Sinagoga erlijio juduko errituak egiteko erabiltzen den eraikina da; horrez gain, juduek topaleku eta ikasteko leku gisa ere erabiltzen dituzte. Sinagogek paper garrantzitsua izan dute historian zehar erlijio eta kultura juduaren iraupenean.
Sinagogen antolaketa eta diseinua izugarri aldatzen dira leku batetik bestera. Sinagogarik zaharrenak sarritan merkatu batetik gertuko kale txikietan, patio batean edo eraikinen azken pisuan eraikitzen ziren.
Sinagoga baten barruko gauzarik garratzitsuena Tora delakoaren paper-biribilkiak dituen kutxa edo armairua da. Tora judaismoaren liburu sakratua da. Bima izeneko plataforma bat ere badago, non irakurle batek fededunei Tora irakurtzen dien. Errabinoak edo sinagogako buruak fededunei hitz egiten dien leku bat ere egon daiteke.
Fededunak eserleku luzeetan jartzen dira. Iraganean, sinagoga gehienek gizonezkoentzat eta emakumezkoentzat leku bereiziak zituzten. Ortodoxo deituriko judaismoaren adarrean, gizonezko eta emakumezkoak oraindik aparte esertzen dira sinagogan.
Sinagogako gurtzaren zati nagusia Tora irakurtzea da. Erlijio-zerbitzuak ostiral gauetan, larunbat goizetan eta jaiegunetan izan ohi dira.