Hamar Aginduak erlijioaren funtsezko arauak dira juduentzat eta kristauentzat. Lehen hiru aginduek gizakiak Jainkoarekin duen harremana arautzen dute; gainerako zazpi aginduek, berriz, gizakien arteko harremana.

Hamar Aginduak Biblian agertzen dira, Itun Zaharrean. Bere garaian, juduek bete beharreko lege askoren oinarria ziren. Bibliak dio Moisesek bi harrizko taula jaso zituela Jainkoarengandik eta Jainkoak berak grabatu zituela bertan Hamar Aginduak.

Zein dira Hamar Aginduak? aldatu

Biblian, Hamar Aginduak ez daude zerrenda batean idatzita, nolabaiteko kontakizun laburra osatzen duten esaldietan baizik.

Bibliako testu horretatik abiatuta, teologoek (erlijio-adituek) Hamar Aginduen zerrenda egin zuten. Gaur egungo euskarazko bertsioan, honako hauek dira:

  1. Jainkoa maitatuko duzu gainerako guztiaren gainetik.
  2. Ez duzu Jainkoaren izena alferrik erabiliko.
  3. Jaiegunak santuetsiko dituzu.
  4. Aita eta ama ohoratuko dituzu.
  5. Ez duzu erailko.
  6. Ez duzu ekintza lizunik egingo.
  7. Ez duzu lapurtuko.
  8. Ez duzu testigantza faltsurik egingo, ez eta gezurrik esango ere.
  9. Ez duzu pentsamendu edo ekintza lizunik onartuko.
  10. Ez dituzu besteren ondasunak desiratuko.

Noiz jaso zituen Moisesek Hamar Aginduak? aldatu

Itun Zaharrean, juduak Jainkoaren herririk kuttunena dira. Juduek Egiptora ihes egin behar izan zuten eta Moisesek handik atera zituen. Istorio hori Bibliako bigarren liburuan dago, "Exodoa" izenekoan.

Bidean, Moises Sinai mendira joan zen. Han, Jainkoa agertu zitzaion otoitz egiten ari zela, eta harrizko bi taula eman zizkion. Bertan, gaur egun ezagutzen ditugun Hamar Aginduak zeuden zizelkatuta.

Orduan Moisesek bi taulak bere herrira eraman zituen aginduak irakurtzeko. Bitartean, ordea, herriak urrezko zekor bat egin zuen eta haren inguruan ari zen dantzan. Herriak oihu egin zuen: "Hau da Egiptotik atera gintuen Jainkoa!". Orduan, Moises haserretu eta legearen harrizko bi taulak hautsi zituen.

Ondoren, otoitzean ari zela, Moisesek berriro entzun zuen Jainkoaren ahotsa, mendira harrizko bi taula berri eraman zitzala esanez. Jainkoak berriro esan zizkion Hamar Aginduak Moisesi, eta oraingoan Moisesek berak zizelkatu zituen harrizko tauletan.

Nork sinesten du gaur egun Hamar Aginduetan? aldatu

Juduentzat, Hamar Aginduek gaur egun ere balio dute. Lege askoren oinarria dira, Jainkoa baita idatzi zituen bakarra.

Kristauentzat ere baliozkoak dira Hamar Aginduak. Jesusek ez zituen inoiz denak batera aipatu, baina beti aipatu zituen batzuk. Batzuetan gogortu ere egiten zituen, eta esaten zuen, adibidez, ezkontza bat ez hausteaz gain, ez zela horretan pentsatu ere egin behar. Hala ere, antzinako judaismoan ez bezala, ez doa zerura Hamar Aginduak guztiak betetzen dituena, Jainkoaren barkamenean sinesten duena baizik.

Islamean ez dago Hamar Aginduen zerrendarik. Hala ere, Koranak behin eta berriz aipatzen ditu Hamar Aginduetako batzuk. Itun Zaharraren oso antzekoak dira.