Blog
Blog (edo weblog) bat, ohar, istorio edo artikuluak argitaratzen diren Interneteko webgune bat da. Blogariak mezuak egunkari edo ontziko liburu moduan idazten ditu eta hauek kronologikoki argitaratuz doaz bere blogean. Egitura aldetik goiko markoak bloga identifikatzen du, zutabe nagusian mezuak eta erantzunak agertzen dira, eta alboko zutabean, besteak beste, egilearen deskripzioa, estekak, etiketak, kategoriak, mezuen artxiboa eta harpidetzeko loturak egon ohi dira. "Weblog" izena Jorn Bargerrek erabili zuen lehen aldiz 1997ko abenduan.
Blog gehienak pertsonalak dira, egile bakar batek idatziak, baina badira talde, elkarte, erakunde eta enpresenak ere. Bertan publika daitezke, askatasun osoz, albisteak, iritziak, poesiak... Esateko zerbait daukan edonork eduki dezake blog bat. Blog gehienak irauteko asmoz sortzen dira baina badira gertakizun baten berri emateko sortuak direnak ere. Blogen aldaera bat mikroblogak dira; hauen bereizgarria da mezuak laburrak direla (gehienez jota 140 karaktere normalean) eta egileak une honetan zertan zaude galderari erantzuteko eginak dira. Mezuak normalean egileak definitutako komunitate batentzat zuzenduta daude. Komunitate horiek - lagunenak, lankideenak...- gizarte-sareak egituratzen dituzte.[1]
Mezuetan testuaz gain argazkiak, bestelako irudiak, aurkezpenak, animazioak eta bideoak ere txerta daitezke. Elementu multimedia hauek web zerbitzari batean kokatu behar dira txertatu edo kapsulatu (embed) aurretik. Multimedian oinarritzen diren blogak daude: fotoblogak, bideoblogak eta audioblogak (podcast edo deskargatzeko irrati-saio asinkronoak, musikakoak edo MP3 blogak).
Blog bat egiteko bi aukera daude: berariazko editore bat erabiliaz, hala nola Wordpress, sortu eta web-ostatu batetara igo edo blogak editatzeko plataforma bat erabiltzea. Plataforma hauek blog-txantiloiak eskaintzen dituzte eta blogari ostatu ematen diote. Hauetako batzuk doakoa dira, hala ere badaude ordaindu beharrekoak direnak. Blog bat eduki nahi duenak plataforma hauetako batera jo eta minutu gutxitan blog bat sortu eta idazten hasi daiteke.
Blog baten ezaugarri nagusiak
aldatu- Interesgarriak dira: Edozer esan dezake norberak bere blogean.
- Era kronologikoan antolatuta daude: Gaur idatzitakoa atzokoaren aurretik azaltzen da.
- Irekiak dira: Orokorrean irakurleek iruzkinak idatz ditzakete mezuetan, egileak horretarako baimena ematen badu.
- Kategoriatan banatuta daude: Argitaratzen den sarrera bakoitza kategoria bat edo gehiagotan sar daiteke, horrela gai desberdinetako sarrerak sailkatu daitezkeelarik.
- Etiketatan banatuta daude: Kategorien antzera, argitaratzen den sarrera bakoitzak etiketa bat edo gehiago izan ditzake, horrela gai desberdinetako sarrerak sailkatu daitezkeelarik.
- Bi norabideko komunikazioa ahalbideratzen dute. Izan ere, blog euskarri gehienetan egileen mezuei iruzkinak, galdera edo erantzunak gehitzeko sistemak egoten dira. (Dena den, blog sortzaile batzuek murriztu edo galarazi egiten dituzte beren mezuei, -edo mezu batzuei-, egindako iruzkinak).
Sindikatzea
aldatuBlog bat sindikatzea, blogean idatzi berri bat sartzerakoan, gure bloga sindikatuta duen pertsonak abisu bat jasotzea, alegia, geu toki batera sindikatuz gero, ez genuke gune hori egunero bisitatu beharrik izango eduki berririk duen jakiteko; mail bidez jasoko genukeen abisua. Baliteke hasiera batean lelokeria iruditzea, baina pentsatu pertsona batek 513 blog dituela gogoko; merezi al du beti 513 blog horiek bisitatzea noiz agian 13 bakarrik berritu diren? Horregatik, edukiak sindikatzea eta gure edukiak sindikatzeko aukera ematea oso interesgarria ez ezik beharrezkoa ere bada.
Sindikatzea, normalean, RSS, XML, ATOM edo FEED bidez egin ohi da. Hauek irakurtzeko programak existitzen dira, eta baita online gure Feed-Sorta izateko webguneak ere, hala nola, Bloglines.
Bestetik, PodCasting delakoa ere badago. Honen oinarria sindikazioan datza, baina ez edukien sindikazioan; audio fitxategienean baizik. Horretarako konprimaturiko audio fitxategiak erabiliko dira, ogg edota mp3. Edonork bere audio fitxategiak (irrati programak, errezetak, ipuinak...) ordenagailu bidez grabatu eta webgunetara igotzeko parada du. Ondoren, fitxategi horiek gure iPod eta antzekoetan eraman eta entzuteko aukera dugu. Podcastinari esker, sindikatutakoei edukia berritu dela ohartarazteko mezua bidaliko diogu.
Euskal Herrian
aldatuEuskarazko hamaika blog sortu dira XXI. mendean. Sustatu.eus bloga, 2001. sortua[2], da euskarazko blogik zaharrena. Sustatu.eus horrekin batera, agian irakurriena ZuZeu.eus bloga[3] da.
Badaude multzokatuta plazaratu diren zenbait blog ekosistema batzuk ere bai: Argia blogak, Berria blogak, eibar.org/blogak/ esaterako.
Badago euskarazko blogak sortzeko plataformarik, blogak.eus[4], esate baterako.
WordPress euskarriak, munduan blogak egiteko euskarririk erabilienak, euskarazko lokalizazioa egina dauka, Librezale taldeko boluntario batzuei esker[5].
Erreferentziak
aldatu- ↑ Dio, Aonieves-K.. (2013-02-11). «BLOGARIAK. Nola sortu Blog bat?» Informatikalari (Noiz kontsultatua: 2019-06-04).
- ↑ «Zer da Sustatu? Sustatu.eus - Teknologia albisteak» sustatu.eus (Noiz kontsultatua: 2021-01-21).
- ↑ «ZuZeu-ri buruz • ZUZEU» ZUZEU (Noiz kontsultatua: 2021-01-21).
- ↑ «Blogak.eus, Euskal blogarion komunitatea -» blogak.eus (Noiz kontsultatua: 2021-01-21).
- ↑ «WordPress - Librezale.eus» librezale.eus (Noiz kontsultatua: 2021-01-21).
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- Argia aldizkariaren webguneko blogak.
- Berria egunkariaren blogak.
- Blogak.eus - Euskarazko blogak sortzeko tresna.
- Blogari.net - Euskarazko blogak sortzeko tresna. 2022ko martxoan desagertuta. Ikus archive.org
- Eibar.org Blog Komunitatea.
- Goiena.net Blog Komunitatea.
- Unibertsitatea.net atariaren blog komunitatea. Jakintza partekatuz.
- Nireblog.com - Euskarazko blogak sortzeko aspaldiko tresna. Artxibatuta
- Uztarria.eus Blog Komunitatea.
- AiTechtonic - Learn Blogging.
- Wikimedia.eus Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen bloga.