Zientzialaria metodo zientifikoen bitartez jakintza berriak lortzeko lan egiten duen pertsona da. Zientzialariek, oro har, natura ezagutzeko ikerketa-lanak egiten dituzte.
Askotan, zientzialariak laborategietan lan egiten duten pertsonak direla uste izaten da, baina gauzak ez dira beti horrela izaten; antropologoak, biologoak, fisikariak, paleontologoak, arkeologoak, soziologoak eta beste zientzialari asko ez dira laborategietan aritzen beren ikerketak egiteko.
Zientzialariek unibertsitatera joan behar dute aukeratu duten zientzia-alorreko titulua lortzeko. Behin lizentzia lortuta, zenbait zientzialari, ingeniariak adibidez, lanean has daitezke. Aldiz, beste zientzialari batzuk, medikuek esate baterako, titulu gehiago lortu behar dituzte lan egiten hasteko. Zenbait zientzialarik, tituluak lortu ondoren, irakasle gisa egiten dute lan. Unibertsitatean gera daitezke. Ikertu eta egindako aurkikuntzen inguruan idatz dezakete, beste batzuei irakasten dieten bitartean. Beste zientzialari batzuek produktu berriak garatu nahi dituzten enpresentzat egin dezakete lan. Zenbait zientzialarik laborategietan egiten dute lan, beste batzuek, berriz, laborategietatik kanpo, dinosauroen hezurrak lurpetik ateraz edo landareak bilduz, adibidez.