Kurriloen migrazioa.

Animalien migrazioa animaliak taldeka urteko garai jakin batean habitat batetik bestera mugitzeari deitzen zaio. Urteko zenbait garaitan, ugaztunak, hegaztiak, arrainak, intsektuak eta beste animalia batzuk toki batetik bestera mugitzen dira.

Migrazioan faktore biotikoek eta faktore abiotikoek hartzen dute parte; hau da, esaterako, migratzen duten animaliek aire eta ur korronteak erabiltzen dituzte toki batetik bestera mugitu ahal izateko. Kasu batzuetan, faktore abiotikoek bultzatzen edo abiatzen dute migrazioa: adibidez, urtaro-aldaketetan gertatu ohi diren argi edota tenperatura aldaketek.

Zergatik gertatzen dira? aldatu

Hainbat arrazoirengatik sortzen dira migrazioak: animalia batzuk ugaltzeko edota janaria bilatzeko mugitzen dira; beste batzuk hibernatzeko edota negua deskantsatzen igarotzeko; beste animalia batzuk klima beroegia, hotzegia, hezeegia edo lehorregia delako joaten dira klima egokiagoko tokietara.

Animalien migrazioak aldizkakoak izaten dira; hau da, urtero ibilbide berdinak egiten dituzte, urtaro jakin batean toki batetik bestera mugitzen dira, eta hurrengoan ere ibilbide bera egiten dute (adibidez udaberrian edo udazkenean). Kasu berezi batzuetan, animaliak toki batean gelditzen dira betiko, aurreko habitatak espezie horrentzako jada ez duelako balio.

Beraz, migrazio-mugimenduak gertaera naturalak dira eta migrazio-prozesuan parte hartzen duten ekosistemen oreka mantentzen dute (ibilbidearen hasierako ekosistema, migrazio-taldeek igarotzen dituzten bitarteko ekosistemak eta ibilbidearen amaierako ekosistema).

Aldiz, gizakiek animalia taldeak toki batetik bestera mugitzen dituztenean ez da animalien migrazioa, ez delako prozesu naturala. Horri «kanpoko espezieak sartzea» deitzen zaio. Kanpoko espezieak era artifizial horretara beste habitat batera mugitzeak ondorio ekologiko txarrak ekar ditzake habitat horrentzat, baina izan ditzake ondorio onak ere: mugitutako espezie hori bizirik mantentzea, desagertu gabe, adibidez.

Nola gertatzen dira migrazioak? aldatu

Animaliek lurretik, uretatik eta airetik migratzen dute. Adibidez, munduko iparraldeko txori eta saguzar asko hegoaldera joaten dira negua pasatzera. Balea batzuek neguan poloetako ur hotzetatik ur epelagoetara mugitzen dira. Edota Alaskako karibuek neguan milaka kilometroko bidea egiten dute klima egokiago baten bila.

Beste animalia batzuk bertikalean mugitzen dira, hau da, goitik behera. Adibidez Estatu Batuetako orein mota bat neguan mendi goialdetik beheraino jaisten da. Bestalde, lurrazpiko zizare batzuk lur gainaldetik zorupearen beheraino jaisten dira.

Espeziearen arabera, animaliek kilometro gutxi batzuk edota milaka kilometro egin ditzakete migrazioan. Adibidez, igelek ibilbide motzak egiten dituzte, putzuetara joaten dira ugaltzera. Bestalde, atun-txoriak uda Artikoan igarotzen du eta negua Antartikan, hau da, 18.000 kilometroko bidea egiten du.

Beste alde batetik, migrazioak gauez nahiz egunez egin ohi dituzte. Txori batzuek (adibidez antzarek) egunez bidaiatzen dute; baina txolarreek, txinboek eta birigarroek egunez.

Animalia migratzaileen bideak zailak izaten dira askotan. Mendien eta ibaien ezaugarriei begiratzen diete non dauden jakiteko. Zientzialariek uste dute Eguzkiaren eta izarren kokapenari ere begiratzen dietela. Animalia batzuek (izokinek esaterako) usaimena erabiltzen dute horretarako.