Txikipedia:Bertsolari Txapelketa Nagusia

2009ko Bertsolari Txapelketa Nagusia

Bertsolari Txapelketa Nagusia Euskal Herriko bertsolari guztiak biltzen dituen txapelketa da. Badira beste hainbat txapelketa baina honetan bakarrik aritzen dira herrialde guztietakoak. Lehenengoa Euskadi Gaztedik antolatu zuen, 1935ean. Gero, hainbat etenaldiren ondoren, Bertsozale Elkarteak hartu zuen antolakuntzaren ardura 1986az geroztik. Harrezkero lau urterik behin egiten da, eta, hainbat kanporaketaren ondoren, zortzi bertsolariren artean jokatzen da finala. 2017ko finala Maialen Lujanbiok irabazi zuen.

Urtea Txapelduna
1935 Inazio Eizmendi Manterola "Basarri"
1936 Jose Manuel Lujanbio Retegi "Txirrita"
1960 Inazio Eizmendi Manterola "Basarri"
1962 Manuel Olaizola Urbieta "Uztapide"
1965 Manuel Olaizola Urbieta "Uztapide"
1967 Manuel Olaizola Urbieta "Uztapide"
1980 Xabier Amuriza Sarrionandia
1982 Xabier Amuriza Sarrionandia
1986 Sebastian Lizaso Iraola
1989 Jon Lopategi Lauzirika
1993 Andoni Egaña Makazaga
1997 Andoni Egaña Makazaga
2001 Andoni Egaña Makazaga
2005 Andoni Egaña Makazaga
2009 Maialen Lujanbio Zugasti
2013 Amets Arzallus Antia
2017 Maialen Lujanbio Zugasti

1967ko txistu, oihu eta txaloak aldatu

 
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Xalbardor 1967ko Bertsolari Txapelketa Nagusian.
 
Uztapide eta Xalbador 1967ko Bertsolari Txapelketa Nagusian

1967ko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartu zuen, eta bigarren amaitu zuen. Hala ere, urte hartako txapelketan protagonista nagusia izan zen; berak nahi gabe, baina.

Txapelketa-saioa Donostiako Anoeta pilotalekuan aurrera zihoala, Alfonso Irigoienek epaimahaikideen erabakien emaitza irakurri zuen: Xalbador bertsolaria, Uztapiderekin batera, txapelaren bila lehiatzeko azken fasera iragan zela.

Orduan ikus-entzule zenbait oihuka eta txistuka hasi ziren minutu erdiz, erabakiarekin bat ez zetozela agerian utziz. Beste batzuk, berriz, Xalbadorren alde txaloka hasi ziren. Uztapide eta Xalbador bertsolariak, mikrofonoen aurrean, isilik ziren. Azkenean, zalaparta artean ekin zion Uztapidek lehen bertsoa botatzeari, eta ondoren hasi zen bertsotan Xalbador, erabakiaren erantzukizuna berari ez zegokiola adieraziz. Txalo artean bukatu zuen bertsoaldia, bertso gogoangarri eta hunkigarri izan zen, eta, ordutik, areagotu egin ziren Xalbadorren aldeko keinuak eta zaleak. Hau da orduko bertso ospetsua:

"Anai-arrebok, ez, otoi, pentsa

neu're gustora nagonik,

poz gehiago izango nuen

albotik beha egonik.

Zuek ezpazerate kontentu

errua ez daukat ez nik,

txistuak jo dituzute bainan

maite zaituztet orainik."