Ilgoraren irudia da islamaren sinbolo ezagunenetako bat.

Islama munduko erlijiorik nagusienetariko bat da. Mahoma da sortzailea eta 1.600 milioi jarraitzaile inguru ditu mundu osoan. Musulman izenez ezagutzen dira. Musulman gehienak Afrikako iparraldean, Ekialde Hurbilean eta Asiako hegoalde eta erdialdean bizi dira.

Sinesmenak

aldatu

Islamaren erdigunean honako ideia hau dago: “Ala ez den beste jainkorik ez dago, eta Mahoma Alaren profeta da”. Musulmanek uste dute Alak sortu zuela unibertsoa, eta gizakiek haren esanak bete behar dituztela. Musulmanek Koranean idatzita dagoena jarraitzen dute, Islamaren liburu sakratuan, alegia. Liburu santu horrek biltzen du Alak Mahomari esan ziona.

Ohiturak

aldatu
 
Musulmanak otoitzean Mekan

Musulman orok bost betebehar ditu, Islamaren zutabeak direnak. Lehenengoa garrantzitsuena da: Jainko bakarra dagoela onartu behar da, eta haren profeta Mahoma izan zela. Bigarren betebeharra otoitza da. Musulmanek egunean bost aldiz egiten dute otoitz. Ostiraletan komunitatea meskita izenez ezagutzen den eraikin edo otoileku batean biltzen da, otoitz egiteko. Hirugarren betebeharra karitatea da. Laugarren betebeharra baraua da, hau da, ez jatea eta ez edatea Ramadanaren hilabete sakratuan, egunsentitik iluntzera arte. Bosgarren betebeharra Saudi Arabian dagoen Meka izeneko hiri sakratura erromesaldia edo bidaia egitea da, bizitzan behin gutxienez egin beharrekoa.

Jaiegunak

aldatu

Egutegi musulmanean ospatzen diren bi festa nagusiak Id al-Fitr eta Id al-Adha izenekoak dira. Id al-Fitr delakoa Ramadanaren bukaerako festa eguna da. Egun horretan, familiek janaria partekatzen dute, opariak elkarri eman eta umeek arropa berria janzten dute. Id al-Fitr eguneko jaiak Mekarako erromesaldiaren bukaera ospatzen du. Otoitz egiteko, familia eta lagunak bisitatzeko eta opariak emateko garaia da. Familia askok animalia bat hiltzen dute eta haragia familiarekin, lagunekin eta pobreekin partekatzen dute.

Historia

aldatu

Musulmanen arabera, 610. urtean, aingeru batek Mahomari esan zion Alak bere profeta izateko aukeratu zuela. Haren bizitza osoan zehar, Mahomak Jainkoaren mezuak jasotzen jarraitu zuen.

Jainko bakarra egotea ideia oso arraroa zen garai hartako arabiarrentzat. Mekan, Mahomaren jatorrizko hirian, jende askok erlijio berria ez zuen gustuko sinesmen horrengatik. Etsaitasuna saihesteko, Mahomak bere jarraitzaileei Medina hirira joateko esan zien. Mahomak Medinara egindako bidaia 622. urteko irailaren 24an bukatu zen. Islamaren historiaren abiapuntutzat hartzen da.

 
Musulmanen hedapena 632tik 750 urtera

Mahomak azkenean Arabiako biztanleria gehiena konbentzitu zuen Islama praktikatzeko. Baina 632. urtean, haren heriotzatik aurrera, nork gidatu behar zituen erabaki behar zutenean, musulmanak ez ziren ados jarri. Mahomaren suhia, Ali, musulmanen kalifa edo buruzagi bihurtu zen 656. urtean, baina 661. urtean hil zuten. Musulmanen zati batek zioen musulmanen buruzagitza Aliren ondorengoei soilik egokitzen zitzaiela. Musulman horiek Islamaren Xiita izeneko adarra osatzen dute. Beste musulmanak, berriz, Sunita izenez ezagutzen dira.

Islama Arabiatik haratago zabaldu zen 600. eta 700. urteen artean. Mediterraneoko ekialdeko eskualdetik erdialdeko Asiaraino. "Gerra santua" egin zuten, beste herrialdeetan kontrol politikoa izateko, sinesmen eta arau islamikoak hartzera behartzeko.

 
Otomandarren inperioa 1683an

XI. mendean, turkiarrak potentzia islamiko gisa hazten hasi ziren. Seljuktar turkiarrek Ekialde Hurbileko hainbat lurralde konkistatu zituzten. 1071. urtean Jerusalen konkistatu zuten. Seljuktarrek ez zieten kristauei utzi leku sakratuak bisitatzen haiek kontrolatzen zuten lurraldean. Hurrengo mendeetan, potentzia musulmanak Lur Santua bereganatzeko helburua zuten kristauen kontra borrokatu ziren hainbat alditan, Gurutzada izenez ezagutzen diren gerretan. XIII. mendean, otomandarrek, turkiar musulmanen beste talde batek, inperio garrantzitsua sortu zuten. Otomandarrek Afrikako Iparraldea, Ekialde Hurbila eta Europako hego-ekialdea gobernatu zituzten ehunka urtez.

Islama gaur egun

aldatu
 
Erlijio islamikoaren hedapena munduan.

XIX. mendean zehar, mendebaldeko potentziek nazio musulmanetan koloniak jarri zituzten, merkataritzan aritzeko. Ondorioz, buruzagi islamikoek botere politikoa galdu zuten. Hala ere, musulmanak komunitate gisa gehiago bateratu ziren kolonizazioaren aurka. XX. mendean, bateratasun ideia horrek herrialde musulman askori lagundu zien independentzia politikorako borrokan.

XX. mendearen bukaeran, Islama munduko erlijioen artean hazkunderik handiena izan zuenetako bat izan zen. Musulmanen zati batek Mendebaldeko influentziaren aurka daude, musulmanen ohitura tradizionalak galtzea dakarrela uste dutelako. Iranen, iraultza batek 1979an buruzagi edo lider erlijioso islamikoak boterera eraman zituen. Islamak eragin handia izan du beste herrialdetako gobernuan ere.