Tunisko gudua (K.a. 310)
Tunis Zuriko gudua Kartago eta Agatokles Sirakusakoaren artean borrokatu zen K.a. 310ean. Libiara[ohar 1] egindako Agatoklesen espedizio militarrarren lehen gudu handia izan zen.
Tunisko gudua | |||
---|---|---|---|
Siziliar gerren atal bat | |||
Data | K.a. 310 | ||
Lekua | Tunis, Tunisia | ||
Emaitza | Sirakusarren garaipena | ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
| |||
Indarra | |||
| |||
Galerak | |||
|
Kartagotarrak sirakusarrak baino askoz gehiago baziren ere, Agatoklesen soldaduek gerran esperientzia handiagoa zuten. Beste faktore garrantzitsu bat guda-zelaia izan zen, kartagotarrei eragotzi ziena armada osoa Agatoklesen kontra erabiltzea. Hori dela eta, kartagotarrek porrot handia jasan zuten, eta, horren ondorioz, kartagotarren aliatu batzuek Agatoklesen aldera igaro ziren.
Atarikoa
aldatuLehenago Kartagoren aurkako gerran, Agatoklesek Himera ibaiko gudua galdu zuen K.a. 311n eta Siziliaren kontrola galdu zuen Sirakusa bera izan ezik, urte berean kartagotarrek setiatu zutena. Sirakusa setiatzen zuen armadari aurre egin beharrean, ustekabeko eta arriskutsua zen eraso bat hastea erabaki zuen etsaien etxeko lurretan, Tunisian.
Erasoak, kartagotarrak Sirakusatik aldendu eta Kartagoko aliatu libiarrak matxinatzera bultzatuko zituen, baita Kartagoko lurralde aberatsa arpilatzeko aukera ere. Agatoklesek kalkulatu zuen bere esperientziadun armadak, nahiz eta urria izan, Afrikako kartagotar indarren aurrean abantaila izango zuela, Siziliako kartagotar indarrak baino eskarmentu gutxiago zutelako[1].
Hirurogei trirremerekin Agatoklesek Sirakusari kartagotarrek jarritako blokeotik ihes egitea lortu zuen K.a. 310eko abuztuan[2]. Bere flotak itsas gudu bat ekidin izan zuen, kartagotar flota bat haren atzetik bazihoan ere, Latomiae-n lehorreratu zirenerako, hau da, Bon lurmutur modernotik gertu dagoena[3][4]. Orduan, Agatoklesek bere ontziak erre zituen soldaduei erretiratzeko aukera oro kentzeko. Beste arrazoi bat izan zen, honela ez zuen bere indarraren zati bat utzi behar ontziak zaintzeko, kartagotarrek harrapa ez zitzaten[5].
Greziar armadak landa oparoa arpilatu ondoren, Agatoklesek bere armada gidatu zuen Megalopolis kartagotar hiriaren aurkako eraso zuzen batean. Hiriak harresiak zituen arren, biztanleek ez zuten euren hiriaren aurkako erasorik espero eta ez zuten gerran esperientziarik. Erresistentzia denbora labur baten ondoren, greziarrek hiria arpilatu eta suntsitu zuten. Orduan Agatoklesek Tunis Zuria hiria eraso eta suntsitu zuen eta kanpalekua ezarri zuen hiritik kanpo[6]. (Megalopolia, Soliman modernoaren gunearekin, eta Tunis Zuria, Tunis modernoarekin identifikatu daitekeela iradoki da, baina hori ez da ziurra)[7][8].
Izua sortu zen Kartagon biztanleek Agatokles iritsi zela jakin zutenean, ez baitzuten pentsatu Agatokles Sirakusatik alde egingo zuela hango kartagotar armada eta itsas armada desagerrarazi ezean. Haien izua baretu zen Siziliatik kartagotar mezulariek jakinarazi zutenean Agatoklesek blokeotik ihes egin zuela, baina irlako kartagotar indarrak oso-osorik zeudela[9]. Zaharren kontseiluak bi kartagotar arerio izendatu zituen armadako jeneralak, Hannon eta Bomilkar, Agatokles garaitzeko. Diodoro Sikuloren arabera, Bomilkarrek egoera horretaz baliatu nahi izan zuen bere arerioa kentzeko eta berarentzat Kartagoko boterea hartzeko.[10]
Gudua
aldatuDiodoro Sikuloren arabera, Hannonek eta Bomilkarrek Agatoklesi azkar erasotu nahi izan zioten. Beraz, ez zuten itxaron kartagotar errefortzu- edo haien hiri aliatu-soldaduak iritsi arte. Kartagotarrek 40.000 infante, 1.000 zaldun eta 2.000 gurdiko armada bildu zuten[11]. Diodororen gurdien kopurua gehiegizkoa zen ziurrenik[12]. Justinok idazten du kartagotar armadak 30.000 gizon zituela, eta bakarrik aipatzen du Hannon jeneral bat zela esateko[13]. Kartagotarrak Agatoklesengana hurbildu ziren Tunis Zuriatik gertu zegoen kanpamentura eta borrokarako formazioak antolatu zituzten. Hannonek eskuin-hegala zuzentzen zuen, Legio Sakratua ondoan zuela. Bomilkar ezker hegalean zegoen falange sakon batekin, zeren eremuak ez baitzion formazioa luzatzen uzten. Aurretik jarri zituzten gudu-gurdiak eta zalditeria, grekoak lehenbizi joko zituztenak[11].
Agatoklesek bere seme Arkagato jarri zuen eskuin hegalean 2.500 oinezkoekin. Gainera, 3.500 sirakusar, 3.000 greko, 3.000 samnitak, etruriar eta zelta zabaldu zituen. Ezkerreko hegalaren aurrealdea bera agindu zuen bere guardiarekin eta 1.000 hoplitekin Legio Sakratuaren aurka borrokatzeko. 500 arku eta habailari banatu zituen hegalen artean. Bere soldaduen morala areagotzeko Atenarentzat sakratuak ziren hontzak askatu zituen soldaduen artean[14].
Kartagotar gurdiek eta gero zalditeriak greziarren aurka kargatu zuten lehenik, baina haien erasoa ez zen eraginkorra izan. Hildakoak jasan ondoren, kartagotar armadaren atzealdera ihes egin zuten. Orduan kartagotar infanteria aritu zen. Hannonek eta Banda Sakratuak gogor eraso zuten, greziar aldean hildako asko eraginez. Hala ere, Hannon larri zauritua suertatu eta guduan hil zen. Haren ondoan zeuden kartagotarrak harrituta geratu ziren, eta horrek greziarrak gogor estutzera bultzatu zituen. Bomilkar egoera horretaz jabetu zenean, erretiro ordenatua egin zuen goialdera. Diodoro Sikulo-k kartagotar herritarrak garaituta ikusteko nahiari egozten dio hori, Kartagoko boterea bereganatzea ahalbidetuko ziona. Ordenaturiko erretiratze hori porrot bihurtu zen. Legio Sakratuak erresistentzia eskaintzen jarraitu zuen, baina ia inguraturik zeudenean ihes egin zuen. Agatoklesek Kartago aldera jarraitu zituen denbora batez, baina gero atzera egin eta etsaien kanpalekua arpilatu zuen[15].
Diodoro Sikulok zioenez, 200 greziar hil ziren eta 1.000 kartagotar, baina gaineratu zuen beste batzuen arabera, 6.000 kartagotar hil zirela[16]. Justinok, berriz, 2.000 greziar eta 3.000 kartagotar hildakoen kopurua eman zituen[17], baina gaur egungo kalkuluen arabera, greziarrek 500 gizon galdu zituzten eta kartagotarrek 3.000[12].
Ondorioak
aldatuBere indar txikiarekin Agatoklesek ezin izan zuenez Kartago setiatu, hiriaren aurrean kanpatu eta landa eremua arpilatu zuen. Kartagon biztanleek jainkoen haserrea jasaten ari zirela uste zuten, orain ase behar zutenak. Diru kopuru handi bat eta beste eskaintza garesti batzuk bidali zituzten Tiro ama hirira, Melkart-i sakrifizio gisa. Diodororen arabera, berrehun haur eta hirurehun heldu eskaini zizkioten Baal-i, suzko putzu batera botaz.
Kartago inguruko hainbat hiri Agatoklesen aldera igaro ziren, bai haren beldurrez edo Kartagori gorrotoz. Tunis Zuriaren kanpamendua gotortu eta han goarnizio bat utzi ondoren, kostaldeko hiriak menderatu zituen. Neapolis erasotu zuen baina ez zuen arpilatu. Agatoklesek Hadrumetum setiatu zuen denbora laburrean, eta Aelymas, Libiako erregeak, aliantza bat egin zuen berarekin.
Kartagotarrek, Agatoklesen absentzia aprobetxatuz, Tunisia Zuriari eraso egin zioten, kanpamendua hartu eta hiria setiatu zuten. Agatoklesek horren berri izan zuenean, Hadrumetumeko setioa utzi zuen indar txiki batekin, Tunis Zuria eta Hadrumetum ikusten zen mendi batera joateko. Bi etsaiak engainatu zituen, gauez su asko pizteko agindu zienean bere soldaduei, kartagotarrek pentsa zezaten etsaien kopurua askoz handiagoa zela.
Kartagotarrek setioa bertan behera utzi eta atzera egin zuten, uste zutelako Agatokles armada handi batekin zetorrela. Hadrumetum errenditu zen, Agatoklesek errefortzu ugari jasoko zituelako ustean. Gero, arrapaladan, Tapso hartu zuen, eta hiri gehiagotara hedatzen jarraitu zuen, indarrez edo konbentzimenduz. Kartago inguruko hiri eta herri guztiak, berrehun baino gehiago, kontrolpean hartu ondoren, bere armada Libiaren barrenera eramateko asmoa zuen.
Agatoklesek guda txiki bati aurre egin behar izan zion Tunis Zurian, kartagotarrek Sirakusako setiotik atera zituzten 5.000 gizon jaso zituztelako. Agatokles Libiako barnealdeko eskualdeetara abiatu eta egun gutxira, kartagotarrek Tunis Zuria setiatu zuten berriro beren errefortzuekin. Haiekin bat egin zuten Libiako aliatu batzuk, besteak beste, Aelymas erregea, Agatoklesekin zuen aliantza traizionatu zuena. Albiste hau Agatoklesi heldu zitzaionean atzera egin zuen, gauez martxa egin zuen eta egunsentian kartagotar setiatuei ezusteko erasoa egin zien. Haien 2.000 gizon hil zituen baita Aelymas erregea ere, hainbat gatibu hartzeaz gain. Ondoren, Libian kanpaina egiteko planei ekin zion berriro, baina Tunis Zurian beste gudu bati aurre egingo zion K.a. 309an.
Oharrak
aldatu- ↑ Borroka honen berri Diodoro Sikulok eman zuen, greziarra bera. Antzinako greziarrek Libia deitzen zioten Egiptotik mendebaldera zegoen Ipar Afrika osoari.
Erreferentziak
aldatu- ↑ Diodoro Sikulo, 20.3
- ↑ Diodoro Sikulo, 20.5; 20.12
- ↑ Diodoro Sukulo, 20.6;
- ↑ Justino, 22.6.6.
- ↑ Diodoro Sikulo, 20.7
- ↑ Diodoro Sikulo, 20.8
- ↑ Meister, K. (1984). "Agathocles". In Walbank, F. W.; Astin, A. E.; Frederiksen, M. W. (eds.). The Cambridge Ancient History. Vol. 7. Cambridge, United Kingdom: Cambridge University Press. ISBN 978-0-5212-3445-0.
- ↑ Diodoro Sikulo, 19. oharra
- ↑ Diodoro Sikulo, 20.9
- ↑ Diodoro Sikulo, 20.10.1.5.
- ↑ a b Diodoro Sikulo, 20.10.5–6.
- ↑ a b Ray, Fred Eugene (2009). Greek and Macedonian Land Battles of the 4th Century B.C.: A History and Analysis of 187 Engagements. Jefferson, North Carolina: McFarland & Company. ISBN 978-1-4766-0006-2, p. 198.
- ↑ Justino 1853, 22.6.5.
- ↑ Diodoro Sikulo, 20.11.
- ↑ Diodoro Sikulo, 20.12.
- ↑ Diodoro Sikulo, 20.13.1.
- ↑ Justino, 22.6.6.