Artizarreko geologiak dituen ezaugarriak harrigarriak dira, arraroak edo bereziak direlako. Gaur egun, Artrizarreko gainazalaren inguruan dugun informazio gehiena Magellan zundak bidalitakoa da, bere radarren bidez.  Zunda honek 2 urtetan Artizarreko gainazalaren %98a ikertu eta kartografiatu zuen, gainera lurrazalaren %22a estereo argazkiekin ikus daiteke.

Artizarreko gainazal berezia erakusten duen irudi bat.

Artizarreko lurrazala atmosfera handi batek estaltzen du, honek esan nahi du, garai batean Artizarrean bulkanismo handia egon zela, hainbat motatako sumendiak ere aurkitu baitira, batzuk Lurrean daudenen antzekoak, hau da, geruza-sumendiak.

Bestalde, Ilargian, Martitzen edo Merkurion ez bezala, Artizarra ez dago krater txikiez josirik, krater handi edo ertan batzuk baino ez ditu. Honen arrazoi nagusia da, planeta honetan dagoen atmosfera handiak, meteorito txikiak deuseztu egiten dituela eta soilik meteorito handienak baino ez direla iristen lurrazalarekin talka egitera.

Irudi honek Artizarreko berotegi efektua azaltzen du.

Planeta honek hainbat ezaugarri bitxi dituela aipatu dugu lehen, horietatik batzuk coronaeak (koroa, latinez) eta araknoideak, dira. Coronaeak eta araknoideak koro eta armierma itxura dituzten lur zatiak dira, hurrenez hurren. Labazko ibai luzueak ere badaude Artizarrean, eta ezin dugu ahaztu bertan dagoen haizeak eragiten duen higadura, izugarria baita.

Artizarra da, Lurretik hurbilen dagoen planeta, (40 milioi kilometrok baino ez gaituzte banatzen) eta kanpotik begiratuta Lurraren antza duela esan dezakegu, tamaina aldetik adibidez. Hala ere, berdintasun guztiak hor amaitzen dira, Artizarraren barnean, zundek gehienez ordu batzuk baina ezin izan dituzte igaro, bertan dagoen presio atmosferikoa Lurrekoa baino 90 aldiz handiagoa baita, bestalde, bertako tenperatura 450 °C-koa da bataz bestean, bertan dagoen berotegi efektuaren ondorioz. Azkenik, planetaren atmosfera ia osorik Karbono dioxidoz osaturik dago, (%96,5).

Azkeneko zundek eta Lurrean dauden teleskopioek azaldu digutenez, Artizarreko atmosferan, lainoak sortu ohi dira 4 egunean behin, atmosferako goi aldean. Honek esan nahi du, seguruenik, aipatutako planetan 500km/h-ko haize ufadak egon ohi direla, lehen aipatutako haizearen higadura eraginez.

Magellan misioa iritsi aurretiko Artizarreko gainazaleko jakintzak

aldatu

Ilargiaren ondoren, Artizarra izan zen Eguzki-sistemako bigarren astroa Lurreko radarrek ikertu zutena. 1961ean egin zen lehenengo ikerketa NASAko Barne Espazioko Sarearen bidez, Goldstone ikerketa gunean. Areciboko ikerketa guneak ere parte hartu zuen lehenengo ikerketa honetan. Lehenengo ikerketa hauek Artizarrak egiten zituen mugimenduen ingurukoak izan ziren, horrela, 1963an zientzialariek jakin zjuten aipatutako planetaren errotazio mugimendua, transtiziokoaren alderantzizkoa dela. Ikerketa hauen bidez zientzialariek ere jakin zuten Artizarrak bere ardatzaren inguruan bira bat emateko, hau da, errotazio mugimendua gauzatzeko,  243,1 egun behar zituela. Honek esan nahi du, planeta honen ardatza ia-ia zuzena dela. Bestalde, jakin zen, ikerketa hauen bidez, planetaren erradioa 6.052km-koa zela, Lurreko teleskopioetatik begiratuta uste zena baino 70km txikiagoa.

Artizarraren ezaugarrien gaineko jakinmina, 1970 eta 1985 urteen artean piztu zen, garai hauetan lortu zen argazkien hobekuntzak eragin zuen jakinmina piztea. Hasierako radarren bidezko ikerketek ez zuten inolako informaziorik ematen planetaren itxuraren inguruan. Planetari atera zitzaikion lehenengo argazkiak, radarren bitartez, hainbat lurralde distiratsu erakusten zituzten, Alfa, Beta eta Maxwell izena jaso zuten geroago. Urte hauetan zehar Artizarra erakusten zuten argazkiak asko hobetu ziren.

Espazio-aroaren hasieran, Artizarra zundak bidaltzeko helburu nagusia izan zen, batzuetan pentsatu izan zen lurreratzeak ere egitea bertan. 1962. urtetik 1985. urteraino ez zen aukera bat bera ere galdu bertara edozein motatako zunda edo beste istrumentu espazialak bidaltzeko.

1962. urtean bertan, Mariner 2 zunda Artizarraren gainetik igaro zen, beste planeta batetik datuak bidaltzen gizakiak sorturiko lehen zunda bilakatuz. 1965. urtean Venera 3 zunda, lehen zunda izan zen beste planeta batean lurreratu zena, baina lurreratu baino gehiago Artizarraren aurka talka egin zuela esaten da. 1967. urtean Venera 4 zundak, aurrekoak baino arrakasta handiagoa lortu zuen, Artizarraren atmosferaren barnetik datuak bidali baitzituen Lurrera. Azkenik, 1970. urtean Venera 7 zundak Artizarrean behar bezala lurreratzea lortu zuen.

1974ko otsailean, Mariner 10 zundak Artizarrari hainbat argazki atera zizkion eta hainbat ikerketa egin bere atmosferan, Merkuriora bidean zihoala.

1975ean, Venera 9 zundak, Artizarraren barneko lehen argazkiak atera zituen, baita gamma izpien inguruan hainbat ikerketa egin ere. Handik hainbat hilabetera, Venera 10 zundak, Artizarraren lurrazalari hainbat argazki aterako dizkio.

1978an Pioneer 12 zundak, Artizarreko lehen altimetria eta grabitate mapak egin zituen, 78 eta 63 graduko latitudeen artean. Mapa hauek zehaztasun handia zuten, 100 metrokoa zehazki.

Pioneer 12 zundak, bestalde, beste hainbat zunda txiki jaurti zituen Artizarraren lurrazalera. Zunda txiki hauen esker, gaur egun badakigu, Artizarreko tenperatura 460 °C ingurukoa dela eta bertako presio atmosferikoa Lurrekoa baino 90 aldiz handiagoa. Datu hauek, lehenago beste zundek igorri zituztenak ziurtatu zituzten. 1981ean Venera 13 zundak, planeta honen lehen kolorezko argazkia bidali zigun, X izpien eta fluoreszentziaren inguruko analisiak ere egin zituen. Zunda honek, Artizarreko lurrazalean 127 minutu iraun zituen, une hortaraino gehien irautea lortu zuen zunda bilakatuz. 1981ean, Venera 14 zundaren landerrak, planeta honek mugimentu sismikoak eduki zitzazkeela frogatzen zuten datuak bidali zituen.

1983an, Venera 15 eta 16ek, lehenago Pioneer Venus Orbiterrek eman zituen radar bidezko datuak hobetu zituzten. Hainbat kalitate oneko argazki ere atera zituzten. 1985ean sobietarrek 2 Vega motako modulu bidali zituzten, Artizarreko atmosferako dinamika aztertzeko.

Aipatutako zunda guztiek, ondoren, Magellan zunda bidaltzerakoan asko lagundu zuten, zunda hauei esker Magellan zundak Artizarreko txokorik ezkutuenak gure bistara jarri zituelako.

Magellan zundaren ikerketak

aldatu
 
Pioneer Venus zundak egin zuen Artizarreko mapa.

1989ko maiatzaren 4ean aireratua, Atlantis anezkaren barnean, Magellan zunda Luraren orbitan biraka jarri zen, bere motor nagusiak indar nahikoa eman zion arte ibilbidea Artizarrera zuzentzeko. Urte horretan bertan, abuztuaren 10ean, Magellan Artizarrera iritsi zen. Bertara iritsi bezain laster, argazkiak ateratzen hasi zen radarraren bidez. Zunda honek, egunero 7,3 bira ematen zituen planetaren inguruan, kontuan hartzekoa da, orbita bakoitzak 70.000km-ko luzera eta 20/25km-ko zabalera zituela. Guztira, ateratako argazki guztiak 1800 zatitan banatu zituen, lurraldeen arabera, zientzialariek denak batu behar izan zituzten, Artizarraren plano egoki bat edukitzeko. 

Artizarreko lehen argazkiak, 1990eko abuztuaren 16an jaso ziren, aldiz, eguneroko kartografiaketa saioak irailaren 15ean hasi ziren. Lehen kartografiaketa zikloak 243 egun iraun zituen, hau da, Artizarrak behar duen denbora Eguzkiaren inguruan bira bat emateko. Lehen zikloa amaitzean, 1991ko maiatzaren 15ean, Artizarreko lurrazalaren %84a ezaguna zen.

Lehen zikloa amaitu bezain laster, bigarrena hasi zen. Ziklo honek, 1992ko urtarrilaren 15eraino iraun zuen eta Artizarraren ardatzaren  eskuinaldeko alderdian zentratu zen zunda, lehen zikloan beste aldean zentratu baitzen. Bigarren zikloan, zientzialariek, hainbat mendi eta zonaldeen altuera jakitea lortu zuten.

Hirugarren zikloa, 1992ko irailaren 14ean bukatu ordez, egun bat lehenago bukatu zen, zundako tresneriak zituen arazo batzuengatik. Ziklo honetan planetaren %98a ezaguna zen eta %22ak estereo argazkiak zituen.

Magellan zundak igorri dizkigun argazkiak dira, gaur egun, kalitate onena dutenak. Kantitateari dagokionez, zunda honek, gainerako zunda guztiak batuta baino argazki gehiago igorri dizkigu.

Bostgarren zikloa planetaren grabitatearen inguruko datuak jasotzeko erabili zen eta 1993ko maiatzaren 24ean amaitu zen. Bostgarren eta sigarren zikloak Artizarraren grabitatearen inguruko datuak jasotzeko erabili ziren, horretarako zunda ohi baino beherago kokatu zuten. Artizarraren inguruan egin den orbita baxuena baina segurua, lurrazaletik 200km-ra egin da.

1994ko urriaren 12an Magellan ohi baino beherago joateko programatu zen, atmosferaren dinamika ikertzeko. Zunda beheregi jatsi zen eta Lurretik kontrola galdu zuten, hurrengo egunean, Magellan zunda Artizarreko atmosferan deseztu zen.

Lurrazaleko ezaugarriak

aldatu

Teleskopioak asmatu zirenetik, Artizarra izan da beti behaketak egiteko lekurik interesgarriena. Aintzina, hainbat astronomialariek esan zuten Artizarreko atmosferan puntu beltzak ikusi zituztela, atmosferako lainoetan zuloak zeudela ere aipatu izan da. Horrelako aipamen asko egin ziren, horietatik ezagunetariko bat hurrena da: zientzialari batzuek esan zuten Artizarraren atmosferan puntu distiratsuak zeudela, beraien ustetan, mendi altu batzuk ziren, laino altuenak baino altuago zutena beraien gailurra. Aipamen honek, oihartzun handia izan zuen aitzina, 1788 eta 1790 urteen artean J.H. Schroeter izeneko behatzaile ezagun batek, William Herschel astronomoaren laguntzaile zenak, horrelako mendi bat ikusi zuela esan zuen.

Errealitatea bestelakoa da ordea, Pioneer Venus zundak egin zituen kartografiaketetan zehaztu zuen Artizarreko lurrazaleko lurralde baxuenetatik altuenetara 13km-ko aldea zegoela. Lurrean aldiz, 20km-koa da alde hau. Ondorioz, esan dezakegu, Artizarra nahiko laua dela.  

Pioneer Venus zundak eginiko altimetria probek diotenez, Artizarreko lurrazalaren %80ak 1km-ko aldea baino ez du, altuerari dagokionez eta bakarrik lurrazalaren %2ak du 2km baino gehiagoko aldea, batez besteko altuerari dagokionez.

Artizarreko gailurrik altuenak hurrenak dira: Maxwell Mendiak (11km) Akna Mendiak (7km) eta Freyja Mendiak (7km). Planeta honetako lurrazalaren gehiengoa zapala izan arren, badaude lurralde batzuk nahiko inklinatuta daudenak. Adibidez, lehen aipatutako Maxwell Mendiek 45°-ko inklinazioa dute eta Danu Mendiek eta Thetis Regiok 30°-a.

Artizarreko zatiketak

aldatu

Pioneer Venusek eginiko altimetria frogei esker, badakigu planeta honen lurrazala hiru lurralde edo guneetan banatuta daudela: Behe-lurrak, Lagatze lautadak edo Deposizio lautadak eta Lur-garaiak.

Magellan zundak eginiko ikerketek ere zatiketa hauek balioztatzen ditu. Lur-garaietako probintzia garrantzitsuenak Aphrodite Terra, Ishtar Terra, Lada Terra, Beta, Phoebe eta Themis dira. Bestalde, Alpha, Bell, Eistla eta Telhus lur-garaiak diren arren garrantzi txikiagoa dute.

Talka kraterrak

aldatu

Hasieran, Lurretik radarren bidez krater batzuk ikusi zituztela esan zuten hainbat zientzialariek, baina ezin izan ziren frogatu, Venera 15 eta 16 zundak Artizarrera iritsi eta 150 krater begiztatu zituzten arte. Magellan zundak, zifra hau handitu zuen planeta osoa kartografiatzean, zehazki 900 krater inguru begiztatu zituen, denak meteoritoen talken bidez sorturikoak. Zifra oso baxua da beste planetekin konparatua, Merkurio eta Martitzeren lurrazalak kraterrez josiak daude. Bestalde, ezin da konparatu Ilargia edo hainbat satelitek duten lurrazalarekin, astro hauek kraterrak baino ez baitituztela esan daitekeelako.

Magellan zundak eta aurrekoek adierazi zigutena bat dator. Artizarrean kostata aurki daitezke 30km baino diametro handiagoa duten kraterrak eta 2km-koa edo gutxiagokoa duten kraterrak ere ez dira asko. Planeta honetako kraterrak bereziak direla ere jakin dugu, ia krater guztiak berriak dira eta ez dute inolako hodatzerik jasan, normalean hondatze hau meteorizazioak eragiten du. Krater hauek labaz inguraturik ere egon ohi dira. 

Krater hauen inguruko ezaugarriak, adibidez, kokapena, tamaina edo dentsitatea oso garrantzitsuak dira planetaren historia geologikoa jakiteko.

Sumendiak

aldatu
 
Domoen argazki bat, erliebea kontuan harturik.

Artizarreko nukleotik datorren material beroa lurrazalera bideratzeko beharra du planetak, nukleoa gehiegi berotu ez dadin. Ondorengo lau prozesuek sortzen dute barne bero hau:

  • Planetaren berezko akrezioak eragindako beroa, edo ilargi batena.
  • Planetaren barnean, elementu erradioaktiboen deusezteak eragindako beroa
  • Planetaren barne mugimenduek eragindako beroa.
  • Masaz osaturiko mareen arteko interakzioek eragindako beroa.

Lur planetan ere badira barneko beroa askatzeko prozesu batzuk, Jupiterreko satelite Ion, aldiz, Jupiterren indar grabitazionalak ikaragarrizko marea mugimenduak eragiten ditu, Eguzki-sistemako sumendirik aktiboenak sortuz.

 
Alpha Regioko domoak.

Artizarrak Lurraren antza duela esan dugu lehen, baina plaken tektonikari dagokionez ez dute inolako antzik. Lur planetan mugimendu geologiko hauek sarritan gertatzen dira, ia etengabe, aldiz, Artizarrean ez daude horrelako mugimendurik. Esan beharra dago, planeta honetako aldaketa geografikoen %80a bulkanismo mota batek eragindakoa dela.

Gure planeta eta Artizarraren bulkanismoaren artean desberdintasun handi bat dago. Artizarrean ''bulkanismo zentralizatu'' deritzon bulkanismo mota bat da nagusi. Bulkanismo mota honetan, barne beroa jatorri bakarrekoa da eta magma biltegi guztiak jatorri honen inguruan daude.

Hala ere, badago beste bulkanismo mota bat ere, kantitate txikian den arren. Bulkanismo hau ez da oso zentralizatua eta planetaren eremu handiak hartzen ditu, erupzioak eraginez toki askotan.

Frogatu da, Artizarreko sumendi gehienak 20km-ko diametroa baino txiakiagoak dutenak direla, zifra ikaragarria da, milaka izan daitezke, batzuek diotenez milioika. Domoen antza dute sumendi txiki hauek. Sumendi hauen tamaina, kilometro bateko diametrotik 15 kilometrorainokora izan daiteke eta normalean ez du kilometro bateko altuera gainditzen. Sarritan sumendi txiki hauen taldeak aurki daitezke, ezkutu zelaiak deritzen guneak dira.

Lur planeta, bestalde, bi motatako sumendiak aurki daitezke: ezkutu-sumendiak eta geruza-sumendiak. Ezkutu-sumendiek magma lurraren barneko guneetatik jasotzen dute, hot spots deritze gune hauei. Sumendi mota hau sarritan aurki daiteke Hawaiin. Saint Helens eta Pinatubo sumendiak, bestalde, plaka tektonikoekin lotura zuzena dute. Geruza-sumendi hauetako laba, likastsuagoa da, ondorioz, gasak irteterakoan zailtasunak izaten dituzte eta beraz, sumendi hauek erupzioan sartzean oso modu bortitzean egiten dute. 

 
 40,0°, 18,0° kokaturiko araknoideak. 

Artizarreko morfologiak, plaka tektonikoen gabeziarekin eta ur faltarekin bere sumendiak Hawaiikoen antza izatera bultzatzen ditu. Esan beharra dago, Lurreko ezkutu-sumendiak ez direla Artizarrekoen berdinak, Lurrean kilometroetako diametroa eduki dezakete eta gehienez 8km-ko altuera (Mauna Loa). Artizarrean bestalde, ehunka kilometroetako diametroa eduki dezaketen arren, ez dira oso altuak, bataz beste, 1,5km-ko altuera baitute. Artizarreko sumendirik altuenak, Maat Monsek 8km-ko altuera du eta 0.9°Iparraldera eta 194.5°Ekialdera kokatzen da.

Artizarreko domoak, Lurrekoak baino 10 edo 100 aldiz zabalagoak dira eta radarrak dionez, laba likastsuak eragindako tentsioak sortu ditu gehienak. Domo hauek coronae eta tesseraekin loturik egon ohi dira. Gaineko irudian ikus ditzakegu domo hauetariko batzuk.

Noven (''novae'') eta araknoideen existentzia dira beste ezaugarri berezi batzuk.

Novak, magma kantitate handiak lurrazalera iritsi eta dikeak sortzen dituztenean gauzatzen dira. Guztira, Artizarrean, 50 nova inguru ikusi dira, hainbat lurraldeetan banaturik. 

Nova hauek handitu eta zabaldu egiten direnean, araknoide deitzen zaie. Ageri duten formatik dator beraien izena. 250 araknoide inguru atzeman dira, egun, planeta honetan.

Tektonika

aldatu
 
Artizarreko coronae-en sorrera azaltzen duen irudia.

Artizarrak ez du plaka tektonikoen inguruan inolako zantzurik ematen, esan beharra dago ordea, badituela hainbat arrasto mugimendu tektonikoei loturik daudenak. Horien adibide ditugu, planeta honetan dauden tolestura, faila, sumendi, mendi eta rift bailarak.

Artizarreko tektonikak, lehen aipatu dugun bezala, hainbat mendikate, rift bailara eta egitura geologiko sortu ditu. Tesserae (grezierazko tesseratik, baldosa esan nahi du) izeneko egitura geologikoak ere badaude, lurrak uzkurtze eta zabaltze prozesuak eduki dituela adierazten dutenak.

Lur planetan ez bezala, Artizarreko itxuraldaketa geologikoak, planetaren mantuan dauden indar dinamikoek eragiten dutela uste da. Azkeneko ikerketek diotenez, Artizarrak ez astenosferarik, geruza honek, Lur planetako mantuan dauden plaka tektonikoen mugimendua errazten du. Geruza honen faltak, segurasko esan nahi du, planeta honetako eraldaketa geologikoak barnealdeko konbekzio bidezko mugimenduen bitartez gertazten direla.

 
Lurralde hau, bere zabaltze eta uzkurtze mugimenduen ondorioz desitxuratu da.

Artizarreko eraldaketa tektonikoak eskala batean koka daitezke, txikienak, failen sorrerarekin loturik daude. Faila hauek normalean, lerrokatze paralelo batzuk dira, azkenean sare itxura hartzen dutenak. Faila hauen inguruan mendi tontor batzuk ere aurki daitezke, Martitzen eta Ilargian gertatzen den bezala. Faila gehienak, planetaren ekuatorean edo hego hemisferioan aurki daitezke. Hegoaldeko latitude hauetan, faila sare bat aurki daiteke, dirudienez, planeta mailan failak lotzen dituena. Segurienik, sare honek sumendien sorrerarekin lotura izango du. 

Artizarreko mendikaterik handiena, Maxwell mendikatea, Ishtar Terra lurraldean kokaturik dago. Mugimendu geologiko bortitzeko sortu zuten mendilerro hau, zehazki uzkurtze eta zabaltze mugimenduek. Planeta honetan aurki daitekeen beste arrasto geologiko handi bat, behe-lurretan aurki daiteke, lurrazaletik kilometro batzuk altxatzen diren gerriko erraldoiak dira, ehunka kilometroko zabalera eta milaka kilometroko luzeera dutenak. Gerriko nagusiak, Lavinia Planitian eta Atalanta Planitian aurki daitezke, bi lurraldeak ipar hemisferioko goialdean daude. 

Lehen aipatutako tesseraeeak, Aphrodite Terra, Alpha Regio, Tellus Regio eta Ishtar Terrako ekialdean aurki daitezke. Zonalde hauek planeta osoko lurralderik zaharrenak dira.

Zientzialari batzuek diotenez, tesseraeeak Lur planetako kontinenteekin alderatu daitezke. Beste batzuek diotenez, mantuaren mugimenduaren ondorioz arrakalak eta tolesturak gertatu ziren, azekenean, basaltozko gainazal bat eratuz.

Eremu magnetikoa

aldatu
 
Artizarreko barne osaketa

Planeta batek eremu magnetiko bat eduki dezan, behar-beharrezkoa da, burdin likidozko nukleo bat edukitzea, planetak dituen errotazio mugimenduak eraginda urtzen dena.

Artizarrak burdin likidozko nukleo bat duen arren, gaur egun arte ez da eremu magnetiko baten arrastorik aurkitu. Arrazoietako bat izan daiteke planeta honek duen errotazio mugimendu geldoa, 243 egun behar baititu bere ardatzaren inguruan bira bat emateko. Arrazoi hau ez bada zuzena, gaur arte ez da beste hipotesirik proposatu.

Laba-fluxuak eta kanalak

aldatu

Lurrean gertazten diren laba-isatsak txikiak izan ohi dire, Artizarrean aldiz, laba-isats hauek handiagoak eta luzeagoak dira. Planeta honetan, ehunka edo 1000 kilometroko luzeera hartu dezakete. Fluxu hauen zabalera, bestalde, hainbat kilometroetakoa izan daiteke.

Oraindik ez da frogatu zergatik diren laba-isats hauek hain handiak, ARtizarreko tenperatura altuak (475 °C) laba hau polikiago hoztea eragiten du, hala ere, ezin du hainbesteko luzeera edukitzeraino hozte prozesua moteldu.

Dirudienez, Artizarreko laba-isats hauek basaltoz osaturik daudela ematen du, beraz, askoz arinagoak dira. Basaltozko laben artean bi ezagutzen dira Lur planetan: aa laba eta soka-laba. Aa labak gorputz sendo eta gogor bat du, bloke txikiez osaturik dago. Soka-laba aldiz, bere izenak dioen bezala, soken antza duen labazko kapa bat da.

Lurraldearen zimurtasuna, radarrean distirak bezala ageri dira, lur leunak ilunak dira, zimurrak bestalde, argiak. Kolore aldaketa hauek, aa laba eta soka-labak bereizteko erabiltzen dira. Kolore aldaketa hauek lurraren adina adierazi dezakete. Esan beharra dago, Artizarrean oso arruntak direla labazko hodiak.

Laba fluxu gehienak sumendiekin lotuta daude. Sumendiak laba-isatsez osaturik egon ohi dira, sumendiaren ''eraikina'' deritzona osatuz. Domoak, pitzadura kraterrak, zuloak, kanalak, etab. oso ohikoak dira gune hauetan.

Magellan zundari esker, guztira 200 kanaletik gora aurkitu ziren. Hiru motetan sailkatu ziren kanalak: Kanal arruntak, Kanal konplexuak eta Kanal konposatuak.

Kanal arruntak, kanal nagusi batetik sortzen diren kanal txikiak dira. Aurkitu den kanal arruntik luzeenak 7000 kilometro ditu.

Kanal konplexuek sare anastomosatuak dituzte eta baita banatze sareak ere. Alor honetako kanalak, normalean talka kraterren ondoan aurkitu izan dira. Bestalde, labazko uholdeekin ere loturik daude.

Kanal konposatuak, segmentu arrunt eta konplexuez osaturik daude. Horrelako kanalek, ingurunea zeharo aldatzeko indarra dute, Martitzeko kanal konposatuek egiten duten bezalaxe.

Milaka krater aurkitu diren arren, ez dirudi planetak duen ura hauengandik datorrela. Gainera, esan beharra dago, azkeneko 600 milioi urtetan ez dela atmosferan ura modu egonkorrean egotearen aztarnarik aurkitu.


Lurrazaleko prozesuak

aldatu
 
Adivar kraterra eta talkak sorturiko hondakin biltegiak

Artizarrean urik ez dagoenez, higadura sor lezakeen prozesu bakarra atmosferak lurrazalarekin duen kontaktua da. Meteorito batek lurrazalean talka krater bat sortzen duenean adibidez, hondakinak atmosferara jaurtitzen ditu. Atmosferara hondakin hauek iristean, planetaren errotazio mugimenduak berak, hondakinak mendebaldera bideratzen ditu. Hondakin hauek ondoren, lurrazalean pausatzen dira patroi parabolikoak sortuz. Hondakin hauen pilatzeari biltegi edo depositu deritzo. Meteoritoen talkek sortzen dituzten biltegi hauek, planetako egitura geologiko gazteenak dira. Magellan zundak horrelako 60 biltegi begiztatu zituen.

Lehen aipatu ditugun fenomenoak planetaren itxura aldatzaile nagusiak dira. Venera zundak eginiko ikerketak batek dioenez, segunduko metro bat aldatzen dute bataz bestean, horrelako fenomenoek Artizarreko lurrazala. Artizarrean dauden haize bortitzek indar nahikoa dute lurrazala higatzeko eta materialak alde batetik bestera garraiatzeko, hainbat zonaldeetan dunak edo haize-lerroak aurkitzea ohikoa da. Hondakin zein errautsak haizeak garraiatu eta domoen gainean pausatzen direnean sortzen dira haize-lerroak. Domoek lurralde batetik bestera material desberdinak edukiko dituzte, sedimentatu den hondakina desberdina izango delako alde batetik bestera.

Materia partikulak deskonposatu eta ondar-ale baten tamainakoak bihurtzen direnean, zonalde jakin batzuetan pausatuz gero dunak sortzen dira. Yardang-en sorrera bestalde, haizearen higadura handia denean gertatzen da, hau da, harriak zulatu eta zizelkatu egiten dituenean sortzen dira.

 
Artizarreko atmosferako zirkulazio sistema. 

Talka krater gehienetan, bertako haizeak sedimentuak ekuatore aldera bideratzen ditu, patroi batzuen aginduz. Hadley zelulek eragiten dituzten patroi hauek. Magellan zundak fenomeno hauek gertatzen direla frogatu zuen, haizearen norabidea aztertuz. Dirudienez, haize bortitzak dabiltza Artizarraren iparraldean, ekialdera bideratzen dituztenak lehen aipatutako sedimentuak.

Artizarreko meteorizazio prozesua azkeneko ehunka milioika urtetan jardun du. Prozesu honen aztarnarik zaharrenen eta berrienek radarrean intestsitate desberdinak aurkezten dituzte.

Artizarreko lurrazalaren arrarotasuna azaltzen duten hainbat hipotesi daude. Hipotesi horietako batek azaltzen duenez, planeta honetako lurrazalak zulo huts txikiak ditu, radarraren datuetan eragina dutenak. Betse hipotesi batek azaltzen du, Artizarreko lurrazala ez dela leuna eta konstante dielektriko oso altua duen material batek estaltzen duela. Beste hipotesi batek dio planeta honetako lurrazalak metro bateko sakonera duen pirita (edo beste material eroale baten) kapa bat duela. Azkenik, azkeneko hipotesiek diote, mineral ferroelektriko bat dagoela lurrazalean, proportzio txikietan.

Aipatu beharra dago azkeneko teoria hau oraindik ez dela frogatu Artizarrean. Zunda berri bat bidali beharko litzake Artizarreko lurrazalera hipotesi hau frogatzeko.

Ur likidoa iraganean

aldatu

NASAren mende dagoen Goddard institutuak eta beste hainbat institutuek adierazi dute Artizarrean ozeano sakon bat egon al izan zela 2.000 milioi urtetan zehar, Lurrekoak duen ur kantitatea izan zezakeela ere esan dute.  Azkeneko ikerketek diotenez, Artizarreko ur likidoa duela 715 milioi urte lurrundu zen. Gaur egun Artizarrean dagoen ur kantitate guztia atmosferan dago, gas egoeran (20 ppm). Venus Express zundak bestalde, azkeneko ikerketetan  erakutsi zuen ur kantitate hau galtzen ari dela planeta honetan, atmosferan dagoen hidrogeno galeraren ondorioz.

Bibliografia

aldatu
  • Surface Modification on Venus as Inferred from Magellan Observations on Plains, egileak: R. E. Ardvison, R. Greeley, M. C. Malin, R. S. Saunders, N. R. Izenberg, J. J. Plaut, E. R. Stofan, eta M. K. Shepard. Geophisics Research 97, 13.303. (1992)
  • The Magellan Imaging Radar Mission to Venus, W. T. K. Johnson da egilea.Proc. IEEE 79, 777. (1991)
  • Planetary Landscapes, 3rd Edition, R. Greeley. Chapman & Hall da egilea. (1994)

Iturriak

aldatu
  • The Face of Venus. The Magellan Radar Mapping Misión, Ladislav E. Roth eta Stephen D. Wall dira egileak. NASA Special Publication, Washington, D.C. 1995ko uztailean (SP-520).
  • "Estrella del atardecer", El Universo, Enciclopedia de la Astronomía y el Espacio, Planeta-De Agostini argitaletxea, 161-167 or. Tomo 1 (1997).
  • Ciencias de la Tierra. Una Introducción a la Geología Física, Edward J. Tarbuck eta Frederick K. Lutgens dira bere egileak. Prentice Hall (1999).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu