Teknologia hitzak adiera edo esanahi bat baino gehiago du. Esanahirik zabalenean, gizakiok gure beharrak edo nahiak asetzeko erabiltzen ditugun jakintza, tresna, asmakizun eta teknika multzoari deitzen diogu teknologia.

Beraz, teknologian honako hauek sartzen dira:

  • Arazoak konpontzen edo gauza berriak egiten laguntzen duten makinak, tresnak edo lanabesak (adibidez, antzinako gizakiak zuhaitzak ebakitzeko erabili zituen harrizko aizkorak; edo gaur egun gizakia Lurretik kanpora joateko erabiltzen diren espazio-ontziak.
Antzinako teknologia.
Gure garaiko teknologia.
  • Arazoak konpontzeko edo helburu bat betetzeko (adibidez, etxe bat edo itsasontzi bat eraikitzeko) baliabide, metodo, teknika edo jardunbideak.

Mota eta helburu askotako teknologiak daude, baina teknologia hitza erabiltzen da haietako bakoitza izendatzeko eta guztien multzoa izendatzeko ere. Gainera, teknologia guztietan aurkitzen diren jakintza komunak aztertzen dituen lan teorikoari ere deitzen zaio teknologia; eta heziketa teknologikoa irakasten da eskoletan, ikasleek teknologiarik garrantzitsuenak ezagutzeko.

Historiaurrean, teknologiak gizakien oinarrizko beharrak (jatea, janztea, bizitokia, harremanak, mundua ulertzea) asetzeko erabili ziren; historian zehar, bestelako beharrak asetzeko ere erabili izan dira: adibidez, musika sortzeko tresnak, osasuna zaintzeko lanabesak, edo gerrarako armak.

Izan ere, teknologiak erabilera onak eta txarrak izan ditzake, onurak eta kalteak eragin ditzake. Teknologia askok eragin oso handia izan dute eta dute jendearen eta herrialdeen aurrerabidean, gure bizimodua eta ekonomia hobetzeko. Baina teknologiak ondorio kaltegarriak ere izan ditzake; adibidez, gure ingurumena hondatzen duten teknologiak badaude, baina ingurumenari egindako kalteak konpontzen saiatzeko ere erabil daiteke teknologia.