Monolaborantza nekazaritza-teknika bat da, landare-espezie bakarra landatzen duena lur-eremu handi batean. Monolaborantza hitza erabiltzen denean, normalean nekazaritza-ustiategi oso batean egiten den nekazaritza-motari buruz hitz egiteko izaten da; baina lur-zati edo soro bati buruz hitz egiteko ere erabil daiteke, edota, maila zabalagoan ere, eskualde oso bateko nekazaritza-mota deskribatzeko.
Monolaborantzaren kontrako teknikari polilaborantza deitzen zaio. Hau da, polilaborantzan, labore bat baino gehiago lantzen dira dena delako eremuan, baina normalean lur-eremu txikietan erabiltzen da.
Historikoki, monolaborantza herrialde kolonizatu batzuetan ezarri zen, Indonesian eta Kariben esaterako (hala nola kafea, tea, azukre kanabera edo kotoiarekin.) Horrela, potentzia kolonizatzaileek zenbait produkturen monopolioa ziurtatzen zuten, eta bertako biztanleek ia esklabo gisa lan egiten zuten landaketa horietan.
Monolaborantzaren alde onak
aldatuMonolaborantza erabiltzen duten nekazariek erabakitzen dute gehien interesatzen zaien laborea zein den, eta hori bakarrik lantzen dute. Nekazaritza modernoan oso ohikoa da, lana sinplifikatzen duelako eta oso aukerakoa delako makina egokiak dituzten pertsona gutxi batzuek uzta handiak biltzeko. Monolaborantzak labore jakin batean espezializatzeko aukera ematen die nekazariei, eta, beraz, hobeto prestatuta egoteko gerta daitezkeen arazoei aurre egiteko. Espezializazioarekin, kostuak gutxitu eta etekinak handitu egin daitezke.
Hau da, monolaborantza egokia da lur-eremu zabalak dauzkaten lekuetan eta klima-baldintza jakin batzuk dituzten lekuetan; adibidez, garia eta beste zerealak eguzki-argi ugari jasotzen duten eremu lauetan landatu ohi dira. Edota klima lehorra, tenperatura hotzagoak edo haizea ondo jasaten dituzten landareak askotan landatzen dira monolaborantza erabiltzen den lurretan.
Teknologia berriak erabiltzea errazten du. Nekazaritza intentsiboan, nekazariek etekin handiak lor ditzakete uzta zabalak dauzkatelako, eta horrek aukera ematen die teknologiarik berrienak ere erabiltzeko: nekazaritza modernoan, droneak, lur-sentsoreak eta satelite bidezko datuak ere erabiltzen dira, soroak kontrolatzeko eta nekazaritza-laneko etapa desberdinak kudeatzeko.
Labore edo landare bakarra landatzeak esfortzu, ezagutza eta baliabide gutxiago eskatzen dizkio nekazariari. Polilaborantzan baino tresna edo makina desberdin gutxiago behar dira, eta landaketa kudeatzea ere errazagoa da, baita ureztatzeko eta izurriak kontrolatzeko ere.
Monolaborantzaren alde txarrak
aldatuHala ere, monolaborantzek arazoak ere badituzte: landare mota bati bakarrik erasotzen dioten izurriteak eta gaixotasunak errazago heda daitezke mota hori bakarrik aurkitzen dutenean. Monolaborantzek oso azkar xurgatzen dituzte lurreko mantenugaiak, eta epe motzean pobretzen dute lurzoru hori, baita nekazaritza-ekoizpena gutxitzen ere. Horregatik erabiltzen dira ongarriak mantenugai hori hornitzeko. Gainera, monolaborantzek eragin negatiboa dute ekosistemen biodibertsitatean.
Nekazaritzarako izurri diren intsektu kaltegarriak gehiago ugal daitezke monolaborantza erabiltzen duten lurretan, eta nekazariak pestizida gehiago erabili beharko du horien kontra borrokatzeko. Gauza berbera gertatzen da belar gaiztoekin, eta herbiziden erabilera handiagoa egoten da, horregatik, monolaborantzan. Beraz, monolaborantzan, gehiago erabili behar izaten dira produktu kimikoak, eta ezinezkoa da, beraz, nekazaritza ekologikoa egitea. Pestiziden erabilerak, gainera, eragin oso txarra izaten du intsektu polinizatzaileentzat, erleentzat, adibidez.
Bestalde, soroetan labore bakarra landuz, lurraren oreka naturala kaltetu egiten da; mota bereko landare ugari daudenean, lurreko mantenugaiak azkarrago agortzen dira, eta lurra lehenago elkortzen da. Horregatik, ongarri kimikoak gehiago erabili behar izaten dira honelako nekazaritza-motan.
Monolaborantzan erabiltzen den lurrak higadura jasaten du eta lurraren hezetasuna asko gutxitzen du. Horregatik, nekazariek ureztatze-sistemak erabili behar izaten dituzte, eta inguruko iturri, ibai edo aintziretatik hartu behar izaten dute. Hori kaltegarria izaten da ur-inguru horietako ekosistementzat eta bertako biodibertsitatearentzat.
Azkenik, monolaborantzak arrisku ekonomiko handiagoak ditu nekazariarentzat: arazo larriren bat gertatuz gero (lehortea, euri ugari, izurriak, etab.), uzta guztia gal daiteke kolpetik, eta, beraz, urte oso bateko irabaziak ere bai.