Balkanak edo Balkanetako penintsula Europa hegoaldean dagoen lur zati handi bat da. Honako herrialde hauetan banatuta dago: Eslovenia, Kroazia, Bosnia-Herzegovina, Serbia, Kosovo, Montenegro, Ipar Mazedoniako Errepublika, Moldavia, Errumania, Bulgaria, Albania, Grezia eta Turkiako zati europarra. Batzuetan eskualde osoari Balkanak deitzen zaio. Balkanetako historian zehar hainbat gerra eta inbasio egon dira.
Mota eta etnia askotako jendea bizi da Balkanetan. Haietako gehienak eslaviarrak dira. Eslaviarren artean serbiarrak, kroaziarrak, esloveniarrak eta mazedoniarrak daude. Horiez gain, Balkanetan errumaniarrak, albaniarrak, bulgariarrak, hungariarrak, turkiarrak, alemaniarrak eta ijitoak ere bizi dira, besteak beste. Etnia bakoitzak bere hizkuntza hitz egiten du. Erlijio nagusiak kristautasuna eta islama dira. Balkanetan gatazka asko sortu dira erlijioen erruz.
Geografia
aldatuPenintsula ia osoa mendiz beteta dago (Balkan hitzak “mendia” esan nahi du turkieraz). Balkanetako eskualde lau bakarrak Errumanian eta Bulgarian aurkitzen dira. Balkanetako ibai garrantzitsuena Danubio ibaia da. Penintsulako iparraldean neguak hotzak eta elurtsuak izan ohi dira, eta udak epelak. Hegoaldean neguak arinak dira, eta udak beroak eta lehorrak.
Historia
aldatuAntzinako garaietan iliriarrak, traziarrak eta daziarrak bizi ziren Balkanetan. Baina K.a. 229. urtean erromatarrek penintsula inbaditu zuten. Erromatarrek hainbat mendez kontrolatu zituzten Balkanak. K.o. 300. urte inguruan, kristautasuna Erromatar Inperiora zabaldu zen. K.o. 395ean, inperioa bitan banatu zen. Banaketa hura lerro baten bitartez egin zuten, lerro hori Balkanetatik pasatuz. Inperioaren mendebaldean, Erroma hiriak agintzen zuen eta bertan bizi ziren pertsonak erromatar katolikoak bilakatu ziren. Ekialdean, berriz, Konstantinopla (gaur egungo Istanbul) hiriak agintzen zuen eta bertan bizi zirenak ekialdeko kristau ortodoxo bilakatu ziren. Gutxi gorabehera une berean beste herri batzuk iparraldetik Balkanak inbaditzen hasi ziren. Eslaviarrak inbaditzaile horien artean zeuden. 500. urte ingururako, eslaviarrak ia penintsula osora zabalduta zeuden.
Eslaviarrak etnia ezberdinetan banatzen hasi ziren. Banaketa horren arrazoi nagusiena erlijioa izan zen. Balkanen mendebaldean bizi ziren eslaviarrak erromatar katoliko bilakatu ziren. Ekialdean bizi zirenak, aldiz, ekialdeko kristau ortodoxo bilakatu ziren.
Balkanetako etnia edo herri batzuek beraien erreinu propioak sortu zituzten, bulgariarrek eta serbiarrek, adibidez. Baina XIV. mende amaiera aldera eta XV. mendean zehar, turkiar otomandarrek Balkanak inbaditu zituzten, eta eskualde osoa Otomandar Inperioaren parte izatera pasa zen. Turkiarrek eslaviarrei eta beste herri batzuei Islam erlijioa inposatu zieten.
XIX. mendean, Balkanetako jendea turkiarren aurka errebelatu zen eta beraien estatuak sortu zituzten. 1912. urtean, Serbia, Bulgaria, Grezia eta Montenegro batu egin ziren turkiarren aurka borrokatzeko, bai eta irabazi ere. Baina geroxeago Balkanetako estatuak elkarren artean borrokan hasi ziren. Ez ziren ados jarri turkiarrei irabazitako lurren jabeak nortzuk ziren erabakitzean. Lehen Mundu Gerran (1914-1918) Balkanak bi bandoen artean zeuden banatuta.
Lehen Mundu Gerraren ondoren, Balkanetan herrialde berri bat sortu zen. Herrialde hori Serbia, Montenegro, Kroazia, Eslovenia, Bosnia-Herzegovina eta Mazedoniak osatzen zuten. Herrialdearen barruan errepublika bana osatzen zuten lurralde horiek. Laster, 1929an, herrialdeari Jugoslavia deitu zioten.
Bigarren Mundu Gerraren ondorengo urteetan, Balkanak gobernu komunisten menpe egon ziren. Bertako gobernuetako gehienak Sobietar Batasunaren kontrolpean zeuden. Baina, 1989 aldera, komunistak boterea galtzen hasi eta Balkanetako gobernuak beren lurraldeetan demokrazia ezartzen hasi ziren. Herrialde guztiek, ordea, arazo ekonomiko larriak zeuzkaten.
1991 eta 1992an Kroaziak, Esloveniak, Mazedoniak (egun Ipar Mazedoniako Errepublika dena), eta Bosnia-Herzegovina Jugoslaviatik atera ziren beraien herrialdeak sortzeko. Jugoslaviako banaketak gatazkak ekarri zituen, eta gatazkek urte asko iraun zuten. Jugoslavian mantendu ziren bi errepublikak Montenegro eta Serbia ziren. 2003an Jugoslavia izena erabiltzeari utzi zioten. Gero, 2006an, Serbia eta Montenegro ere banatu ziren. Beste banaketa bat gertatu zen 2008an: Kosovo probintziak independentzia aldarrikatu zuen, Serbiatik banatuz. Baina Serbiak ez zuen onartu Kosovoren aldarrikapen hori.