Euskal Izkera ta Iztunde Ikastola

Euskal Iztundea (gaztelaniaz: Academia de Declamación Vasca, egungo euskaran: Euskal Deklamazio Akademia) Donostiako Udalak sortutako antzerki ekimena izan zen. Erakunde honi esker euskal antzerkiak indar handia hartu zuen. Erakunde publikoa zen, eta katedra eskuratzeko deialdi irekia egin zen; postu hori Toribio Altzaga idazleak eskuratu zuen. Euskal Iztundeak praktikan antzerki-taldetzat funtzionatu zuen, eta antzezlan asko taularatu zituen Gipuzkoan, Bizkaian, Nafarroa Garaian eta, behin, Lapurdin.

Toribio Altzaga eta bere taldea.
Katalina Eleizegik Euskal Iztundean lan egin zuen.
Loreti lanaren antzezpena.
Maria Dolores Agirre.

Historia

aldatu

Lehen garaia (1915-1936)

aldatu

1915ean, Donostian, antzerkigintza berpiztuko zuen Euskal Iztundea jaio zen. Ekimena Donostiako Udalatik sortu zen. Udalak lehendabizi Antzerkirako Batzorde Laguntzailea sortu zuen. Abelino Barriolak, zinegotzia eta idazlea, txosten bat prestatu zuen eta, haren ondorioz, Euskal Deklamazioaren Udal Katedra sortzea erabaki zen. Antzerki eskola baten modukoa izango zen Euskal Iztundea, baina hori baino gehiago ere izan zen: antzerkiaren inguruan zebilen jendearen bilgunea, baita obrak sortzekoa, entseguak egitekoa...

Iztundea zuzentzeko katedra lortzen lehena Toribio Altzaga (1861-1941) izan zen; hainbat motatako testuez gain, batez ere antzerki lanak idatzi zituen (osorik euskaraz idatzitako lehena, Aterako gera (1888)). Altzagak haren katedra Donostiako Udal Musikaren Akademian kokatu zuen eta lehen urterako lan hauek zituen haren errepertorioan: Lagun txar bat eta Gai dagoenaren indarra, biak Barriolakoak, Dollorna eta Atzertokiya, Jose Elizondokoak, Barrenen arra, Martzelino Soroakoa, Mikelatxo Jose Ganboarena, eta Bernaiñoren Larriyak, Axentxi ta Kontxesi, biak Altzagarenak.[1]

Euskal Iztundeak sustatutako lanak Donostia eta Gipuzkoa osora hedatu ziren, baita Bizkaira ere gero, Resurrecion Maria Azkueren eskutik. Hogeita bi urtetan 51 antzezlan desberdinak prestatu zituzten, tartean arrakasta handia izan zuten Pierre Lotiren eleberrian oinarritutako Ramuntxo, Katalina Eleizegiren Garbiñe eta Ezer ez ta festa. Taldearen errepertorioko lanak gehien batean komediak ziren baina baziren ere drama batzuk.[2]

Altzaga euskal antzerkiaren maila altxatzen saiatu zen. Horrela ulertu behar da, esaterako, 1925ean prestatu zuen William Shakespeareren Macbeth lanaren bertsioa, Irritza izenburuarekin. Altzagararen bertsioan antzezlanak hiru ekintza zituen, bosten ordez, eta, orokorrean, lana erraztu zen. Zoritxarrez, garaiko publikoa oraindik ez zegoen prestatuta.

1936ko gerra osteko urteetan, frankistek Euskal Iztundea itxiarazi zuten, eta Altzaga Ondarretan kartzelan sartu.[3]

Bigarren garaia (1953-1981)

aldatu

Gerra ondoren, 1953tik 1981era, bigarren garai bat ezagutu zuen erakundeak. Euskal Izkera ta Iztunde Ikastolak berriro ateak ireki zituenean Maria Doloresek hartu zuen bertako ardura 1973an jubilatu zen arte. Urte haietan Euskal Izkera ta Iztunde Ikastolak gerraurrean Toribio Altzagak jorratu zuen bideari ekin zion eta bi egitarau nagusi landu zituen: alde batetik euskara irakastea eta bestetik urtero antzerki emanaldi bat antolatzea Antzoki Zaharrean Santo Tomas egunean eta San Sebastian egunez ere egin ohi zituzten.

Maria Dolores Agirrek (1903-1997), euskaltzale sutsua, Altzagaren bidea jarraitu zuen talde berria antolatu zuen. Talde hori, Agirre antzezle nagusia zelarik, euskal antzerkiaren historian gehien iraun zuena izan zen. Bigarren aldi horretan, lehen aipatu dugun Pierre Lotiren eleberrian oinarritutako Ramuntxo lanarekin hasi zen bere ibilbide oparoa, 1953ko abenduaren 21ean, Donostiako Kursaal zaharrean. Euskal Iztundeak antzerki ugari egin zuen, batik bat 50 eta 60ko hamarkadetan, 92 emankizunetan 33 antzezlan ezberdin jokatzera helduz.

Antzezpenak ez ziren Donostian soilik eman, Bergara, Zarautz, Tolosa, Bilbo, Azpeitia, Irun, Elizondo, Andoain eta Hernanira ere iritsi ziren. José Monleónen[4], Espainiako antzerki-kritikari ospetsuaren hitzak baliatuz, egileak ikusita, Eskuinaren Antzerkia ote zen pentsa dezakegu, Alejandro Casonaren moldaketak ez ziren falta eta, Txalupak jaberik ez kasu. Bestelako moldaketarik ere bazen ordea, adibidez Molière, Gheon, Pierre Loti, Tagore, García Lorca, Antonio Buero Vallejo, Pio Baroja eta Arturo Campionenak; eta egile tradizionalen lanak, besteak beste, Soroa, Alzaga eta Abelino Barriola, edo Antonio Maria Labaien, Agustin Anabitarte, Piarres Lartzabal, Jazinto Karraskedo, Frantzisko Arostegi eta Telesforo Monzon berrienak. Hortaz, eta egoerari begira, Erresistentziaren Antzerkia zela esan daiteke, eta egoera gaitz hartan biziraute hutsa arrakasta handia izan zen. Gainera, euskarari eusteko lantegian ekarpen nahikoa positiboa egin zuen.[5]

Bizitza osoan zehar 33 antzerki-obra eta 100 antzezemanaldi eskaini izan omen zituen. Besteak beste:

  • 1949: Aukeraren maukera, azkenian... okerra (bakarrizketa) Maria Dolores Agirre;
  • 1953: Ramuntxo, Toribio Altzaga; 1958: Lourdesko lorea, Henry Gheon;
  • 1958: Au dek maltzurkeria! Maria Dolores Agirre;
  • 1962: Amal, Rabindranath Tagore;
  • 1963: Txalupak jaberik ez, Alejandro Casona;
  • 1965: Oriko txoria orin, F. Lozano;
  • 1966: Txapela bete euri, M.V. Gazzo;
  • 1967: Irugarren itza, Alejandro Casona;
  • 1968: Iturri-agor, Federico García Lorca;
  • 1968: Etzan ate joka etorri, J.C. Sotelo;
  • 1968: Iturriko urretxindorrak, Federico García Lorca;
  • 1970: Beste ertza, Jose Luis Lopez Rubio;
  • 1971: Iparragirre, J. Guerreiro Urresti;
  • 1973: Illunpe gorritan, Antonio Buero Vallejo;
  • 1979: Altzateko jaun, Pio Baroja, Felipe Yurramendirekin batera itzulia[6]
  • 1979: Ilargian ere euskaraz, Jose Luis Muñoyerro, itzulpena eta marrazkiak Maritxu Urreta.

Laguntzaileen artean Joxe Mari Etxebeste nabarmenduko zen, gerora Euskal Izkera ta Iztundean antzerkiaren arduraduna izango zena eta Eusko Jaurlaritzak 1983an Antzerti sortu zuenean lehen zuzendaria izan zen. Etxebesterekin batera Felipe Yurramendik euskarazko eskolen ardura hartu zuen.

Bibliografia

aldatu
  • Patri Urkizu: "Teatro vasco", Teatro y cine vasco liburuan. Lasarte-Oria: Etor-Ostoa, 2002. 8-54-55 or.

Erreferentziak

aldatu
  1. Patri Urkizu: "Teatro vasco", Teatro y cine vasco liburuan. Lasarte-Oria: Etor-Ostoa, 2002. 8-55 or.
  2. Patri Urkizu: 8-55 or.
  3. Ainhoa Sarasola, «Mendeurrenak albiste izango dira 2015ean», Berria 2015-01-02
  4. Antonio M. Labaien: Teatrogintza eta yakintza. Itxaropena (Zarautz, 1973).
  5. https://books.google.es/books?id=4IBSDwAAQBAJ&pg=PA288&lpg=PA288&dq=Euskal+iztundea&source=bl&ots=rJjHzPkGuY&sig=ACfU3U2wJWw8F3QT_NWZNpoldKYkQXKZqA&hl=fr&sa=X&ved=2ahUKEwjB6fXe6ZHmAhUNtRoKHRg5DKgQ6AEwBnoECAoQAQ#v=onepage&q=Euskal%20iztundea&f=false
  6. «Maria Dolores Agirre» www.susa-literatura.eus (Noiz kontsultatua: 2023-01-19).

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu
  • Idoia Gereñu Euskal Iztundeaz eta Espainiako Errepublikaren garaiko antzerkiaz hitz egiten.