Ireki menu nagusia

Urtz 1988an sortutako rock musikako taldea da. Pasaian entseatzen hasita, rock, pop eta heavy metalaren osagaiak hartu zituzten. Ekaitzaren garrasia lehen diskoarekin (1992), arrakasta itzela lortu zuten; Gor diskoetxearen arabera, euskal rockaren klasikoa. Hautsa astinduz bigarren diskoa (1994) ere arrakastatsua izan zen; Kaixo! kanta taldearen kanta ezagunena bihurtzekoa zen. Hain urrun (1996) eta Lur gazian ametsak ereinez (1998) diskoek ez zuten aurrekoen adina ospe izan. Aingeru (2001) bosgarren eta azken albumean, diskoetxea eta hainbat taldekide aldatuta (Javi Estella eta Ritxi Barrenetxera sartu ziren), pop uretan sakonago murgildu ziren. 2003ko urrian desegin zen taldea, baina 2013an oholtzetara itzuli zen.

Urtz
Datuak
Jatorria Pasaia , (Gipuzkoa)
Musika mota Rock
Urteak 1988 - 2003
2013-
Produkzioa
Diskoetxea(k) Gor Diskak
Oihuka
EDG Music
Baga-biga
Taldekideak
Xabi Camarero
Josu Ariztegi
Asier Arocena
Victor G.-Argüelles
Lehengo taldekideak

Javi Estella
Ritxi de Barrenetxea
Informazio gehigarria
MusicBrainz a4c8b83d-fc42-4f55-87d9-ba8a1e1f145c

TaldeaAldatu

90eko hamarkadaren hasieran euskal rockak ezagutu zuen irekitze estilistikoaren adibideetako bat izan zen Urtz. 1991n kaleratu zuen lehen maketa, Zelatan izenekoa, eta 1.800 ale saltzea lortu zuen. Gor diskoetxea berehala ohartu zen taldearen potentzialaz, eta diskoa kaleratzeko eskaintza egin zion 1992ko udaberrian. Haatik, bere burua behar bezala prestatuta ikusten ez zuelako hilabete batzuk itxarotea erabaki zuen laukoteak. Udazkenean kaleratu zen Ekaitzaren garrasia (1992), Urtzen lehen diskoa, eta taldeak berak espero ez zuen oihartzuna izan zuen. "Negua datorrenean" kantua indartsu sartu zen irratietan, taldearen ezaugarri nagusiak erakutsiz: melodia itsaskorren ardatza, erritmo biziak eta gogortasuna gitarretan. Heavy kantuak ("Zelatan", "Maiatzak 10", "Azken eguna"), maitasun baladak ("Gau ilun") eta jai giroak ("Itzalak ez nau hartuko") biltzen ditu estreinako lan hark.

Hautsa astinduz (Gor, 1994) bigarren diskoak aurrekoaren arrakasta berretsi zuen, eta gainditu egin zuen lehenengoaren salmenta kopurua. Taldearen kanturik ezagunenetako batzuk daude lan horretan: "Kaixo", "Hautsa astinduz", "Bizitzarekin dantzan"... Marino Goñi arduratu zen ekoizpenaz.

Hurrengo lana, Hain urrun (Gor, 1996), taldearen diskorik serioena izan zen, eta agian horregatik, "jendeak ez zuen ondo ulertu. Pertsona bakoitzak baditu bere bizitzan etapa ezberdinak, eta berdin geratzen da diskoetan eta egiten diren lan guztietan ere, eta azken finean islatzen da" (1). Lan horretan bereziki garrantzitsua izan zen Iñaki Lazkano kazetariak hitzetan egindako ekarpena, eztitasunezko poesiatik gertu.

Hirugarren diskoaren harrera apalak eragindako beheraldia gainditu ostean, taldeak ilusioa eta indarra berreskuratu zituen Lur gazian ametsak eginez (Gor, 1998) laugarren diskoarekin. Javi eta Juanan San Martin soinu teknikariekin lan egin zuen Espartzako Sonido XXI estudioan, eta aldaketak onura ekarri zion. Lehen diskoen arrakasta berdindu ez bazuen ere, esanahi berezia du disko horrek taldekideentzat. Taldearen diskorik irekiena da estilistikoki, eta besteetan ez zeuden ilusioa eta baikortasuna ageri dira hitzetan.

Hiru urte igaro ziren Aingeru (Oihuka, 2001) kaleratu arte. Tarte horretan taldekide aldaketak gertatu ziren, Javi Estella (gitarra eta koruak) eta Ritxi Barrenetxea (baxua) sartu baitziren taldean. Soinuaren aldetik, taldearen diskorik garbiena da, eta doinuen aldetik pop kutsu handienekoa. Melodiak jarraitzen du kantuen ardatza izaten, baina erritmoak motelagoak eta leunagoak dira oro har.

Bosgarren diskoari zaleek egindako harrerarekin pozik egon arren, bi urte geroago taldea desegitea erabaki zuten. Azken kontzertua Bilborock aretoan eman zuten 2003ko urrian, Juanan San Martin soinu teknikari eta teklatu jotzaileak lagunduta, ibilbide osoaren errepaso zabala eginez. Azken eguna CD-DVDak (EDG Music, 2003) jasotzen du gau hartan gertatutakoa, taldekideei egindako elkarrizketekin osatua.

Hamar urteko isilunearen ondoren, 2013an Baga-biga diskoetxeak argitaratutako Astiro diskoarekin itzuli zen taldea.[1] Urte hartako abenduan igo ziren berriro agertokira, Durangoko Azokarekin, herri hartako Plateruenea kafe antzokian.[2]

TaldekideakAldatu

  • Xabi Camarero (ahotsa eta gitarra) (1988-2003, 2013...)
  • Dani Vicente (guitarra era ahotsa) (2017...)
  • Jorge Sánchez (baxua) (2017...)
  • Ander Hurtado de Saratxo (bateria) (2017...)
  • Josu Ariztegi (bateria) (1988-2003, 2013-2016)
  • Asier Arocena (gitarra eta koruak) (1988-1999, 2013-2016)
  • Víctor G.-Argüelles (baxua) (1990-1998, 2013-2015)
  • Javi Estella (gitarra eta koruak) (1999-2003)
  • Ritxi Barrenetxea (baxua) (1998-2003)

DiskografiaAldatu

ErreferentziakAldatu

  1. «Urtz taldea bueltan da», Urtz taldeko Josu Ariztegi, Xabier Camarero eta Iñigo Cousillasi egindako elkarrizketa, Irutxuloko Hitza. Bideoa, YouTube webgunean ikusgai.
  2. «Indartsu itzuli da Urtz taldea agertokietara», EITB.com, 2013-12-08.
  3. «Azken eguna» www.badok.eus . Noiz kontsultatua: 2019-04-09.
  4. «Astiro» www.badok.eus . Noiz kontsultatua: 2019-04-09.
  5. «Zabaldu ateak» www.badok.eus . Noiz kontsultatua: 2019-04-09.