doazelarik, bien arteko harreman pertsonala ere korapilatu egingo da, adiskidetasuna eta erakarpenaren artean kulunkatuz, nahiz eta lankideen arteko muga inoiz zeharkatu ez.
Pertsonaiak aldatu
Aktorea | Pertsonaia | Partehartzea |
---|---|---|
David Duchovny | Fox William Mulder agente berezia | 1993 – 2002 (2000-2002 artean noizbehinkako agerpenak) |
Gillian Anderson | Dana Katherine Scully doktorea eta agente berezia | 1993 – 2002 |
Mitch Pileggi | Walter S. Skinner zuzendaria | 1994 – 2002 |
Robert Patrick | John Doggett agente berezia | 2000 – 2002 |
Annabeth Gish | Monica Reyes agente berezia | 2001 – 2002 |