Ekologia izaki bizien eta ingurumenaren arteko harremanak aztertzen dituen zientzia da. Alor honetako aditu edo zientzialariei "ekologo" deitzen zaie. "Ekologistak", aldiz, ingurumena eta natura zaindu eta babestearen alde daudenak dira.

Ekologia garrantzitsua da, erakusten duelako ingurumenean gertatzen diren aldaketek nola eragiten duten izaki bizidunen bizitzan eta biziraupenean. Adibidez, kutsadurak halako izaki bizidun batzuk hiltzen dituenean, haietaz elikatzen diren animaliak ere hil daitezke. Ekologo eta ekologisten lana oso baliagarria da ingurumena eta ekosistema guztiak babestu beharraz konturatzeko.

Zer ikertzen du ekologiak?Aldatu

Esan bezala, izaki bizidunen eta haien ingurunearen arteko harreman eta elkarreraginak aztertzen ditu ekologiak. Elkarreragin horiek maila desberdinetan gertatzen dira; izaki bakoitzak, populazioek (izaki taldeek) eta ekosistemek interakzio mota desberdinak dituzte beren ingurunearekin.

Populazio bat eremu jakin batean bizi diren espezie bereko kide guztiek osatzen dute. Populazio bateko kide bakar bati banakoa deitzen zaio. Populazio bat bizi den eremua handiagoa edo txikiagoa izan daiteke: baso bateko zuhaitzak populazio bat dira, eta ozeano bateko marrazo zuri handien multzoa ere bai; pertsona baten heste lodian bizi diren bakterioak ere populazio baten beste adibide bat dira. Populazio bat bere tamainaren eta banakoak eremu jakin batean banatzeko moduaren arabera deskribatzen da.

Eremu batean elkarren artean elkarreragiten duten populazio ugariei komunitate deitzen zaie. Adibidez, baso komunitate batek zuhaitzak, landareak, ugaztunak, intsektuak, lur zizareak eta izaki bizidun ñimiño asko ditu lurrean, onddoak eta bakterioak, esaterako. Baso komunitate bateko kideak elkarren menpe daude bizirauteko.

Ekosistema bat eremu bateko komunitate eta material ez-bizidun guztiek osatzen dute. Lurreko ekosistemak baso, belardi, tundra eta basamortuetan aurki daitezke. Ur gazi eta gozoaren ekosistemak ozeano, laku, ibai eta hezeguneetan daude.

eta