Ireki menu nagusia
Arkaitz Bellon Blanco
Arkaitz Bellon Blanco
Datu pertsonalak
Izen osoa Arkaitz Bellon Blanco
Ezizena Pantxi
Jaio 1978ko urtarrilaren 20a
Euskal Herria Elorrio (Bizkaia)
Hil 2014ko otsailaren 5a
(36 urte)
Espainia Puerto I espetxea, Puerto de Santa Maria (Cadiz, Espainia)

Arkaitz Bellon Blanco, Pantxi (Elorrio, Bizkaia, 1978ko urtarrilaren 20a - Puerto I espetxea, Puerto de Santa Maria, Cadiz, Espainia, 2014ko otsailaren 5a) bere espetxe zigorra bete baino hiru hilabete lehenago hildako presoa izan zen. 2000ko abuztuaren 16an atxilotu zuten Donostian, beste bi lagunekin batera. Han izandako «kale borroka» istiluetan parte hartzea leporatuta, 13 urteko espetxe zigorra ezarri zioten. 2014ko otsailaren 5ean hilik aurkitu zuten, ohean, Puerto I espetxeko ziegan.[1] Espetxean edo espetxealdiaren eraginez hildako 25. euskal preso politikoa izan zen.[2]

Atxiloketa DonostianAldatu

2000ko abuztuaren 15etik 16rako goizaldean istiluak izan ziren Donostiako Aste Nagusian. Izan ere, astebete lehenago, 2000ko abuztuaren 6an, Patxi Rementeria, Ekain Ruiz, Zigor Aranbarri eta Urko Gerrikagoitia ETAko kideak hil ziren Boluetan auto batean bonba bat lehertzean, eta istilu, mobilizazio eta protesta ugari zabaldu ziren Euskal Herrian. Egun horretan Ertzaintzak Arkaitz Bellon, Andoni Zengotitabengoa eta Txomin Lesende elorriarrak atxilotu zituen Donostian elkarrekin auto batean zihoazenean eta istiluetan parte hartzea leporatu zieten. Atxilotuek salatu zuten ertzainek torturatu egin zituztela;[3] eta epaileak hirurak espetxera bidali zituen.

Alcala-MecoAldatu

2001eko maiatzaren 20an Alcala-Mecon espetxeko funtzionarioek xaxatutako preso batzuek Arkaitz Belloni eraso egin ziotela salatu zuen Etxerat elkarteak.[4]

2002ko urtarrilaren 22an kaleratuko ziren fidantza ordainduta eta 15ean behin sinatzera joan beharreko kontrol neurriarekin.

EpaiketaAldatu

2003ko urriaren 7an, Espainiako Auzitegi Nazionalak 13 urte eta 3 hilabeteko espetxe zigorra ezarri zien hiru atxilotuei, irailaren 29 eta 30ean Madrilen epaiketa egin eta gero.[5] Auzitegiak, 2000ko abuztuaren 16an Donostiako kale istiluetan modu generikoan parte hartzea leporatuta, bertan izandako ekintza guztietako erantzule izatea egotzi zien: kutxa-zain automatiko bat, autobus bi eta edukiontzi batzuk erretzea, bai eta Ertzaintzaren patruila bati koktel molotov batzuk botatzea ere.

Iñako Goioaga abokatuak adierazi zuen tribunalaren sententzia «lotsagarria» zela. Esan zuen ez zegoela akusatuak zigortzeko frogarik bat ere eta epaiketan irregulartasun ugari izan zirela: ez zen kale istiluetako kalteen peritu txostenik izan, ez atxilotu zituzten autoan ustez aurkitutako gauzen aktarik... Abokatuak gaineratu zuen epaiketan Ertzaintzak onartu egin zuela egindako atestatuaren helburua ez zela egun hartan gertatutakoa argitzea, baizik eta epaitutako gazteei gertatutakoak leporatzea.[5]

Askatasunak prentsa ohar baten bidez Ertzaintzaren jokaera salatu zuen, txostena Espainiako Auzitegi Nazionalera gazteak zigortzeko asmoz bidaltzeagatik, eta zehaztu zuen kasu honetan fiskalak berak epaiketan bertan gazteak inkriminatzeko inolako frogarik ez zeudela esan arren, ez zuela inolako arazorik izan 15 urteko espetxe zigorra eskatzeko. Ildo horretan esan zuen frogarik gabe, zantzurik gabe eta lekukotasunik gabe zigortu zituztela guztiaren irakurketa politiko batean oinarrituta.[6]

Abokatuak sententzia errekurritu arren, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen Auzitegi Nazionalaren epaia.[7]

Espetxean berriroAldatu

Espainiako Auzitegi Nazionalak sententzia ematearekin batera zigortutako pertsonak atxilotzeko agindua eman zuen sententzia irmoa izan gabe ere. Arkaitz Bellon urriaren 8ko goizeko 02:00etan atxilotu zuen Guardia Zibilak bere etxean; Andoni Zengotitabengoa ez zegoen etxean eta alde egin zuen, eta Txomin Lesenderen bila ere joan ziren baina etxean sartzeko agindurik ez zutenez, sartzeko utzi ez eta hurrengo egunean aurkeztu zen Durangoko auzitegian eta preso eraman zuten. Arkaitz Bellon eta Txomin Lesende Soto del Real espetxean sartu zituzten.

Arkaitz Bellon, hurrengo 13 urteetan, euskal preso politikoei ezartzen zaien sakabanaketa politika aplikatuta, Euskal Herritik oso urruti dauden espetxeetan eduki zuten beti: Valdemoro, Ocaña, Herrera de la Mancha, Algeciras, Puerto III, Sevilla II eta Puerto I. Beti espetxeko erregimen gordinenean eduki zuten, tratamenduko lehenengo graduan, alegia. Tratamendu horrek espetxeko bizimoduaren murrizketa ugari dakartza: aisialdi, kultura, formazio eta kirol jarduerak murriztuta; kontrol zorrotza bere pertsonaren gainean; komunikazio guztien interbentzio eta zentsura; komunikazioen murrizketak; isolamenduko neurriak; gainerako euskal preso politikoetatik bereiztea; presio etengabea bere pentsaera eta printzipio ideologikoak aldatzeko; Espetxeko Zuzendaritzak EPPKren aurka diseinatutako damutze programara makur arazteko...

Egoera horretan euskal preso politikoek bizi izaten duten ohikoak baldintzetan egin zuen espetxeko bizitza: batetik, EPPKren dinamiken barruko protesta eta ekimenak, elkartasun jarduerak, prestakuntza politikoa, espetxe barruko eta kanpokoen harremanak eta, bestetik, funtzionarioen modu bateko eta besteko jazarpenak.

Senideen istripuaAldatu

Arkaitz Bellonen gurasoek eta osaba-izebek auto istripua izan zuten 2007ko abenduaren 28an Herrera de la Manchako kartzelarako bidean. Istripuaren ondorioz, Etxeratek jakinarazi zuenez, «Bellonen amak zerbikaletako zaintiratua izan zuen, eta mina hartu zuen sorbaldan eta lepoan. Bisitaren ostean, Galdakaoko ospitalera joan zen eta lepokoa jarri zioten. Autoan zihoazen gainerako senideek ere gorputza minduta izan zuten istripuaren ondorioz. Autoa, bestalde, nahiko hondatuta geratu zen.»

Etxeratek, bestalde, nabarmendu zuen 2007. urtean 40 senidek izan zutela istripua sakabanaketaren ondorioz, eta, horietako batean, gainera, Unai Gonzalez euskal presoaren amaginarreba, Natividad Junco hil egin zela. Sakabanaketaren eraginen artean, gogora ekarri zuen senideen istripuak presoengan ere duen eragina, arazo horrek espetxeko isolamendua eta bestelako salbuespen egoeraz gain, bisitetara joateko gertatzen diren istripuek estutasun handia eragiten dietelako.[8]

AlgecirasAldatu

2008ko apirilean eraman zuten Bellon Herrera de la Manchatik Algecirasko espetxera. «Observación de conducta» deritzon moduluan sartu zuten. Mota horretako moduluetan gehienez hiru hilabete eduki daiteke presoa.[9]

2008ko ekainaren 11n Askatasunak jakinarazi zuen espetxeko funtzionarioek sekulako jipoia eman ziotela Arkaitz Belloni Algecirasko espetxean. Bi egunez ohe batera loturik izan zuten, biluzik. Eta bigarren jipoi bat ere eman zioten handik gutxira. Horren kariaz Bellonek eta Jabi Abaunza gernikarrak gose eta egarri grebari ekin zioten. Biak gainontzeko euskal presoetatik aparteko modulu batean zeukatela eta protesta horregatik hasi zutela.[10]

2009eko ekainaren 20an Algecirasko euskal preso politikoek jakinarazi zuten garbitasun greba utzi zutela, baina egoerak larria izaten jarraitzen zuela. Aipatu zuten Arkaitz Bellon isolamenduko ziegetan zeukatela eta arazo larriak zituela bertan ziharduen funtzionario talde berezi batekin eta zaintza lanak talde horri egokitzen zitzaizkionean, presoak ez zirela ziegatik atera ere egiten. Astero birritan izaten zen hori. Funtzionario talde hori zuzendaritzaren babespean ari zela zioten eta isolamenduko moduluan jipoiak eta jipoiak ematen zihardutela. Esaten zuten, «horrelako saioek sortzen dituzten garrasiak isolamenduko galeria guztian entzuten ziren», eta ziega horietako oheak egokituta zeudela presoak oinetatik, gerritik eta eskuetatik burdinazko egituran kateatzeko. 2009ko apirilean, bertan zeuzkaten Arkaitz Bellon eta Jorge Gonzalez euskal presoak ia berriro jipoitu zituztela ohartarazi zuten. Horri aurre egin ahal izateko hartutako jarrera kolektiboari buruz hauxe esaten zuten: «Gogorra eta luzea izan da, baina ez dugu beste aukerarik izan borrokatzea baino».[11]

Puerto IIIAldatu

2009ko urrian Puerto III espetxera eraman zuten Arkaitz. Bertara eraman zutenetik bakartuta eduki zuten. 2010eko maiatzean bertako kartzelako zaindariek gogor jipoitu zuten, eta jipoitu ondoren komunikaziorik gabe ere utzi zuten. Espetxeko gizarte laguntzaileak deitu zuen Arkaitzen gurasoen etxera, bisitara ez joateko esanez, Arkaitzek komunikazio guztiak etenda zituela. Hurrengo egunean etxera deitzeko aukera izan zuen eta gurasoei jipoiaren berri eman zien telefonoz.[9]

2011ko azaroan Arkaitz Bellon eta Sebas Lasak aste bateko gose greba egin zuten, gimnasiora sartzen utzi ez eta funtzionario batekin izandako eztabaidaren ondorioz, bakartu egin zituztelako. Funtzionarioaren jarrera «autoritarioa eta inposatzailea» salatzeko, Bellon eta Lasaren kideek bi eguneko gose greba ere egin zuten [12].

2012ko otsaileko hilabetekarian Etxeratek jakinarazi zuen Puerto III espetxean ziren euskal preso politikoek eta GRAPOko kide batek asteazkenero gose greba egiten zutela Sebastian Lasaren eta Arkaitz Bellonen isolamendu egoera salatzeko. Ildo beretik, esan zuten Puerto III espetxean egoera gero eta gogorragoa zela; bai presoei zegokienez, bai bisitan joandako senideei zegokienez [13].

Otsailean bertan Arkaitz Bellon Puerto III-tik Sevilla II-ra eraman zuten.

Sevilla IIAldatu

2013ko martxoaren 25ean Sevilla II espetxean ere gogor jipoitu eta isolatu egin zuten Arkaitz Bellon. Etxeratek jakinarazi zuenez, bertan zeuden euskal preso politikoak itxialdi bat burutzen ari ziren euren ziegetan, Xabier Aranburuk Muret Seyssesen bizi behar izan zuen egoera salatzeko. Egoera hori aprobetxatuz, funtzionarioak Arkaitz Bellonen ziegan sartu ziren eta miaketa oso zorrotza egin zioten. Bera ere miatu zuten, ukimenezko miaketa zorrotz bat egin nahi zioten. Eta honen aurrean planto egitea erabaki zuen Bellonek. Bellon ukatzean, funtzionarioek izugarrizko jipoia eman zioten eta isolamendura eraman zuten. Gertaera honen aurrean, bertan zeuden beste euskal preso politikoek gose greba bat hastea erabaki zuten. Batetik, bere kideek ez zekitelako Belloni buruzko ezer eta bestetik egoera salatzeko. Gainera, zuzendari ordearekin ere bildu ziren egoera salatu eta azalpenak eskatzeko.[14] Hurrengo egunean, baina, gose greba bertan behera utzi zuten, Arkaitz berriro modulura eraman zutenean.[15] Dena dela, apirilean Puerto I-era eraman zuten.

Puerto IAldatu

2014ko otsailaren 5ean zabaldu zen Arkaitzen heriotzaren berria.[1] Puerto I espetxeko iturrien arabera, arratsaldeko 17:00etan, bazkalondoko atsedenaldiaren ondoren ohiko zenbaketa egitera joan zirenean, ohean etzanda zegoela ikusi zuten espetxezainek. Deiei erantzuten ez ziela ikusirik, espetxezainak ziegan sartu eta astindu egin zuen. Inolako erreakziorik izan ez zuenez, espetxekoa medikuari deitu zioten, eta hark heriotza zantzuak ikusirik larrialdi zerbitzuei hots egin zien. ZIU mugikorreko medikuak Arkaitzen heriotza baieztatu zuen.[3]

Cadizko Auzi Klinikan egin zioten lehen autopsia, senideen konfiantzazko medikurik gabe, haiek konfiantzazko medikuak autopsian egon zitezela eskatua zuten arren. Senideen protestaren ondoren, beste azterketa bat egitea onartu zuen auzitegiak, eta ostiralean egin zioten, klinika berean, senideen konfiantzazko medikuak auzi medikuekin zirela. Autopsiak eta konfiantzazko medikuek, bertako auzitegi medikuekin batera egindako azterketetan jasotako ondorioek bat egiten dute. Horien arabera, eta behin behineko txostenean ageri denez, heriotza bihotz jatorriko birika edema akutu batek ekarri zuen.[3]

Maiatzean kaleratzekoa zen, espetxe zigorra osorik beteta. Espetxealdi guztia lehen graduan egin zuen, gehiena isolamenduan, bizitzeko baldintza txarrenetan eta beti Euskal Herritik oso urruti dauden kartzeletan.

Bellon bat-batean eta berez hil zela ondorioztatu zuten bi autopsien atariko emaitzek.[16] Etxerat-ek esan zuen Elorrioko presoaren heriotzan eragin zuzena izan dutela kartzelan hamahiru urteotan jasan dituen bizi-baldintzek.

Espetxeko agintariek ez zieten utzi Bellonekin batera modulu berean zeuden euskal preso politikoei haren gorpua ikusten, Jokin Zelarainek bere familiakoei jakinarazi zienez. Funtzionarioek aulki batean atera bide zuten ziegatik eta haren ondasunak jasotzera joan ziren Arakaitzen kideak, familiari entregatzeko.

ErantzuleakAldatu

Espainiako agintariek bere heriotza «naturala» izan zela nabarmendu zuten. Hala ere, gizarte eragile eta pertsona ugarik espetxe politikari eta haren bultzatzaileei egotzi zieten Arkaitz Bellonen heriotza. Espainiako Gobernuak hala ere argi esan zuen ez zuela espetxe politika aldatzeko asmorik, ez ETA disolbatu artean behintzat, espetxe politika politika antiterroristaren baitan kokatuz. Ildo horretatik, Espainiako komunikabideetan Arkaitz Bellon ETAko kide gisa etiketatu zuten, nolabait sakabanaketa horretan oinarrituta dagoela azpimarratuz, Bellon ETAkoa inoiz izan ez bazen ere.[16]

Etxeratek, espetxealdian Bellonek jasandako egoera nabarmenduta, hau adierazi zuen: «Espetxea ikaragarrizko baldintza gogorretan pairatu du. Atxiloketa unean salatutako torturei estatu espainiarreko espetxe gogorrenetan pasatutako urteak gehitu behar zaizkio, Herrera de la Mancha, Puerto III, Sevilla eta Puerto I. Espetxe hauetan jipoiak jasan zituen, gutxienez lau aldiz eta, espetxe erregimen gogorrenak parairatu ditu gainera. Sakabanaketaren ondorioz, 2008an Herrera de la Manchara bisitan zihoazen bere senideek istripu izan zuten». Era berean, zigorraren bi herenak beteta izanik kalean izan behar zuela adierazi zuen, eta zigorra ia osoa beteta zuenean oraindik lehen graduan jarraitzen zuela.[17] Ildo horretan, 2013ko otsailaren 11ko prentsaurrekoan hauxe esan zuen: «Etxeraten argi daukagu zertara zuzendua dagoen gure senideei aplikatzen zaien salbuespeneko espetxe politika hau... preso dagoen pertsonaren erabateko suntsipen eta deuseztapenera, fisiko zein psikologikoki, horretarako edozein neurri baliagarri delarik. Ez dugu ahaztu behar, hau instituzio publiko batek egiten duenean, nazioartean erabiltzen den tortura kontzeptuaren pean sartzen dela. Inongo zalantzarik gabe ondorioztatu dezakegu beraz, 13 urte hauetan Arkaitzek jaso izan duen tratu bidegabe eta bortitzak, zuzeneko eragina izan duela zorigaiztoko amaiera honetan, arrisku aldagai bat baino haratago, erabakigarria izan da.»[3]

EPPKk plazaratutako agiri batean Estatuen estrategia politiko eta errepresiboaren ondorioz hil zela salatu zuen.[18]

Miren Arana medikua aritu zen Arkaitz Bellon Blancoren kasuaren gainean lanean familiak izendatuta. Honek hauxe esan zuen: «Espetxeko bizi baldintzek sekula ez dute presoaren osasunaren alde egiten. Zenbait aldagaiek gainera eragin zuzena dute maila honetan; behar bezalako osasun asistentzia ezak, tentsio eta estres egoera iraunkorrek, elikadura guztiz desegokiak, ariketa fisikoa garatzeko mugek, benetako atsedenerako aukera ezak.. guzti honek, presoaren osasun egoeran eragin zuzena dauka.»[3]

Elorrion egindako manifestazioan haren lagunak hartu zuten hitza: «Zure heriotza ez da batere naturala izan, espetxe politika hau ez delako batere naturala. Espetxe politika honek hil zaitu». Duela hamazazpi urte Jose Mari Aranzamendi Katxue ere kartzelan hil zela gogoratu dute. «Politika anker honek hil zuen», esan zuten. Otsailaren 11ko prentsaurrekoan ere, honela esan zuten: «13 urte luze hauetan erail baitute krudelkeria neurtu eta sistematizatu baten bitartez».[3]

EAJko legebiltzarkide Joseba Egibarrek zera esan zuen: «Autopsiatik harago, beharrezkoa da argitzea zein egoeratan gertatu den heriotza eta aurretik artatu ote zuten». Espetxe politika «errotik» aldatzeko eskatu zion Espainiako Gobernuari.[19]

Abokatuen Nazioarteko Elkarteak Arkaitz Bellon presoaren heriotza «erabat argitzeko» eskatu zion Espainiako Espetxe Zaintzari [19].

Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko ordezkariek orri bana zabaldu zuten osoko bilkuran, presoen sakabanaketa politika salatzeko. «Espetxe politikak hil egiten du. Sakabanaketari ez» zioen. Ondoren, Belen Arrondo koalizioko legebiltzarkideak hitza hartzean, elkartasuna adierazi dio Arkaitz Bellonen familiari.[19]

Ernai gazte antolakundeak ere gogor salatu zuen Arkaitz Bellonen heriotza: «Gogor salatzen dugu Espainiako zein Frantziako estatuek darabilten mendekuan oinarritutako espetxe politikaren atzaparretan izandako hilketa hau, urtebeteren buruan hirugarrena».[19]

Egiari Zor fundazioak elkartasuna adierazi zion Bellonen familiari eta sakabanaketa amaitzea exijitu zuen: «Heriotza, mina eta sufrimendu itzela sortzen duen espetxe politika krudel hau behingoz amaitzeko exijitzen dugu».[19]

Sare sozialetan ere, Bellonen heriotzak oso erreakzio zabala eragin zuen.[20] Besteak beste, Mikel Antzaren lanaren aipu hau zerabilten: «Auzi medikuak besterik esango badu ere, aztertu ezazue ondo nire gorpua. Nire heriotzaren erantzuleen izenak ditu gorderik bere baitan».[21]

Mobilizazioak Euskal HerrianAldatu

Mobilizazio eta protesta ugari egin ziren Euskal Herrian, eta guztietan euskal preso politikoen sakabanaketa amaitzeko eskatu zen. Milaka pertsona elkartu ziren Elorrion, azken agurra ematera.[22]

Bestela ere, Elorrioko Batzokiaren alboko paretan «PP hiltzaile, PNV laguntzaile» pintatu zuten letra gorriz. Amurrioko PPren egoitzan «Asesinos» pintatu eta hango aldean Arakitz Bellonen argazkia zeraman panpina pintura gorriz bustia utzi zuten.[23]

Jose Maria Aranzamendi KatxueAldatu

Arkaitz Bellon otsailaren 5ean hiltzeak gogora ekarri zuen Jose Maria Aranzamendi Katxue elorriarra 17 urte lehenago 1994ko otsailaren 6an Alcala-Meco espetxean hil izana. Katxue urkatuta aurkitu zuten Alcala Mecoko (Madril) ziega batean eta haien lagunek hura era kartzelak hil zuela esan zuten: «Sakabanaketa izan zen errudun nagusiena Katxueren heriotzan. Behin gertatuta, ikusten duzu zein ondo dagoen eratuta sistema guztia pertsona batek krak egiteko. Esan daiteke, bere eskuzabaltasunean, ez zela gai izan egoera gainditzeko eta ez etsitzeko».[24]


ErreferentziakAldatu

  1. a b «Arkaitz Bellon Elorrioko presoa hilik aurkitu dute Puerto I espetxeko ziegan», Berria, 2014-02-06.
  2. «Espetxeak hildakoak»
  3. a b c d e f «13 urte luze hauetan erail dute krudelkeria neurtu eta sistematizatu baten bidez», Berria, 2014-02-11.
  4. (Gaztelaniaz) «Agresiones a presos vascos por parte de Funcionarios de Prisiones».
  5. a b (Gaztelaniaz) «Penas de 13 años y órdenes de arresto para tres jóvenes juzgados por "kale borroka"», Gara, 2003-10-08. Albistea, Rebelion.org webgunean eskuragarri.
  6. «Arkaitz Bellon atxilotu eta espetxeratu dute», Berria, 2003-10-08.
  7. «Auzitegi Gorenak 13 urteko zigorra ezarri die kale borroka delitua leporatutako hiru gazteri», Berria, 2004-06-24.
  8. «Arkaitz Bellon presoaren senideek istripua izan dute kartzelarako bidean zirela», Berria, 2008-01-02.
  9. a b «Arkaitz Bellón preso politikoa jipoitua izan da Puerto III espetxean», Etxerat.
  10. «Juan Carlos Subijanak utzi egin du maiatzaren 19an hasitako gose greba», Berria 2008-06-11.
  11. «Algecirasko presoek utzi egin dute apirilaren 29an hasi zuten garbitasun greba», Berria, 2009-05-20.
  12. Etxerat Bilboko kaleetan izango da urtarrilaren 7an Berria, 2011.11.29
  13. Etxerat Etxerat elkartearen hilabetekaria Etxerat 2011ko otsaila
  14. «Sevillan dauden euskal preso politikoak gose greban, Bellonek jasotako jipoi baten ostean» Etxerat.
  15. «Sevillan dauden euskal preso politikoek gose greba amaitutzat eman dute» Etxerat.
  16. a b «Bellon bat-batean eta berez hil zela diote bi autopsien atariko emaitzek», Berria, 2014-02-08.
  17. «Etxerat elkarteak Arkaitz Bellonen heriotzaren inguruko zehaztasunak argitzea exijitzen du», Etxerat.
  18. «EPPK: "Estatuen estrategia politiko eta errepresiboaren ondorioz hil zara"», Berria, 2014-02-09.
  19. a b c d e «Erreakzioak. Bellonen heriotza ikertzeko eskatu dio EAJk Espainiako Gobernuari», Berria, 2014-02-06. Aipuaren errorea: Invalid <ref> tag; name "BerriaErreakzioak" defined multiple times with different content
  20. #ArkaitzBellon, Twitter.
  21. Mikel Antza: , Ataramiñe.
  22. «Oihua zeraman isiltasuna», Berria, 2014-02-09.
  23. (Gaztelaniaz) «Sabotean el batzoki de Elorrio», Noticias de Gipuzkoa, 2014-02-09.
  24. «Saminak ez ditu 'garai berriak' ulertzen», Berria, 2014-02-09.

Kanpo estekakAldatu