Defter (otomandar turkieraz pluralean: defterler; persieraz: دفتر‎daftar, pluralean: دفاتر dafātir) otomandar hizkuntza administratiboko hitz bat da, liburua, espedientea edo erregistroa esan nahi duena, eta, historikoki, Otomandar Inperioko zerga eta lurren katastroaren erregistro mota bat izan zen.

Defteretik eratorria, defterdar titulua da, Otomandar Inperioko goi kargu finantzarioen artean goreneko postuetako bat, sultanaren altxorra gainbegiratzen zuena, baita defterhane ere, sultanaren jauregiko finantza administrazioko eta jabetza erregistroaren bulegoa izendatzen zuena[1].

Terminoaren jatorria aldatu

Hitzaren jatorria grezierako διφθέρα, diphthera, da, literalki, "animalia prozesatuaren larrua", "larrua", "azala", ahuntz-pergaminozko orrialdedun liburu [2]bat adierazten duena, Antzinako Grezian papiroarekin batera erabilia. Arabierak mailegatu zuen دفتر: daftar bezala, "liburua" esan nahi duena. Difteria hitzak, Corynebacterium diphtheriae (Klebs-Lofflerren baziloa) bakterioak eragindako gaixotasun kutsakor akutua, jatorri bera du.

Turkiera modernoan ere, hitza erabiltzen da eta koadernoa, libreta edo noten bloka esan nahi du[3].

Defter iturri historikoetan aldatu

Otomandar praktika administratiboak, jada, erregistro maila altua lortu zuen XV. mendean. Turkiarrek eredu persiarrak eta Bizantziar Inperioaren ereduak erabili zituzten. Bai Sultanaren gorteko erakunde zentralek, bai probintzietako ministroek, gobernuaren arazo garrantzitsu ugari barne hartzen zituzten liburu eta dokumentu ofizial ugari ekoitzi zituzten. Dafātiretan, adibidez, militarrak erregistratzen ziren, gorteko eta armadako baliabideen kontsumoa, liwa bateko epaileak zerrendatzen ziren, edo menpeko funtzionarioek euren nagusien aginduak betetzen zituzten.

Asko jota, dafātiren formarik ugariena erregistro fiskal zehatzak izan ziren (tahir defterleri). Bertan, probintzia bateko familia guztiak euren ondasun higigarri eta higiezinekin erregistratuta zeuden. Ez da harritzekoa lurraren jabetzaren banaketari, lurraren balioari eta espero ziren diru-sarrerei buruzko informazio ia osoa izatea. Gainera, etniari eta erlijioari buruzko informazioa zuten, zerga-betebehar edo -salbuespenei (kapitazio-zerga edo yizia barne) eta familia bakoitzaren legezko egoerari eragin ziezaiekeelako, gizon helduak eta alargunak izanez[4]. Defter-i hakâni jabetza-erregistro bat zen, helburu fiskaletarako ere erabilia.

Eta, adibidez, lur militarren hartzaileak (timar) bananduta agertzen ziren. Gainera, dafātir hauek, ikuspuntu fiskaletik beste informazio garrantzitsu batekin banatzen ziren, nahiye eta herriaren arabera banatuak, batzuetan, aberastasun forma bereziak kontuan hartuz, fundazio islamiarrak edo kristau monasterioak kasu. Defter mota hauek, aldi berean, zentsu eta katastralak ziren.

Hiri bakoitzak defter bat zuen, eta, orokorrean, funtzionario bat edo funtzio administratibo bat zuen norbait, informazioa erregistratu behar zen zehazteko. Oro har, Estatuko arauen berri zuen gizon jakintsu bat zen. Ezkontza eta herentzia bezalako familia-interakzioak erregistratzeko ere erabiltzen zen defter delakoa.

Ikerketa historikorako, beraz, iturri garrantzitsuak dira otomandarrak nagusi diren herrialdeetako demografiarako eta historia ekonomiko eta sozialerako. Bere edizioa eta ebaluazioa otomandar ikasketen zeregin nagusietako bat da. Otomandarren artean lurraren jabetza sakonago ulertzea ahalbidetzen du, eta bereziki erabilgarria da otomandarren eguneroko arazoak aztertu nahi direnean. Hala ere, erregistroek ez dituzte dokumentatzen zergarik ordaintzen ez zuten askerî -ak (nobleak), ez eta, zeharka bakarrik, premiazko eremuen arteko migrazio-mugimenduak ere[5].

Erreferentziak aldatu

  1. (Ingelesez) Faroqhi, Suraiya N.; Fleet, Kate. (2012-11-12). The Cambridge History of Turkey: Volume 2, The Ottoman Empire as a World Power, 1453–1603. Cambridge University Press ISBN 978-1-316-17554-5. (Noiz kontsultatua: 2021-02-21). [defterdar: finance officer, with oversight of the sultan's tresaury; defterhane: the office of the land registry]
  2. Wünsch, Διφθέρα. En: Realencyclopaedie des Classischen Alterthums, vol. V,1, col. 1157-1158
  3. «Turkierazko oinarrizko hiztegia — Wikibooks» eu.wikibooks.org (Noiz kontsultatua: 2021-02-21).
  4. Cosgel, Metin. (2002-10-01). «Ottoman Tax Registers (Tahrir Defterleri)» Economics Working Papers (Noiz kontsultatua: 2021-02-21).
  5. Suraiya N. Faroqhi (2006). «Ottoman population». En Cambridge University Press, ed. The Cambridge History of Turkey 3 (Cambridge, RU). pp. 356-403. ISBN 978-0-521-62095-6.

Kanpo estekak aldatu