Vandenburg

Texasko mamu herria

Vandenburg Ameriketako Estatu Batuetan dagoen herria da, Henri Castro kolonizatzaile lapurtarrak Texasko Errepublikan 1846ean sortua; gaur egun mamu herria da.

Vandenburg
hiri mamua
Administrazioa
Geografia
Demografia

Kokapena aldatu

Vandenburg Medina ibaiaren haranean dago, gaur egungo Texasko estatuan. San Antonio hiriaren mendebaldean, eta Hondo herritik 6 milia ipar aldera.

Historia aldatu

1846ean sortu ostean, Vandenburgeko kolonoek arazoak izan zituzten, besteak beste kolera epidemia bat; gainera ur barik geratu ziren, Verde Creek ibaiaren iturburuak agortu baitziren; honek 1847-49 arteko uztak galtzea ekarri zuen.[1] Orduan lau milia beherago ur-iturri berriak aurkitu zituzten, eta 1860ko hamarkadan populazioaren zati handi bat hara mugitu zen, asentamendu berria New Fountain ("iturri berria") izendatuz.[2]

Vandenburgeko biztanleek 2,5 m zabal eta 6 m sakoneko lubakia egin zuten abereak babesteko; ez zegoen elizarik, eta apaizek eliza-zerbitzuak etxerik etxe edo aterpeetan ematen zituzten.[1]

Vandenburg San Antonio eta El Paso arteko errepide militar zaharrean zegoen; 1850eko hamarkadan Kaliforniara urre bila zihoazen karrokanpo ugari pasatzen zen bertatik. Errepide hau ireki zuen infanteria errejimentuaren komandanteak idatzi zuenez: "uztailaren 7an 12 milia aurreratu ditugu, Rio Hondon kanpatuz. Lurraldea batez ere kareharrizkoa da. Hondotik lau miliatara, Vandenburg izeneko asentamendu alemaniarretik igarotzen da. Bertako erreka lehortua dago, eta biztanleek hiru milia ibili behar izaten dira ura ekartzeko".[3]

Bilakaera aldatu

1850rako, erroldan 16 lur-jabe agertzen ziren Vandenburgen. 1876ean eskola sustatzeko elkarte bat eratu zuten, eta diru bilketarekin eskola eraiki zuten. 1896-97 ikastaroan eskolak 44 ikasle eta maisu bat izan zituen. 1922an eraikina berriztu zuten. 1953an eskola eta hilerria ziren Vandenburg herriaren aztarna bakarrak. 1989an jada ez zen herririk;[2] gaur egunean mamu herritzat hartzen da, eta bertako eraikinak landa ustiapenen jabetzakoak dira.[4]

Erreferentziak aldatu

  1. a b (Ingelesez) «Vandenburg Historical Marker» www.hmdb.org (Noiz kontsultatua: 2022-04-24).
  2. a b «TSHA | Vandenburg, TX» www.tshaonline.org (Noiz kontsultatua: 2022-04-24).
  3. (Ingelesez) «Vandenburg Historical Marker» www.hmdb.org (Noiz kontsultatua: 2022-04-24).
  4. «Vandenberg - Texas Ghost Town» www.ghosttowns.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-24).

Kanpo estekak aldatu