William Gibson
William Ford Gibson (Conway, Hego Carolina, AEB, 1948ko martxoaren 17a - ) estatubatuar-kanadiar idazlea da. Zientzia fikziozko generoko cyberpunkaren aita da. 1984an idatzi zuen "Neuromante" eleberriari esker mundu osoan ezagun egin zen. Liburu hori izan zen cyberpunk generoaren aitzindaria. Gibson izan zen sare informatikoen bidez sortutako espazio birtualari ziberespazio deitu zion lehenengoa. Johnn Mnemonic ipuin famatuaren egilea ere bada. Ipuin hau film bilakatu zuten 1995ean.
Bizitza eta obra
aldatuKanadan egin zituen ikasketak. Lehenengo kontakizunak, zientzia fikziozkoak, 1970eko hamarraldiaren amaieran argitaratu zituen, Omni aldizkarian, eta bere lehen liburua, Neuromante (1984), ziberpunk izeneko zientzia fikziozko generoaren aitzindaritzat hartua da. Kritikari askoren ustez 1980ko hamarraldiko zientzia fikziozko eleberririk onena da Neuromante. Egileak obra hartan erabilitako hizkerak ospe handia hartu zuen eta mundu guztira zabaldu zen; handik atera ziren, esaterako, ziberespazio eta errealitate birtual esapideak. Obra horretan, ziberpunk generoan ohi denez, gizabanakoaren eskubideak gizartearen gaineko kontrola beren esku duten korporazioek mehatxaturik dituen gizartea islatu zuen Gibsonek.
Ziberpunk generoaren barruan sailkatzen diren obren artean azpimarratzekoak dira, orobat, Kromoa erretzen (1986) ipuin bilduma, eta Zero kondea (1986), Mona Lisa azeleratua (1988) edo Argi birtuala (1993) eleberriak.
1990ean Diferentziaren makina idatzi zuen, Bruce Sterlingekin batera, eleberri poliziakoaren eta intriga historikoaren osagaiak bateraturik, eta 1998an Idoru argitaratu zuen.
Dena dela, zientzia fikzioaz gainera, beste molde literario batzuk ere landu ditu, ondorengo obra hauetan: Dream Jumbo (1989), saio artistiko bati egokituriko testua, eta Agripa, hilen liburu bat (1992), bere aitaren omenez euskarri informatikoan eginiko olerkia, irudiez eta testuez osatua.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo loturak
aldatuWikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: William Gibson |
- (Ingelesez) William Gibsonen webgune ofiziala