Arnika[1] (Arnica montana) Asteraceae familiako landare iraunkor belarkara da, aspaldidanik erabili izan dena sendabelar modura. Haren gehiegizko erabileragatik, populazioen gutxitze nabaria gertatu zen eta, egun, kaltebera gisa sailkaturik dago EAEko eta Nafarroako espezie mehatxatuen katalogoetan.[2][3]

Arnika
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaAsterales
FamiliaAsteraceae
GeneroaArnica
Espeziea Arnica montana
Datu orokorrak
Gizakiak ateratzen dizkion produktuakarnica flower (en) Itzuli eta arnica oil (en) Itzuli

Deskribapena

aldatu

Landare iraunkor belarkara da, errizomaduna. Hosto-erroseta bat dauka oinaldean, eta 15-60 zentimetro arteko zurtoin tentea. Hosto bakunak, gehienak oinaldeko errosetan, baina zurtoinean ere izan daitezke batzuk, beti aurkakoak. Obobatuak edo oblantzeolatuak dira, pubeszenteak, 6-17 x 2-4 cm-ko neurrikoak.[2]

Metro erdiko zurtoinen puntan kapitulu motako infloreszentzia ederrak sortzen dira, 5-8 cm-ko diametrokoak, lore horiz osatuak. Zurtoin bakoitzean 1-3 kapitulu izan ohi dira, pedunkulu iletsuak dituztenak eta txandakatutako bi braktea lineal. Inbolukruaren brakteak gehienetan bi lerrotan kokaturik daude, eta lantzeolatuak eta belarkarak dira. Errezeptakulua ganbila da, iletsua; haren kanpoaldean lore ligulatu emeak kokatzen dira, eta barnealdean hodi-formako lore hermafroditak. Lore emeak 18-25 x 8-5 mm-koak dira, eta ligulak 2-3 mm-ko 2-3 hortz ditu. Fruituak akenio txikiak dira. 6,5-9 mm-ko saihetsak dituzte, eta korola bezain luzea den kardilauna, oso iletsua. Udan loratzen da, ekainetik abuztura bitartean, eta udazken hasieran heltzen dira fruituak.[2]

Banaketa

aldatu

Banaketa boreo-alpetarra dauka, hau da, mendi garaietan eta oso iparraldera dauden latitudeetan bizi da. Iberiar penintsulari dagokionez, Pirinio mendietan zehar banatuta dago. Euskal Herrian oso bakana da, iparraldeko mendi batzuetan baino ez da hazten, 800 eta 1.700 metro bitarteko garaieran: Entzia, Urkila, Ordunte, Aralar,[2] Mendaur, Belate, Saioa, Artesiaga, Ibañeta eta Larrondon (Belagua).[4]

Ekologia

aldatu
 
Arnica montana

Larre eta txilardietan hazten da, euria eta lainoa nagusi diren substratu silizeoetan, edo garbiketaren ondorioz azidoak diren lurretan. Tenperatura hotz-epelak ditu gustuko, baina ez ditu izozte berantak jasaten.[2]

Erabilera

aldatu

Aspaldidanik erabili izan da sendabelar modura. Helenalina toxina du, pozoitsua izan daitekeena landarea kantitate handitan sabeleratu ezkero; kontaktuak, berriz, azalaren narritadura eragin dezake. Sustraiek timol toxina daukate, fungizida eta kontserbagarri modura erabiltzen dena. Ukenduak egiteko erabiltzen da, bihurrituak eta kontusioak tratatzeko, propietate antiinflamatorioak baititu.[2]

Kontserbazioa

aldatu

Kaltebera gisa sailkaturik dago EAEko eta Nafarroako espezie mehatxatuen katalogoetan. Sendabelar modura bildu izan du jendeak, eta horixe izan liteke egungo mehatxu-egoeraren azalpena. Larreak sortzeko burutzen diren sasi garbitze eta luberritze-lanak ere kaltegarriak dira landare honentzat, haren bizileku diren txilardiak desegiten baitituzte.[2]

Erreferentziak

aldatu
  1. Arnika. Euskalterm Terminologia Banku Publikoa, euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2021-3-15).
  2. a b c d e f g Arnika. Euskalnatura, CC-BY-SA 4.0, euskalnatura.eus (Noiz kontsultatua: 2021-3-15).
  3. 254/2019 Foru Dekretua, urriaren 16koa; honen bidez, Babes Bereziko Basa Espezieen Nafarroako Zerrenda ezartzen da, Nafarroako Florako Espezie Mehatxatuen Katalogo berria ezartzen da eta Nafarroako Faunako Espezie Mehatxatuen Katalogoa eguneratzen da.. 216. aldizkaria - 2019ko urriaren 31, navarra.es (Noiz kontsultatua: 2021-3-15).
  4. Goñi Martinez, Daniel. Arnica montana. gobiernoabierto.navarra.es (Noiz kontsultatua: 2021-3-16).

Kanpo estekak

aldatu