7 Eskale edo Zazpi Eskale, Unai Iturriagak, Josu Zabala Ajuriagerrak eta Igor Elortzak, 1994ean sortutako musika taldea da. Basauriko Trintxera elkartean elkartu ziren lehen aldiz hiru lagun hauek eta beste hiru musikariren laguntzaz, pobreziaren aurkako astean emanaldi bat burutu zuten. Emaitza ona irten zela ikusita, taldea osatzea erabaki zuten zazpigarren pertsona batekin eta horrela sortu zen 7 Eskale. Horrela, Euskal Herri osoan zehar kontzertuak ematen hasi ziren AEKren laguntzaz.

7 Eskale
Datuak
Urteak1994 - 1998
Taldekideak
Unai Iturriaga
Igor Elortza
Josu Zabala Ajuriagerra
Javi Sagarna
Ricardo Muinos
Iñigo Larragoiti
Aitor Astigarraga

1995eko Urtarrilaren 20an, Berrizko Lorentzo Records estudioetan sartu ziren beraien lehen diska grabatzeko (Bertso berriak pobreziari jarriak). Disko honetan, musikari askoren laguntza izan zuten. Hala nola, Balerdi Balerdi taldeko kideak, Karlos Agirreurreta "Mahoma" edota Bixente Martinez bezalako musikariek hartu zuten parte grabazioan. Diskoa kaleratu eta kontzertu birari ekin zioten. Bira hau, 1996ko apirilean amaitu zuten, Bilboko Kafe Antzokian.

Urte horretan, berriz ere estudioan sartu ziren beste diska bat grabatzeko asmoz. Oraingoan, Mekoletan Josu Zabalak zuen estudioan hasi ziren grabatzen. Grabazio honetan ere, musikari askok lagundu zien. Diska, 1997an kaleratu zen Gaztelupeko Hotsak zigiluaren bitartez eta Barrenkaleko bluesak izena jarri zioten.

Taldearen agurra, 1998ko Maiatzean etorri zen, Bilboko Kafe Antzokian izan zen emanaldi batean. Honen ostean, Iturriaga, Elorza eta Zabala berriz elkartu ziren, Gu Ta Gutarrak taldea sortzeko.

Taldea aldatu

Unai Iturriaga eta Igor Elortza bertsolariek, Josu Zabala Ajuriagerra (Hertzainak) musikari eskarmentudunarekin lankidetzan, bertsoak, musika, kritika, ikuskizuna eta irudimena uztartzen zituen lan bat lortu zuten, inprobisatuz eta esperimentatuz. Bi disko kaleratu zituzten, eta herri ugaritara eraman zuten ikuskizuna. Urte batzuk geroago, 2007an, Gu ta Gutarrak jarri zuten martxan hirurek.

1994ko apirilean, Basauriko Trintxera elkarteko kideek antolatutako Pobreziaren Aurkako Astean parte hartzera gonbidatu zituzten Hertzainak taldeko kide ohi Josu Zabala (Otxandio, Bizkaia, 1954) eta Igor Elortza (Durango, Bizkaia, 1975) eta Unai Iturriaga (Durango, 1974) bertsolari gazteak. Garai batean Hertzainak taldearen kontzertuak hasten zituzten bi bertsolariek. Hirukoteak desafioari aurre egin, eta eskale mozorrotu ziren jantziz eta hitzez, beste hiru musikariren laguntzarekin. Ikusleek oso ondo hartu zituzten, eta haiek ere gustura ibili zirenez, jarraitzea erabaki zuten. Bertsoaren eta musikaren bideak elkartzeko aukera zen, baina ez ordura arte bertsolariek egindakoaren antzera. Musikak garrantzi handiagoa izango zuen, eta bertsoa neurri eta doinu berrietara moldatuko zen. Zazpigarren kidea batu eta honela osatu zuten eskale zazpikotea: Igor Elortza, Unai Iturriaga, Josu Zabala, Iñigo Larragoiti Txoni, Javi Sagarna, Ricardo Muinos eta Aitor Astigarraga.

Urte bereko abenduan, 7 Eskale izeneko maketa kaleratu zuten. Bertan 12 abesti eta kantu instrumental bat batu zituzten, eta gai bakarra: pobrezia. Maketaren azalean dolarraren irudia jarri zuten: billetearen goialdean txapelokerrak, eta behean bertsolari biak. Hitzetan pobrezia hainbat ikuspuntutatik landu zuten: eskaleak, gaizkileak... Musikari dagokionez, rocka da, baina folkaren eraginarekin, eta baita rapa, kantu tradizionalak eta abar.

AEKren laguntzarekin, biratxo bat egin zuten Euskal Herrian barrena. Zuzenean, argi ahuleko hiru farola, eserleku pare bat, paperontzi laranja eta Calle Carniceria plaza. Mundu osoko eskaleen kongresua aitzakia, ordu eta laurdeneko musikal-antzezlana eskaini zuten, eta baita bertsoak ere. Halakoa zen emaitza, Josu Zabalaren esanetan: «Esperimentu desberdina zen bertsolari batzuek kontaera desberdina eta marko diferente batean ipintzea; eta hauxe izan da hain zuzen ere arrakastaren giltza: esperimentazioa. Pobrezia gai bakarra izan arren, ez da aspergarria, indartsua eta koloretsua da» (1).

Abenduko biraren ostean atsedenaldia hartu, eta urtarrilaren 20an, Berrizko Lorentzo Records estudiora sartu ziren, grabatzera. Josu Monge izan zen teknikaria, eta Josu Zabala ekoizlea. Moldaketa asko egin zituzten estudioan, lan handia egin zuten. Bertso berriak pobreziari jarriak diskoan (Gor, 1995), kolaborazio ugari izan zituzten: Balerdi Balerdi taldeko kideak, Jose Alberto Batiz gitarrista (Akelarre, Tapia eta Leturia Band), Danba taldeko Jabier Cepeda, RIP taldeko Karlos Mahoma, Bingen Mendizabal (Hertzainak), Bixente Martinez (Izukaitz, Oskorri, Hiru Truku) eta beste. Guztira, 30 bat lagunek kolaboratu zuten disko horretan. Azala eta diseinua, berriz, Xabin Egañak egin zituen. Hitzen oinarria Elorzak eta Iturriagak jarritako bertsoak izan ziren, baina Iparraldeko immigrazioaren gaineko Itxaro Bordaren "Larru beltzak" eta Pedro Mari Otañoren "Mutil koskor bat" gehitu behar zaizkie horiei. Musikari dagokionez, maketako kantu guztiek osatzen dute diskoa. Horri "Bi hitz"" kantuaren bertsio akustikoa gehitu behar zaio, "7 Eskale kalez kale" izenekoa. Horrez gain, nabarmentzekoak dira Sony Curtisen "I fought the law"-ren moldaketa ("Legea borrokatu"), "Blackbird" Irlandako pieza instrumentala eta Leon Rosselsonen kantu batean inspiratutako "Mundua hankaz gora". Bi erronka nagusi batu zituzten lan horretan: batetik, bertsolariak abesten jartzea, eta bestetik, Josu Zabalak abesti bakoitzari ukitu estilistiko bat ematea: soinu txikia, Hertzainak taldearen ukitua, rock-and-rolla, rapa, psikodelia...

Hainbat emanaldi egin ostean, 1996ko apirilean, agurreko kontzertua egin zuten, Bilboko Kafe Antzokian. Danba taldeko Jabier Cepedak gitarra jo zuen. Are gehiago, Iturriaga agertoki gainean eta Elorza ikusleen artean zeudela, Danba taldearen Eztanda kantuaren bertsioa egin zuten.

Horren ostean, urtebete luzez prestatu, eta Josu Zabalaren Estudiete Matxinbarrenan, Mekoletan (Bizkaia), sartu ziren grabatzera. Oraingoan ere kolaboratzaile ugari izan zuten: Bingen Mendizabal (moldaketak eta mandolina), Karlos Mahoma, Septeto Santiaguero Kubako taldea, Txabi Labaien, Alex albokaria, Ruben saxofoi jotzailea... Barrenkaleko bluesak diskoan (Gaztelupeko Hotsak, 1997), gitarrak albo batera utzi, eta biolinak agintzen zuen, mandolina, kontrabaxua, biola eta trikitiaren laguntzarekin. Horretan eragina izan zuen Naiara Eizagirre biolin jotzailea taldera batu izanak. Tango garratzak, letra bortitzak, erritmo apurtuak, euskal melodia zaharrak, kutsu arabiarra, latindarra... Gaietan ere, jomuga zeharo desberdina hartu zuten kantuek. Hala, drogen gaia ikuspegi zabal batetik azaltzen da: legezkoak, legez kanpokoak, kulturalak, ondorenak, pozak, miseriak... Eta istorio horien guztien kokaleku, fikziozko espazioa: Barrenkale.

Ikus-entzun-bertsozko ikuskizun hori Soraluzeko (Gipuzkoa) kiroldegian aurkeztu zuten, 1998ko urtarrilaren 17an. Agurra, berriz, urte bereko maiatzean egin zuten, Bilboko Kafe Antzokian antolatutako jai batean.

Gerora, hainbat urte pasa ostean, Iturriaga, Elorza eta Zabala berriz elkartu ziren, Gu Ta Gutarrak proiektua sortzeko. Hori ere behin-behinekoa izan zen: 2007ko otsailaren 1etik 2008ko ekainaren 13ra iraun zuen, eta disko bat atera zuten

Diskografia aldatu

Erreferentziak aldatu

Kanpo estekak aldatu