Akademia
- Artikulu hau ikerketa eta irakaskuntza erakundeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Akademia (argipena)».
Akademia, oro har, goi mailako irakaskuntza eta ikerketa egiten duten erakunde eta pertsona adituen multzoari deritzo. Aldi berean, jakintza arlo bateko adituek osatutako elkarte eta ikastegi zenbaiten izena ere bada.[1]
"Diziplina akademikoak", bestetik, unibertsitate-eremuan ikertzen eta irakasten diren jakintza-arloei deitzen zaie.
Kontzeptuaren garapen desberdinak
aldatuPlatonek Atenas inguruan zuen filosofi eskolatik eratorria, irakaskuntzari eta jakintzari lotuta egon da beti akademia hitza. Bi ildo segitu ditu horrek historian zehar: ikastetxearena, batez ere goi-eskolarena, bata; eta jakitunen arteko elkartearena eta erakundearena, bestea.[1]
Ptolomeo I.ak antzinatean Alexandrian eraikitako goi-eskolari horrela deitu zion. Iberiar penintsulako kalifek eta Karlomagnok ere beren akademiak eraiki zituzten. Kalbindarrek akademia berriak eraiki zituzten Frantzian, Suitzan eta Holandan. Erdi Arotik XVIII. mendera arte nolabait unibertsitatearen antzeko irakaskuntza-erakunde zabala adierazi zuen. Azken mende horretan zabaldu zen erabat unibertsitate hitza, jakintza ezberdinak irakasten dituen goi-eskola adierazteko. Aldi berean, espezialitateko goi-eskolak sortu ziren, akademia izenekoak: musikakoak, artekoak, militarrak. Horrelakoen artean aipatzekoa da 1915ean Donostian sorturiko Euskal Izkera ta Iztunde Ikastola, euskal antzerkiaren garapenean eragin handia izan zuena. Goi-mailakoen irudira maila apalagoko ikastetxeak, beti alor jakin batean berezituak, zabaldu ziren: dantza-akademiak, musika-akademiak, ileapainketako akademiak, eta bereziki hizkuntzak irakasteko eskolak edo akademiak.[1]
Europako Erdi Aroaren azken aldera bestelako akademiak eratzen hasi ziren, Italian hasita. Jakintza klasikoen, literaturaren eta arteen azterketa, ikasketa eta garapenerako jakitunen lagunarteak dira horiek, gutxi-asko ofizializatuak edo mezenasen baten babespekoak. Aurrenetarikoa Kosme I.a Medicik eraikitako Florentziako Akademia Platonikoa izan zen (1442); baina Errenazimentuko horrelako akademiarik ezagunena Accademia della Crusca izan zen, 1582an sortua. Horrelakoen irudira sortu zen 1959an hainbat euskal kultur jenderen arteko taldea, 1962tik aurrera Akademia Erraria izena hartu zuena.[1]
Horien ondorengotzat jo daitezke Aro Modernoan edonon ugaritu diren alor berezietako akademiak, normalean babes ofizialekoak, eta itzal berezia eta beren alorrean irizpide eta arauak emateko nolabaiteko eskumena aitortzen zaiena. Horrela sortu ziren Frantzian Pintura- eta Eskultura-Akademia (1665), Zientzien Akademia (1666), Musika-Akademia (1669), Arkitektura-Akademia (1671); Espainiako horrelako akademiak geroagokoak dira: Historiaren Akademia (1735), San Fernando Arte Ederretako Akademia (1744). Horrelako akademiek bazuten zentzu nazionalik, eta estatu-nazioen finkatzearekin batera eraiki ziren. Halaber, XVIII. mendean sortu ziren zientzien akademiak Europako hainbat estatutan; eta XIX. eta XX. mendeetan zabalduz, berrantolatuz eta indartuz joan ziren. Azken motako akademien artean hizkuntzaren akademiek aipamen berezia merezi dute. Italiako Accademia della Crusca horien aitzindaritzat har baldin badaiteke ere, Richelieuk eraikitako Frantses Akademia (1634), frantses hizkuntzaren eta literaturaren babeserako eta hizkuntza arautzeko estatutu guztiz zehatzekin sorturikoa izan zen ondorengo beste hainbaten eredu. Real Academia Española 1713koa da. Horien irudira sortu zen Euskaltzaindia edo euskararen akademia (1918), Hego Euskal Herriko lau Diputazioen babesean.[1]