Munduko biztanleria momentu batean mundu osoan bizi den gizaki kopurua da. Demografiaren arloko kontzeptua da. Biztanleria leku jakin batean (herri, hiri, eskualde, herrialde edo kontinente batean) era egonkorrean bizi den pertsona multzoa da. Alegia, leku batean aldi baterako soilik dauden pertsonak (bidaiariak, turistak, ikasleak...) ez dira bertako biztanleriaren parte. Demografia, bestalde, biztanleria ikertzen duen jakintzagaia da.
Gutxi gorabehera, munduko biztanleria 8.000 milioi pasa pertsona zen 2022an.
Munduko biztanleriaren bilakaera historian zehar
aldatuOrain dela 150 mila urte gaur egungo gizakia (Homo Sapiens) agertu zenetik, munduko biztanleria nahiko txikia izan da orain dela gutxi arte. Nahiko jende gutxi bizi zen Lurrean, eta zifra hori ez zen handitu hainbat gertaera historiko bereziki garrantzitsu gertatu ziren arte.
Honako hauek izan dira biztanleriak historian zehar izan duen bilakaeraren garai garrantzitsuenak:
- Iraultza neolitikoa (duela 10.000 urte): nekazaritza eta abeltzaintzaren sorreraren ondorioz, gizakiek janari gehiago zeukaten eskura eta gizatalde nomada asko herrixka finkoetan hasi ziren bizitzen; sedentarizazio deitzen zaio prozesu horri. Harrezkeroztik, giza biztanleria hazten hasi zen, baina hazkunde hori nahiko motela izan zen, honako arrazoi hauek zirela eta: eskuragai zeuden baliabideekiko menpekotasuna, ingurumenaren aldaketak eta gerrek, gaixotasun eta izurriteek eta migrazio handiak.
- Gure aroko I. mendean, munduko biztanleria 250 milioi pertsona baino gehiago izatera iritsi zela uste dugu. Zifra hori oso pixkanaka joan zen hazten ondorengo mendeetan, eta XVII. mendean iritsi zen 500 milioi lagunera.
- Industria-iraultzak (XVIII. mende amaiera - XIX. mendea) aldatu egin zuen hazkundearen abiadura, ekonomiaren hobekuntzari eta zientziaren aurrerapenei esker jaiotza-tasa handitu egin zelako eta heriotza-tasa gutxitu. Ondorioz, biztanleria oso azkar hazten hasi zen, eta munduko biztanleria 900 milioi pertsonakoa izatera iritsi zen XIX. mendean.
- Gizarte industrialean, biztanleriaren hazkundeak abiadura hori mantendu zuen XX. mende hasierara arte, eta 1.700 milioi biztanlera iritsi zen momentu horretan. Biztanleriaren hazkunde hori Afrikan, Asian eta Hego Amerikan izan zen bereziki handia, eta horren ondorioz munduko biztanleak 2.500 milioi ziren 1950ean eta 6.000 milioi 2000n.
- Gaur egun ere joera hori mantentzen da. Biztanleria 70-80 milioi hazten da urtero, baina hazkunde hori Asian, Afrikan eta Hego Amerikan gertatzen da batez ere. 2018an 7.400 milioi pertsona zeuden munduan, eta badirudi 2050. urterako 10.000 milioi izango garela.
Biztanleriaren bilakaera Europan
aldatuEuropako biztanleriak izan duen bilakaera aztertzea errazagoa da, gure kontinentearen historiari buruzko informazio gehiago dagoelako. Gainera, XVIII. mendetik aurrera Europako herrialde asko errolda eta erregistroak egiten hasi ziren haien biztanleria zehatz-mehatz neurtzeko. Hortaz, honako garai hauek bereizi ditzakegu Europako biztanleriaren bilakaeran:
- [[Txikipedia:Antzinaroa|]] eta Erdi Aroa: biztanleria oso gutxi hazi zen, gerrak, goseteak eta izurriteak oso ohikoak zirelako (XIV. mendearen erdialdean, "Izurri Beltza" nahikoa izan zen Europako biztanleriaren %30 baino gehiago akabatzeko).
- Aro Modernoa: biztanleria hazi egin zen, baino nahiko poliki, noizean behin izurriteek, uzta txarrek eta gerrek eragindako demografia-krisien ondorioz.
- Aro Garaikidea: Industria-iraultzari esker, bizi kalitatea hobetu egin zen (elikagaien ekoizpena handitu egin zen eta higienea eta garbitasuna hobetu egin ziren). Ondorioz, heriotza-tasa gutxitu egin zen eta biztanleria izugarri azkar hasi zen handitzen. Iraultza hori Erresuma Batuan hasi zen XVIII. mende erdialdean, eta XIX. mendean zabaldu zen Europako beste herrialdeetara.
- Hala ere, biztanleriaren hazkundea mantsotu egin zen XX. mendean, honako gertaera hauen ondorioz: Ameriketarako emigrazioa, 1918 eta 1920 arteko "Espainiako gripearen" izurritea eta bi mundu gerrak (1914-1918 eta 1939-1945).
- Gaur egun, kontinenteko herrialde gehienetan biztanleria ez da ia hazten, jaiotza-tasa baxuaren eta biztanleen etengabeko zahartzearen ondorioz. Immigrazioa da joera honen aurkako mugimendu bakarra.
Biztanleriaren banaketa espazioan eta bere ondorioak
aldatuBiztanleria ez dago berdin banatua munduko alde guztietan. Izan ere, jende pila bizi da leku batzuetan, eta beste batzuetan ia inor ez. Banaketa hori biztanleriaren dentsitatearen bidez neurtzen da. Biztanleriaren dentsitatea leku batean bizi den biztanle kopuruaren eta bizi diren eremuaren neurriaren arteko proportzioa da. "Biztanle kilometro karratuko" unitatea (bizt/km2) erabiltzen da proportzio hori adierazteko.
Demografia-adierazle honen arabera, munduko biztanleriaren banaketa honako eremu hauetan sailkatu dezakegu:
a) Dentsitate handiko eremuak: 200 bizt/km2 baino gehiagoko dentsitatea duten eremuak dira. Biztanleria oso pilatuta bizi da, eta normalean hiri handietan gertatzen da hau. Hainbat arrazoirengatik gertatzen da hain pilaketa handia:
- Kokapen geografiko ona izatea: klima epela, lurzoru nahiko laua eta ibai, itsaso edo aintziretatik gertu.
- Nekazaritzarako eremu egokia izatea (beraz, nahikoa elikagai egongo da bertan).
- Meatze edo energia-baliabide garrantzitsuak.
- Industria- eta teknologia-garapen handia (lanpostu asko sortzen dituzte).
- Zerbitzu espezializatuak egotea (inguru turistikoak edo merkataritza-tradizio handiko eremuak).
- Funtzio administratibo edo politikoak (herrialdeetako edo eskualdeetako hiriburuak).
b) Jenderik bizi ez den eremuak: Bizitzea oso zaila egiten duten ezaugarriak dituzten inguruak dira. Demografia-basamortu ere deitzen zaie. Honako kausa hauengatik gertatu daiteke hau:
- Klima gogorra (basamortu bero edo hotzak eta lurralde idorrak).
- Oso landaredi mardula (oihanak eta baso handiak).
- Erliebe (geografia) malkartsua (goi-mendiak).
- Kontinenteen barnealdeetako eremuak (itsasertzetik urrun, klima gogorragoa da eta komunikazioa zailagoa).
- Nekazaritza estentsibokoeremuak (lursail handiak behar dituzte landareak ereiteko, baina langile gutxi).
Biztanleria berdin banatuta ez egotearen ondorioak
aldatuGaur egun, munduko biztanle gehienak kontinenteetako kostaldeetan, ibarretan eta ibaien ibilguetan, lautada emankorretan eta klima epel eta beroko lurraldeetan bizi dira. Aldiz, ez da ia inor bizi zirkulu polarren inguruan (Artikoan eta Antartikan) basamortu eta oihanetan, kontinenteetako barnealdeetan eta mendikate handietan.
Munduko biztanleria ez dago batere berdin banatuta eremu batzuen eta besteen artean, eta planetako eremu jakin batzuetan pilatzen dira biztanle asko eta asko. Biztanleriaren banaketaren desorekak eta dentsitate oso handiko eremuek, ordea, arazo ekonomiko eta sozial larriak sorrarazten dituzte. Honako hauek dira arazo horietako batzuk:
- Landa-eremuak jendegabetzea eta hutsik gelditzea: arrazoi ekonomikoengatik gertatu ohi da hau (lanik ez dagoelako). Horren ondorioz, hazi egiten dira gertuko hiriak, landa-eremuetako biztanleria zahartu egiten da, bertako kultura galtzen joaten da eta ingurune naturalak babesik gabe geratzen dira.
- Hiri handietan biztanleria pilatzea: pilaketa honen ondorioz, areagotu egiten da biztanleria hornitzeko behar diren baliabideen (ura, lurzorua, energia…) beharra, eta kutsadura ere handitu egiten da (airera gasak isurtzen dira, hondakinak eta ur beltzak sortzen dira, etab.).
- Naturarekin harremanik eza: munduko biztanleriaren zati handi bat hiri handietan bizi da, inguru artifizial erraldoietan alegia, naturarekin batere harremanik izan gabe.