Ibai Urdinaren kokapena.

Ibai Urdina edo Yangzi Txinako eta Asia guztiko ibai luzeena da. Munduko hirugarren luzeena ere bada, Nilo (Afrika) eta Amazonas (Hego Amerika) ibaien ondoren. Gutxi gorabehera, 6.300 kilometro luze da.

Ibai Urdina Tibeteko mendietan jaiotzen da, Txinaren mendebaldean. Mendien artean egiten du ia bere ibilbide guztia, azken zatian izan ezik. Ibaiadar ugari ditu, 700 inguru, ura Ibai Urdinari ematen diotenak. Garrantzitsuenak Yalong, Min, Jialing, Han eta Wu ibaiak dira. Yangzi ibaiak Ekialdeko Txinako itsasoan amaitzen du bere ibilbidea, Shanghai inguruan, erdialdeko Txinaren ekialdean.

Jendea milaka urtez bizi izan da Ibai Urdinaren inguruko lurretan. Jende asko bizi da orain ere behe-ibilguko lautadetan, bertan lurra oparoa eta nekazaritzarako ona delako. Txinako laborantzaren ia erdia leku honetan lantzen da; bertan arroza, kotoia, garia, garagarra, artoa, babarrunak eta kalamua lantzen dira. Beste jende askok ibaian arrantzatuz ateratzen dute bizimodua.

Yangzi ibaia garraio-bide garrantzitsua izan da XIII. mendetik. Ibaiak barnealdeko eta kostaldeko portuak hiri nagusiekin lotzen ditu, adibidez, Nanjing, Wuhan eta Chongqing.

Gaur egun, Yangziko presek uholdeak kontrolatzen laguntzen dute eta energia elektrikoa ekoizten dute. Gainera, presei esker, itsasontzi handiak ibaitik barrualderago joan daitezke. 1994an, Hiru Arroiletako presa izugarria eraikitzen hasi ziren Ibai Urdinean.