Faktore abiotikoak ekosistema edo biotopo bateko ingurune fisikoa (ura, lurra, arrokak...) eta ingurunearen ezaugarri fisikoak (klima, tenperatura, argia, erliebe (geografia)...) eta kimikoak dira. Faktore horiek izaki bizidunen bizitza baldintzatzen dute, eta organismoen biologian eragiten dute. Adibidez, ura funtsezkoa da izaki bizidun guztiek beren bizi-funtzioak egin ahal izateko. Horregatik, izaki bizidunek biotopo batean bizi ahal izango dute biotopo horretako faktore abiotikoei egokituta badaude bakarrik.
Faktore bat ekintzak beste elementu batzuekin batera garatzen dituen eragile bat da. Bestalde, abiotikoa bizitzarik ez duena da, biotikoaren aurkakoa (organismo bizidunen ezaugarria edo biota osatzen duena).
Edozein ekosistematan faktore biotikoak eta abiotikoak bereiz daitezke. Faktore biotikoak zona batean bizi diren fauna, flora eta gainontzeko izaki bizidunak dira, hau da: animaliak, landareak, onddoak etab. Faktore abiotikoak, aldiz, inguruko elementu kimiko eta fisikoetatik sortzen direnak dira.
Faktore abiotiko fisikoen artean airea, hezetasuna, tenperatura, lurra eta argia daude, besteak beste. Faktore abiotiko kimikoen artean, berriz, mantenugaiak, lurrazalak eta urak duen oxigeno kopurua edota biotopo urtarretan urak duen gatz kopurua.
Nahiz eta faktore abiotikoek bizitzarik ez izan, ezinbestekoak dira izaki bizidun guztiak jaio, garatu, iraun eta ugaltzeko. Adibidez, behi batek airea eta ura behar ditu eta ezin baditu horiek jaso, hil egingo da. Horregatik, faktore biotikoek faktore abiotikoen beharra dute existitzeko.
Argia
aldatuFaktore abiotiko garrantzitsuenetakoa eguzki-argia da, energiaren iturri ezinbestekoa baita. Landareek argi-energia enegia kimiko bilakatu dezakete fotosintesiaren bidez. Energia hori bera landareek sortutako substantzia organiko guztietan aurkitzen da eta animaliek elikaduraren bidez eskuratzen dute.
Eguzki-argiak erritmo biologiko batzuen garapena baldintzatzen du. Faktore abiotiko horren ezaugarrien arabera espezieak modu batera edo bestera biziko dira. Faktore abiotiko hori arrazoi desberdinengatik aldatzen da, translazioaren mugimenduengatik edo gure planetaren errotazioagatik, adibidez.
Kontuan izanda Lurra ez dagoela beti posizio berean eta Eguzkiaren inguruan ibiltzen dela biraka, argazki periodo gisa ezagutzen dena gertatzen da: momentu zehatz bateko argi-kopuruak izaki bizidunon bizi-baldintzei eragiten die.
Faktore abiotiko hori erabat beharrezkoa da gure garapenerako. Oso garrantzitsua da eguzki-argia ekosistemarako, faktore abiotiko hori gabe ez litzatekeelako bizitzarik egongo gure planetan. Izaki bizidun guztiok dugu zuzenean edo zeharka eguzki-argiaren beharra. Fotosintesia egiten duten autotrofoek eguzki-argia behar dute fotosintesia egiteko, eta heterotrofoek autotrofoak behar dituzte, haiek jaten dituztelako.
Tenperatura
aldatuBeste faktore abiotiko nagusi bat tenperatura da, organismo ektotermikoek behar dutena, hau da, haien gorputzetako tenperatura egokitu ezin dutenek (narrastiak, anfibioak eta arrainak, adibidez). Fotosintesia egiteko ere, bero-kantitate bat behar da, nahiz eta txikia izan.
Tenperatura ezinbesteko faktore abiotikoa da. Ekosistemetako bizitza eta espezieen banaketa geografikoa baldintzatzen ditu. Izaki bizidunen gehiengoak ezin du 0 °C baino tenperatura baxuagoan bizi ezta 50 °C baino altuagoan ere. Gehienentzako tenperatura egokiak 15 °C eta 30 °C artean daude.
Lehorreko ekosistemetan tenperatura-desberdintasun nabarmenak daude latitudearen eta altitudearen arabera. Izaki bizidunontzako tenperatura optimoak dauden tokietan, izaki bizidunen aniztasun eta oparotasun handia dago. Muturreko tenperaturak dituzten zonetan, aldiz, oso organismo gutxik irauten dute bizirik. Lehorreko animalia batzuk, hegaztiak eta ugaztunak bakarrik dira homeotermoak, hau da, haien tenperatura mantentzeko gai dira ingurukoak eraginik izan gabe. Horregatik bizi daitezke planetako edozein tokitan.
Ekosistema urtarretan 0 °C eta 30 °C artekoa izaten da tenperatura; izan ere, urak errazago mantentzen du beroa aireak baino. Uretan bizi diren organismo gehienen (arrainak eta poikilotermoak, adibidez) gorputzeko tenperatura inguruko tenperaturaren arabera aldatzen da.
Hezetasuna
aldatuUra eta hezetasuna ere ezinbesteko faktore abiotikoak dira izaki bizidunen garapenerako. Zientzialariek diote gure planetako lehen bizi zantzuak uretan eman zirela, orain dela milioika urte. Gainera, izaki bizidunon gorputz-masaren % 70 da ura.
Lehorreko ekosistemetan uraren kantitatea prezipitazioen arabera aldatzen da. Munduko eskualde hezeetan, lehorretan baino aniztasun biologiko handiagoa dago, basamortuetan adibidez uraren gabeziara ohituta dauden izaki bizidunak bakarrik bizi dira. Uretako ekosistemetan, berriz, izaki bizidunek behar duten ur guztia dute eskura.
Lurra
aldatuLurraren ezaugarriak ere faktore abiotiko garrantzitsuak dira. Lurraren maldak eta orientazioak zuzenean eragiten die izaki bizidunei. Izan ere, bi ezaugarri horiek euriaren ura mantentzeko aukeran, haizearen indarrean eta argitasunean eragiten du. Horretaz gain, lurraren konposizioa ere garrantzistua da, landare batzuk edo beste batzuk haztea baldintzatzen duelako.