Txikipedia:Louvre museoa

Museoa eta lorategiak zerutik ikusita.

Louvre museoa Frantziako eta munduko museorik garrantzitsuenetako bat da. Parisen dago, Sena ibaiaren ertzean, antzinako errege frantsesen jauregi izandako eraikin batean. Munduko museorik bisitatuena da: zortzi milioi pertsona inguru urtean.

Louvren artea eta historiako objektuak ikus daitezke. Seguru aski, museoko artelanik ospetsuena Leonardo da Vinciren Gioconda margolana da.

Museoak 60.000 metro karratuko azalera du, eta, horrenbestez, zortzi futbol zelai bezain handia da. New Yorkek eta San Petersburgok bakarrik dituzte museo handiagoak. Louvren 1.800 pertsona inguruk egiten dute lan.

Nondik dator eraikina? aldatu

 
Museora sartzeko piramidea

Erdi Aroan gotorleku bat zegoen, gaztelu bat, Frantziako erregeek Paris hiria defendatzeko XII. mendean eraiki zutena. 1546an, Frantzisko I.ak gotorlekua botatzeko agindu zuen, eta errege familiarentzako jauregi batez ordezkatu zuen. Rgoitza berriari Louvre deitu zion. Hiria hazi ahala, Louvre ibaia ez zegoen hiriaren kanpoaldean, erdian baizik.

Erdi Aroaren ondoren, Errenazimentuan, Louvreko zati berri batzuk eraiki ziren. Pixka bat geroago, 1564tik aurrera, beste hegal bat eraiki zen. Eraikinaren zatiek gaur egun patio moduko bat osatzen dute, Le Cour Carrée (patio karratua). Ehun urte geroago, 1682an, Luis XIV.a Frantziako erregeak Louvreko jauregia utzi eta gortea Versaillesko jauregian kokatzea erabaki zuen.

XVIII. mendean, Louvreko jauregia museo publiko bihurtzea erabaki zen, erregearen altxor artistikoak bertan gordetzeko. Horretarako, artelan gehiago erosi eta Galeria Handia delakoa eraiki zen. Baina museoa ez zen 1793ra arte inauguratu, Frantziako Iraultzaren ondoren, Parlamentuak ideia hori ontzat hartu zuenean. 1793an, beraz, Louvre jauregia museo bihurtu zen. Astegunetan artistei begiratu bat ematen uzten zitzaien, igandeetan mundu guztia onartzen zen. Gaur egun, araudi hori ez da aplikatzen.

Hurrengo urteetan, museoa handituz joan zen. Napoleonek museoari beste areto bat eta ipar hegal bat eransteko agindu zuen; XIX. mendean, Napoleon III.ak inauguratu zituen beste bi hegal eransi ziren. 1989an kristalezko piramide bat eraiki zen patioan, Ieoh Ming Pei arkitektuak diseinatua, lurpeko espazio oso zabal baten gainean, sarrera berria izateko. Azkenik, 1993an, Richelieu hegala inauguratu zen, aurretik Frantziako Finantza Ministerioak okupatua, eta, hartara, eraikineko zati guztiak museo bihurtu ziren.

Zer ikus daiteke Louvren? aldatu

Museoko bildumak zortzi ataletan banatuta daude. Atal bat Ekialde Hurbileko artelan zaharrenei eskainia dago. Beste batek Islamaren artea erakusten du, beste batek Antzinako Egiptoko artea eta beste batek Antzinako Greziako eta Erromako artea. Mendebaldeko pinturarako atal bat ere badago, besteak beste. Arte berriena, 1900etik aurrera gutxi gorabehera, ez da Louvren ikusten, beste museo batzuetan baizik.

Antzinako greziar eta erromatar estatuarik ospetsuenak, ziur aski, Samotraziako Garaipena eta Venus Miloskoa dira. Biek greziar jainkosak irudikatzen dituzte.

Museoko artelan ospetsuenetako batzuk aldatu