Mesopotamiako mapa.

Mesopotamia antzinako lurralde bat izan zen, gaur egun Ekialde Hurbila deitzen dugun lekuan zegoena, Irak, Siriako ekialde, Turkiako hego-ekialde eta Irango hego-mendebaldean. Antzinaroko zenbait zibilizazio edo kultura garrantzitsu garatu ziren bertan, besteak beste asiriarrak, sumertarrak, akadtarrak, babiloniarrak eta persiarrak. Aspaldiko herri haiek estatu-hiri independentetan antolatu ziren hasieran, baina inperio zabalak eratu zituzten gero; gainera, idazkera, aritmetika, geometria eta literatura landu zituzten lehen herriak izan ziren. Idazkera, adibidez, gure aroa baino lehenagoko hirugarren milurtean garatu omen zen, duela 5.000 urte inguru, beraz: idazkera kuneiformea deitzen zaio, ziri itxurako marrak erabiltzen zirelako.

Mesopotamia izena antzinako greziarrek eman ziotena da, Tigris eta Eufrates ibaien arteko lurraldea zelako (izan ere, grezieraz, "bi ibairen arteko lurra" esan nahi du).

Mesopotamiako zibilizazioak aldatu

Hainbat zibilizazio garatu ziren Mesopotamian batzuk besteen jarraian:

  • Sumer: ezagutzen den lehen zibilizazio mesopotamiarra. Hegoaldean hasi zen, K.a. 4500. urte inguruan. Nekazaritza garatu eta ureztatzeko sistemak eraiki zituzten, ibaietako ura soroetara eramateko. K.a. 4000. urtearen ondoren, munduko lehen hiriak sortu ziren bertan: Kish, Uruk, Ur eta Lagash. K.a. 3000. urte inguruan, munduko lehen idazkera-sistema asmatu zuten, kuneiforme deitua.
  • Akadtar Inperioa: Sumertik iparraldera Akad izeneko hiria zegoen. K.a. 2350. urtetik aurrera, Sargon izeneko akadtar agintari batek Sumer eta gainontzeko Mesopotamiaren zati handi bat konkistatu zituen. Hau izan zen munduko lehen inperioa.
  • Babiloniar Inperioa: K.a. 1900. urte inguruan. K. a. 36an, amorrita izeneko herriak Mesopotamia osoa konkistatu zuen. Haien gobernupean, Babilonia Mesopotamiako hiririk garrantzitsuena bihurtu zen. Hiria hain boteretsua zenez, eskualde osoa Babilonia izenarekin ezagutu zen. Babiloniar erregerik garrantzitsuena Hammurabi izan zen. Haren erregealdian egindako lege multzo bategatik da ospetsua: Hammurabiren Kodea.
  • Asiria: Babilonia, K.a. 1600 inguruan hasi zen indarra galtzen. Mesopotamia sortutako hurrengo potentzia handia Asiria izan zen. K.a. 1300ean, asiriarrak inperio bat eraikitzen hasi ziren Mesopotamiako iparraldean eta haratago. K.a. 671. urtean, Asurbanipal izeneko erregeak Egiptoraino hedatu zuten bere inperioa, ordura arteko inperiorik zabalena eratuz. Errege honek Niniveko liburutegi handia eraiki zuen, idazkera kuneiformez idatzitako milaka taulatxo gordetzen zituena; haien artean aurkitu zen Gilgamexen epopeia da. Asiriar Inperioa K.a. 609an amaitu zen.
  • Persia: K.a. 539. urtean, Persiako inbaditzaileek, Ziro II.a erregearekin, kaldearrak konkistatu zituzten; ia bi mende iraun zuen persiarren nagusitasunak, K.a. 330 inguruan Alexandro Handiak Dario III.a erregea garaitu zuen arte.
  • Seleukotar Inperioa: K.a. 312. urtean, Alexandro Handiaren jeneraletako batek, Seleukok, inperio helenistiko bat sortu zuen Mesopotamian. Hiriburua Seleuzia Tigrisekoa izeneko hirian kokatu zuen eta Babilonia abandonatuta geratu zen. Seleuzia milioi erdi bat biztanle izatera iritsi omen zen.
  • Erromatar Inperioa: K. a. 63an, Mesopotamia Garaia Erromatar Inperioaren probintzia bat bihurtu zen; Mesopotamia Beherea, aldiz, Partiar Inperioaren barnean geratu zen. Seleuzia hiria bi inperioen arteko mugatik gertu zegoen, eta, horregatik, eraso ugari jasan zituen eta azkenik abandonatua izan zen.