Artzikirola Jose Ramon Rey-k (Artziniega, 1963) asmatutako kirola da, Artziniega izeneko herri batean asmatu zen, Araban, Euskal Herrian 2007an. Kirol honen izena asmatu zen herriaren izenetik dator, honen hasiera kirol hitzarekin batuz.

Artzikirola hiru kirol ezagunen nahasketa da, areto-futbola, eskubaloia eta errugbia. Taldeak nahastuta egon daitezke, edo bakoitzak nahi duen bezala. Baloia eskuekin naiz hankekin eraman edo jaurti daiteke eta kirol honetan talde-lana, abiadura zein estrategia oso garrantzitsuak dira. Hori dela eta, kirol hau kirol bikaintzat hartu dute, baita feministatzat ere berdintasuna bultzatzen duelako. Kirol honetan “esfortzu handia” egiten da, eta horregatik ikastetxe askotan erabiltzen da ariketa fisikoa egiteko, batez ere, Araban eta Bizkaian.[1]

Historia aldatu

Artzikirolaren asmatzailea Jose Ramon Rey aiaratarra da, eta jokoa Aiara bailarako lurretan sortu zen, zehazki Artziniega herrian (Araban), 2007. urtean.

José Ramón Reyk betidanik harreman estua izan du bere inguruko kirolaren sustapenarekin eta praktikarekin. Kirolaria da eta karatean, areto-futbolean, atletismoan eta frontenisean aditua.

Bere kezka nagusietako bat inguruko gazteen artean kirola sustatzea izan da. Eskolaz kanpoko jardueren antolatzaile gisa hasi zen, eta gaur egun ere horretan jarraitzen du. Baina gazteen artean kirol-partaidetzaren ideia obsesio bihurtu zen, eta bide horretatik jarraituz, areto-futbolean, eskubaloian eta errugbian oinarritutako joko berri bat asmatu zuen. Hiru kirol horien arauzko alderdiak elkartuz sortu zen artzikirola, gazteenen artean kirol honen praktika sustatzeko asmoz.[2]

Artzikirola Gordexolako lagun taldeari erakutsi zien eta hainbeste gustatu zitzaien, erakundeei aurkezteari ekin ziola. Lehenengoa bere udalerriko Udala izan zen, Artziniega. Gaur egun, bertako biztanleria 2.000 biztanlera iristen ez den arren, adin eta sexu guztietako ia ehun bizilagunek egiten dute.[1]

Gasteizen, lehen erakusketa 2009an egin zen San Prudentzio ikastetxean. Ordutik, ikastetxe ugarik sartu dute beren hezkuntza-programetan. Artzikirola asko zabaltzen ari da eskolan, baina ez hainbeste eskolaz kanpoko jardueretan edo helduentzako kirol- eta aisialdi-programetan, monitore eta arbitro faltengatik.[1]

2012an, Foru Aldundiak eman zion babesa, eta araudia onartu zuen artzikirol izenburupean, jarduera anitzerako proposamen ludiko berri bezala.[1]

Azken urteotan joko honen oihartzuna Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan antzeman da, eta gehiago ere zabaldu da, hala nola, Valentziara. Horrez gain, Latinoamerikan ere kirol hau praktikatzen hasi dira, bereziki, Mexiko eta Argentinan.[3]

2023ko irailean Reyk kirol inklusiboaren saria jaso zuen Valentzian eta bere hurrengo erronka Espainian mundialito bat antolatzea izango da. Mundialito horretan 4-5 kirol sartuko dira, horietako bat artzikirola izango da.[3]

Arautegia aldatu

Eskubaloiko edo areto-futboleko kantxa batean jokatzen da, 36 x 18 m-tik 40 x 20 m bitarteko batean.

Jokalekuak ezaugarri hauek ditu:

  • Joko-zelaiaren bi erdiak banatzen dituen erdiko lerro bat.
  • Atezaindegiak 3 x 2 m-koak izan behar dira, gutxi gorabehera.
  • 7 m-ra kokatutako penalti-puntua.
  • 6 m-ko area.

Baloiari dagokionez, aparrezko baloi bigun batekin edo kimuen kategoriako boleibol-baloi batekin jolas daiteke. Jolas honetan, 6 jokalariko bi talde lehiatzen dira, talde bakoitzeko atezain batekin. Hala ere, talde bakoitzak gehienez ere 15 jokalari izango ditu. Aldaketei dagokionez, etengabe egin daitezke arbitroak esku hartu gabe eta jokoa gelditu gabe.

Jolas honen taldeak mutilek eta neskek (mistoak), neskek bakarrik edo mutilek bakarrik osa ditzakete. Partida bakoitza 15 minutuko lau denborek osatzen dute. Denbora bakoitzaren artean 2 minutuko atsedenaldia dago, bigarrenaren eta hirugarrenaren artean izan ezik, 5 minutukoa izanik.[2]

Arau-haustetzat joko dira ekintza hauek:

  • Indarra erabiltzea, baloia kentzeko edo mantentzeko.
  • Baloiaren jabe den jokalariak ezingo du baloia esku batetik bestera pasa autopase moduan.

Puntuazioa:

  • Artzikirol partida batean, gol batek puntu bat balio du, berdin du eskuarekin, oinarekin, jaurtiketa baten bidez edo penaltiz izatea.

Baloiaren erabilera aldatu

Hasteko, hasierako sakeei dagokienez, azpimarratu behar da, lehen eta bigarren denboraldiko sakeak talde berak jarriko dituela jokoan, baina hirugarren eta laugarren aldian aurkako taldeak egingo ditu.

Oinarekin nahiz eskuarekin jolastu daiteke, baina, nolanahi ere, ezin da bote egin kontrolpean edukita. Baloia eskuan duzula, beste edozein jokalarik ezin zaitu ukitu (joko honetan horri "burukoa" esaten zaio); kasu honetan, epaileak hutsa adieraziko du, eta baloiaren jabetza ukitua egin duen taldeari edo jokalariari pasatuko zaio. Horregatik, baloia duen jokalaria baloia oinera eramaten saiatuko da edo beste jokalari bati pasatuko dio, aurkako jokalariak ukitu baino lehen. Izan ere, baloia oinarekin eramaten bada, nahiz eta aurkariak ukitu, ez da arau hori kontuan hartuko.

Baloia airean dagoenean, jokalariak oinarekin edo eskuarekin kontrola dezake, baina baloia eskuarekin hartuz gero eta lurrera jaurtiz edo eroriz gero, baloia ezingo du berriro eskuekin kontrolatu aurkari batek edo kide batek baloia hartu arte. Aitzitik, baloia bakarrik oinekin ukitu bada, eskuekin hartzea onartuta dago. Hortaz, jokalariak baloia esku batekin hartzen badu, ezingo du baloia beste eskura pasa, hori egiten badu, falta izango da.

Jokalariek kornerrak, alboko sakeak edo faltak egotean 6 segundo izango dituzte ateratzeko, eta bai eskuekin, bai hankekin atera ahalko dute. Gainera, arerioak ateratzen duenean, defendatzailea arerioaren aurre-aurrean jarri ahalko da defendatzen, hala ere, alboko marra ukitu gabe.

Gola lortzeko, baloia oinarekin edo eskuarekin jaurtiz edo baloia esku ahurraz atezaindegian sartuz egin daiteke, gainera, alboko marratik lortu daiteke, sake bat egitean, adibidez. Talde batek gola lortzean, talde horren aurkarien atezainak sartuko du baloia berriro jokoan. Atezainak ateratzeko, ateko marraren atzealdetik egingo du, atezaindegia barne. Aurkariek, gola lortu ezean, atezainak ateko marraren atzealdetik atera egingo du baita, baina, atezaindegitik kanpo izango da, eta ateratzeko 6 segundo izango ditu gehienez.

Atezainari dagokionez, atezainak ez du izango jokatzeko leku jakinik, beraz, zelai osoan jolastu ahalko du. Hala ere, atezaindegiaren arearen barruan dagoenean, gainerako jokalariek ez bezalako araua izango du. Izan ere, baloia eskutik oinetara bota badu, berriro eskuekin hartu ahalko du. Atezaindegiaren areatik ateratzean, ordea, ezingo du hori egin. Aitzitik, atezainak eskuetan baloia eramaten badu eta aurkari batek ukitzen badu, falta izan beharrean penalti izango da aurkariarentzat. Penalti hau bai eskuekin, bai hankekin jaurti daiteke eta jaurtitzailea zazpi metroko marraren atzealdean jarri egingo da. Hortaz, defendatzaileak, atezaindegiko marran jarriko dira.

Aldaerak aldatu

  1. Jokalarien arteko harremana aldatzea. Esaterako, 4 x 4 edo nagusitasun egoerak emanez 5 x 4.
  2. Eremua murriztea. Horrela, erasotzaileen jarduera zailtzen dugu.  
  3. Joko-ekintzaren denbora murriztea edo luzatzea. Egin beharreko mugimendu-ekintzaren denbora murrizten bada, jokalariak erabaki azkarrak hartzera behartzen dituzte, akzio motorra arinduz, onerako edo txarrerako.
  4. Puntuazio sistemak aldatzea. Puntuazioa aldatzea kontuan harturik oinekin edo eskuekin gola lortu den.
  5. Jokalarien rolak eta azpirolak aldatzea. Hala nola, talde bateko jokalariak eskuekin jolasten duten bitartean, beste taldeak bakarrik oinekin jokatu beharko du.

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d «El deporte más igualitario. Diario de Noticias de Alava» web.archive.org 2014-01-02 (Noiz kontsultatua: 2024-04-03).
  2. a b «Wayback Machine» web.archive.org 2014-01-02 (Noiz kontsultatua: 2024-04-03).
  3. a b (Gaztelaniaz) «Artzikirol traspasa fronteras y barrotes» EITB 2024-01-21 (Noiz kontsultatua: 2024-04-03).

Bibliografia aldatu