Salburuko hezegunean, Gasteizen, hainbat biotopo aurki daitezke.

Biotopoa ekosistemaren zati bizia edo osagai biziduna (biozenosia) garatzen den espazio fisikoa da. Termino hori grezierazko bio (bizitza) eta topos (tokia) hitzetatik dator. Beste era batean esanda, biotopoak bizitza garatzea posible den espazioak dira, eta habitat bateko osagarri bizigabe guztiak barne hartzen dituzte. Osagarri horien artean daude, besteak beste, airearen eta uraren tenperatura, prezipitazioak edota lur-mota. Elementu horiek baldintzatzen dute animaliek, landareek eta onddoek biotopo batean bizitzeko duten aukera.

Gauza bera al dira biotopoa eta habitata? aldatu

Biotopo kontzeptua habitataren antzekoa da eta hizkuntza arruntean sinonimo gisa erabiltzen dira askotan. Hala ere, ikuspuntu espezializatuago batetik, habitat hitzarekin espezie edo populazio jakin batzuk bizi diren eremueak izendatzen dira. Habitatek ingurumen-ezaugarri jakin batzuk izaten dituzte espezie edo populazio horiek bizirik iraun eta ugaldu daitezen. Biotopo hitzak, berriz, komunitate biologiko edo biozenosiari egiten dio erreferentzia.

Biozenosia biotopo berean bizi diren edozein espezietako organismo guztiek osatzen dute. Biotopoan hiru multzo topa daitezke: animalien komunitatea (zoonosia), landareak (fitozenosia) eta mikroorganismoak (mikrobiozenosia). Biotopoak eta biozenosiak osatzen dute ekosistema. Honela definitzen dute biologoek: «bizirik dauden organismoen komunitate bat, elkarreraginez bizi direnak». Biozenosiaren eta biotopoaren lotura argia da, organismo batek behar dituen baliabideak ingurunetik eskuratzen baititu.

Biotopo bat bereizteko ezaugarri bat honako hau da: oso espazio txikia izan daitekeela; loreontzi bat, adibidez, biotopoa izan daiteke. Habitata ez dago eremu geografiko jakin bati lotua, eta eremu geografiko handi bat habitata izan daitekeen bezala, txiki bat ere habitata izan daiteke. Adibidez, tigre siberiarraren habitatak ehunka kilometro ditu eta baleen habitatak milaka kilometro karratu hartzen ditu. Hainbat bizkarroi edo parasitoren edo bakterioen habitatak, aldiz, area mikroskopiko bat besterik ez du hartzen.

 

Biotopo bakoitza, orokorrean, biotopo-multzo baten barruan aurkitzen da eta biotopo guztiek eragina izaten dute batak bestean, biotopo-sareak osatuz. Habitata ordea, indibidualki azaldu ohi da eta espezie bakoitzak habitat bat izan ohi du. Biotopo bat bere onera itzultzeko eta babesteko, beharrezkoa izaten da gizakiaren esku hartzea. Habitat naturaletan, berriz, gizakion eskuhartzeak eragin negatiboa izan ohi du ingurumenarentzat. Biotopo bat kutsaduragatik edo beste faktore batengatik kaltetua izaten bada, hainbat neurri har daitezke egoera onera itzultzeko; espezie begetal jakin batzuk landatu daitezke edo ur-lasterrak garbitu, adibidez.

Biotopo bat onera ekartzeko beste hainbat gauza gehiago ere egin daitezke: ibaien kalitatea hobetu (urarena eta ur-bazterrena), zuhaitz eta zuhaixken kontserbazioa zaindu, errepideen alboetan parke naturalak sortu edo lorategi zein urmaelak eraiki.

Ez da komenigarria biotopoak bakartuta egotea. Gomendatzen da bata bestearekin lotzea organismoen zirkulazioa bultzatzeko. Horretarako, biotopoak zabaldu egiten dira, haietan animalia eta landare gehiago bizi daitezen.