Marino Goñi (Burlata, Nafarroa, 1951ko azaroaren 7a) musika munduan eta komunikabideetan aritutakoa da eta Euskal Rock Erradikalaren bultzatzaileetako bat. Motos, Fiebre eta Balerdi Balerdi taldeetan jo du; hainbat disko grabatu eta ekoitzi ditu; baina, batez ere, Soñua, Oihuka eta Gor diskoetxeetan egindako lan itzelarengatik nabarmendu da 1980ko hamarkadatik hona.

Marino Goñi
Bizitza
JaiotzaBurlata1951ko azaroaren 7a (73 urte)
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakmusikaria eta disko-ekoizlea

Biografia

aldatu

Gaztarotik musikarekiko zaletasuna irratigintzarekin uztartu zuen Marino Goñik, Madrilgo Radio Popular irratian lehenengo, eta 1977tik aurrera irrati horren Iruñeko egoitzan. Más o menos rock musika saioa aurkeztu zuen 1978tik 1980ra bitartean, Soñua diskoetxeak Txantrea auzoan zuen estudioan lan egiten hasi aurretik. Madrildik Iruñera itzultzean, kale eta tabernetan kultur giroaren aldaketa aurkitu zuen Goñik. Rock taldeak agertzen hasiak ziren. "Iruñeko tabernetan jada sumatzen zen kultur aldaketa bat, baina oraindik ez zen ikusten, apenas egiten baitzen rock kontzerturik. Urkok edota Benito Lertxundik jada ez zuten euskal gazteria ordezkatzen. Iruñean Tocamás (Toño Muroren taldea), Cafarnaun (El Drogasen taldea) eta Tensión (Josetxo Bichorena) taldeek ordezkatzen zuten aldaketa kultural hura. Baina beste herrialdeetan gauza bera gertatzen ari zen: Hertzainak zegoen Gasteizen, Zarama Bizkaian eta Donosti Sound delako taldeak Donostian" (1).

Bazka horrek bultzatu zuen Soñuaren estudioan Iruñeko rock taldeen maketak grabatzen hastera, eta handik gutxira Soñua-Nafarrock zigilua sortzera. Garai berean agertu hasi ziren Euskal Rock Erradikala esaten zaion mugimendua osatu zuten lehen taldeak (La Polla Records, Barricada, Hertzainak...), eta Goñik eman zien diskoa grabatzeko lehen aukera. Madrilgo movida delako mugimenduak komunikabideetan bereganatzen zuen arretari aurre egiteko tresna gisa erabaki zuen Goñik Euskal Herriko taldeen mugimendu berriari Euskal Rock Erradikala izena jartzea. Jose Mari Blascorekin asmatu zuen izena, eta horregatik kritika ugari jaso.

"Ez zait batere axola, oso harro nago, letra larriekin, termino hori sortzeaz (...) Ez ditut onartzen hura diskoak saltzeko muntaia izan zela dioten kritika orokorrak. Noski diskoak saldu genituela etiketa hori sortu genuenetik aurrera, baina ez genituen horregatik saldu: saldu genituen taldeak onak zirelako" (2).

Geroztik, diskogintzan aritu da etenik gabe, Soñua (1981-1986), Oihuka (1987-1991) eta Gor diskoetxeetan arduradun (1991tik gaur arte). Beti irizpide berari jarraitu dio urteotako langintzan: talde berriak plazaratzea eta euskal musikaren esparru estilistikoa zabaltzea.

Musikari gisa, hainbat taldetan parte hartutakoa da baxua zein gitarra joz. Los Intrépidos eta Fuletamol izan ziren lehenengoak, baina aipagarrienak Motos (Múevete izeneko EPa grabatu zuen 1984an), Fiebre (izen bereko diskoa kaleratu zuen 1988an) eta Balerdi Balerdi izan dira, hirurak pop-rock eta power pop ildoan. Horrez gain, parte hartu zuen Gorka Urbizuk (Berri Txarrak) eta Imanol Ubedak (Deabruak Teilatuetan, Bide Ertzean) sortutako Peiremans+ taldearen lehen diskoan.

Musika kazetari gisa, irratiko esperientziaz gain, Egin egunkariko Plaka Klik musika orria sortu zuen 1980ko hamarkadako lehen urteetan, urte batzuk geroago Bat, bi, hiru bihurtuko zena.

Erreferentziak

aldatu