Beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «Magma (argipena)»

Magma (grezieraz: μάγμα, "ukendu lodia"), Lurrarren edo beste planeten barneko arroka urtuen masak hartzen duen izena da. Tenperatura handiko nahasketa faseanitza da, osagai likido, gas eta solidoz osaturik dagoena. Bere sorreratik, gainazalean solidotu baino lehenago goraka doan magmari, laba deritzo. Magma hozten denean arroka igneoak sortzen dira.

Kilauea sumendiaren laba

Magma motak

aldatu

Bere konposizioaren arabera, 700 °C baino gutxiagotik 1500 °C baino gehiagorainoko tenperaturak hartzen ditu. Osagai solidoak kristalak eta arroka zatiak izaten dira, likidoen artean gehienbat silikatoak izaten ditu eta gasetan aipagarrienak hidrogenoa, oxigenoa, karbonoa, sufrea eta kloroa dira. Iturri parental baten fusio partzial edo erabatekotik eratzen da mantuaren gainaldea eta lurrazalaren oinarriaren arteko eremuan.

Bere mineral edukiagatik, magma lau talde handitan sailka daiteke:

  • Magma ultramafikoak: SiO2 45% baino gutxiago dutenak dira. 1500 °C-tik gorako tenperatura hartzen du. Dentsitate oso handia eta biskositate oso baxua du. Mantuaren goiko partean hozten da eta peridotitak eratzen ditu.
  • Magma mafikoak: SiO2 %50etik behera dute eta magnesio, burdin eta kaltzioan aberatsak dira. 1300 °C-tik gorako tenperatura hartzen du. Dentsitate handia du eta biskositate baxua. Plaken arteko muga konbergente zein dibergentetan azaleratzen da eta hozterakoan basaltoa eratzen da.
  • Tarteko magmak: SiO2 %60 inguruan izaten dute eta 1000 °C inguruko tenperatura hartzen dute. Biskositatea eta dentsitatea ere tartekoak dira. Hozterakoan andesitak eratzen dituzte.
  • Magma felsikoak: SiO2 %70etik gora dute eta sodio eta potasioan aberatsak dira. Tenperatura ez da 900 °C-ra iristen eta biskositate handia izaten dute. Hozterakoan granitoa eratzen da.

Jario magmatikoa

aldatu

Magma, sakonera handian dagoen iturri parental baten fusio partzialetik eratzen da (lurrazalaren oinarria eta mantuaren gainaldea). Fusio partziala bultzatzen duten faktore nagusiak, honako hauek dira: 1) ur edukia, 2) tenperatura, 3) presioa eta 4) iturri parentalen konposaketa. Faktore hauetatik, batzuk beste batzuen gainetik egongo dira, magma eratzen den giro tektonikoaren arabera: Karibe eta Japonia bezalako subdukzio guneetan, faktore kritikoa, mantuko ur edukia da. Ozeano dortsaletan, Dortsal mesoatlantikoan edo East Pacific Rise delakoan kasu, faktore kritikoa, hedapen ardatzean presio gutxitzea da. Alpeak bezalako talka guneetan, lurrazalaren oinarrian presioaren eta tenperaturaren igotzea da. Itsasoko mendi batzuetan, Hawaii edo Islandia kasu, behe mantuaren oinarritik datozen anomalia termikoek (luma edo puntu beroak) sortutako tenperatura igotzea da.

Arroka igneoak

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Arroka igneo»
 
Arroka igneoa

Magmaren hoztearen emaitza, arroka igneoak dira. Eta hoztearen baldintzen arabera, arrokak, pikor fin edo sendokoak izan daitezke.

Hauek, honela banatzen dira:

  • Arroka intrusiboak: Magmaren hozte motel baten ondorioz eratu direnak dira, sakonean eta, oro har, masa handietan. Arroka plutoniko ere baderitze, eta bere meategiei, dike deritze. Mota hauetako arroka batzuk granitoa, gabroa eta sienita dira.
  • Arroka estrusiboak: Gasa galdu duen magmaren, labaren, hozteagatik eratzen dira, lurreko gainazalean. Mota hauetako arroka batzuk, basaltoa eta erriolita dira.

Kanpo estekak

aldatu