Amale Arzelus
Amale Arzelus Arrieta (Donostia, Gipuzkoa, 1924ko otsailaren 19a – 2015eko irailaren 28a) euskaltzalea eta irrati esataria izan zen. Irratiz euskaraz aritu zen lehen emakumea izan zen.[1]
Amale Arzelus | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Donostia, 1924ko otsailaren 19a |
Herrialdea | ![]() |
Heriotza | Donostia, 2015eko irailaren 28a (91 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | irrati-esataria eta esataria |
Kidetza | Euskerazaintza |
Biografia
aldatu1924an otsailaren 19an jaio zen Donostian, Ander Arzelus Luzearren eta Amalia Arrietaren sendian. Hiru anai-arreba izan zituen: Itziar, Ander eta Iñaki. Txurruka kaleko Arantzazuko Amako ikastolan ikasi zuen. Txikitatik, bere aitaren eskutik, euskararen aldeko lanetan aritu zen, bai euskal irratian, bai antzezlanetan (Neskamearen marmarrak antzerkitxoa berak antzezteko idatzi zuen bere aita Luzearrek). Bere amak ez zekien euskaraz. 1932ko martxoaren 2an euskarazko lehen irratsaioa egin zuten Luzearrek eta Joseba Zubimendik, Donostiako Union Radio irratian. Arzelus, 8 urte besterik ez zituela, irratian euskaraz aritu den lehen emakumea bihurtu zen. Euskara zabaltzeko helburuarekin egiten zuten. Aitak idatzitako bakarrizketa, antzezlan eta hitzaldien esatari izan zen Arzelus, garaiko euskal kulturaren izen handien artean. Euskarazko klaseak ere eman zituzten, Luzearrek irakaslearen rola hartuz eta Arzelus, ordea, ikaslearena Haiengandik ikasitako euskararekiko maitasunari eutsi zion bizitza osoan; poxpolinetan antzezle, irratian esatari, andereño eta Euskarazaintzako kide gisa, nagusiki.[3]
Irratsaio hartan, mikroaren aurrean pasa ziren, besteak beste, Xabier Lizardi, Aitzol, Telesforo Monzon, Emeterio Arrese, Orixe, Toribio Alzaga, Elbira Zipitria, Tomas Garbizu, Jean Lafite... Orduko prentsak, ordea, izartzat Arzalus jotzen zuen.[4][5]
1936ko Gerra Zibilean, Bilbotik igaro ondoren Ipar Euskal Herrira, Azkainera joan zen sendi osoarekin, aita izan ezik, hau Santoñan preso hartu baitzuten, eta 1944 arte kartzelaturik izan zen, lehendabizi El Dueso, gero Larrinagan eta azken 5 urte Burgosko Penalean, 2 urtez heriotz zigor pean.
1940 aldera, Iparraldetik Donostiara bueltatu ziren, bertan lanean hasi behar izan zuen, "Gráficas Fides" inprimategian diru laguntza etxeratzeko, bere ahizpa eta nebek ikasketak jarrai zezaketen, bera baitzen sendiko zaharrena aita kartzelan jarraitzen zuenez.
1943 aita kartzelatik irten ondoren, Madrilera joan behar izan zuen, derrigorrez atzerriratuta izan bai zen, baina 1944ean Donostira joan ahal izan zuten berriro. Bertan bere aitaren zuzendaritzapean antzezlanetan ere jarraitu zuen, 1946an aita berriro Frantzian errefuxiatu behar izan zuen arte. Garai hartan frantsesa erakusten ere jardun zen, inprimategian lanean jarraitu arren.
1948an, Elbira Zipitriarekin batera, Elbira beraren eskaera jarraituaz, etxe-ikastola klandestinoak sortu zituzten, hasieran Donostian, bakoitzak bere etxean.[6] Urte berean Andoni Zinkunegirekin ezkondu zen eta urtebete geroago haien 9 seme-alabetako lehen semea jaio zen, Ander.
Horretan jarraitu zuen 1968 urtera arte haur-ikastolekin hauek "legeztatuak" izan ziren artean, eta ordutik aurrera adinekoei irakasten jarraitu zuen beste urte askoan.
Euskerazaintzako kide izan zen sortu zenetik bere azken eguneraino. Beste elkarte bat ere sortu zuten euskerazale batzuen artean, besteak beste, "Arbasoen izkuntza zaleak" izenarekin. Bertan euskalkien aldekoak ziren eta ez zuten garaiko euskara batuak zeraman bidea onartzen, batua horretan erdelkeri gehiegi ikusten baitzuten, nahiz eta euskara batzea beharrezkoa zela onartu.
9 biloba izan zituen eta haiengandik bost birbiloba ere ezagutu zituen.
2015eko irailaren 28an, 91 urte zituela, hil zen.
Erreferentziak
aldatu- ↑ «Amale Arzelus | Euskaraz aritu zen lehen emakume esataria» EITB (Noiz kontsultatua: 2024-02-15).
- ↑ .
- ↑ «Amale Arzelus: “Aitarengandik jaso nuen euskararekiko maitasuna”», Irutxuloko Hitza, 2012-02-28.
- ↑ Urtzi Urkizu: «Euskarazko lehen irratsaioa aireratu zela 80 urte beteko dira gaur», Berria, 2012-03-02.
- ↑ Koldo Ordozgoiti Juanenea: «Euskara hegaz: euskal irratiak 80 urte»], Euskonews & Media, 615. zenbakia, 2012-03-02.
- ↑ https://www.argia.eus/efemerideen-kanala/amale-arzelus-jaio-zen-donostian-irratian-euskaraz-aritu-zen-lehen-emakumea
Kanpo estekak
aldatu- Amale Arzelusen biografia Ahotsak.com webgunean.
- Amale Arzelusekin elkarrizketa Ahotsak.com webgunean.