Nomadak bizileku finkoa ez daukaten eta leku batetik bestera mugitzen diren pertsonak edo pertsona-taldeak dira.
Gizakiak denbora luzean izan dira nomada Historian zehar, eta oraindik ere badira nomadak diren gizatalde batzuk; herri nomada ezagunenak tuareg, beduino, pigmeo eta ijitoak dira.
Historiaurrean, gizakiak nomadak ziren, leku batetik bestera ibili behar izaten zutelako behar zituzten baliabideak eskuratzeko: beraientzako eta abereentzako janaria, jantziak, tresnak, etab. Leku batean topatzen zituzten baliabideak bukatzen zirenean, beste leku batera joan behar izaten zuten, bizi ahal izateko. Nomadismoa deitzen zaio bizimodu horri. Horregatik, gizakiek aterpe naturalak erabiltzen zituzten bizileku gisa; haitzuloak, adibidez. Nekazaritza asmatu eta zabaldu zenean, aldiz, gizakiak baliabideak eskuratzeko modu finkoagoa lortu zuen, eta, horrela, ez zuen gehiago leku batetik bestera mugitzen ibili beharrik izan. Hala, bizileku finkoetan bizitzen hasi zen; bizimodu horri sedentarismoa deitzen zaio.
Gaur egun, 30-40 milioi nomada inguru daude munduan, baina gero eta gutxiago dira.