Trobairitzak XII eta XIII mendeetako okzitaniar emakume olerkari edo trobadoreak izan ziren, 1170tik 1260ra aritu zirenak.[1] Trobairitz (tɾuβajˈɾits) hitza singularra nahiz plurala da.[2]

Diá-ko kondesaren Erdi Aroko irudia
Musika gordetzen duen trobairitz baten kantu bakarra, Diá-ko kondesaren "A chantar m'er".

Trobairitz hitza lehen aldiz XIII. mendean dokumentatu zen: Flamenca izeneko erromantzean.[3] Trobar hitz probentzaletik eratorria da, eta esanahi literala 'topatu, aurkitu, bilatu' da, eta "konposatu, sortu" esateko erabiltzen da. Trobairitz hitza oso gutxitan erabili zen da Erdi Aroko okzitanieran, baina, aldiz, bai poesia lirikoan, bai gramatika tratatuetan bai eta biografietan (bizitzak deituak) agertzen dira trobadore eta trobairitz hitzak.[4] Esate baterako, Terramagnino Pisakoren Doctrina d'acort tratatuan (1282 eta 1296 artean idatzia): plurala eta singularra berdinak dituen hitz baten adibide gisa erabiltzen du trobairitz hitza.[2]

Trobairitzek konposatu egiten zuten, bertsoak idazten zituzten eta interpretatu egiten zuten Okzitaniako nobleen gorteetan. Musikaren historian apartekoak dira, Europa Mendebaldeko musika laikoko lehen emakumezko musikagile ezagunak baitira. Aurrez ezagutzen diren emakumezko musikagileek musika sakratua idatzi zuten.[5] Trobairitzek gorteko gizartearen parte ziren, joglaressak ez bezala, azken hauek gizartearen klase baxuagoakoak baitziren.[6] Trobadore batzuek jatorriz gizarte maila apalekoak izanagatik —adibidez, Bernart Ventadorngo gaztelu bateko okinaren semea izan liteke—, trobairitzak noble jaioak izan ohi ziren. Trobairitz garrantzitsuenak honakoak izan ziren: Alamanda Castelnaukoa, Azalaís Porcairagueskoa, Maria Ventadorngoa, Tibors, Castelloza, Garsenda Proençakoa, Gormonda Monpeslierrekoa eta Diáko kondesa.

Informazio iturriak

aldatu

Trobairitzei buruzko informazio iturri oso gutxi iritsi zaizkigu. Datu guztiak vidas edo haiei buruzko biografietatik datoz; razós izeneko lanetatik (kantuen testuinguru-azalpen lanetatik); eta chansonniers izeneko abesti bildumetan zeuden deskribapen laburretatik. Vidas edo biografiak ez dira batere fidagarriak, maiz trobairitzek idatzitako poemen estrapolazio erromantizatuak baino ez baitira.[7] XII eta XIII. mendeetako hogei bat emakumezko poeten izenak iritsi zaizkigu gaur egun arte, eta hogeita hamabi lan egotzi zaizkie trobairitzei. [5] [8] Trobadoreen aldean, ehuneko 5 inguru trobairitz daude, eta iraun duten konposizioen kopuruari dagokionez, trobadoreetatik ditugunekiko % 1 ingurukoa da trobairitzen lanen kopurua.[5]

Trobairitzek idatzita iritsi zaigun lehen lana Bels dous amics izenekoa da, Tiborsek idatzia 1150. urte inguruan.[9] Bakarrak iraun du notazio musikalarekin, Diáko kondesaren "A chantar" lana (ikus beherago). Iturrietan anonimoak diren zenbait lan, editore moderno batzuek emakumeei esleitzen dizkiete, baita eskuizkribuan gizonei egotzitako zenbait lan ere. Konparatzeko, 460 gizon trobadore ezagutzen ditugu eta haien 2.600 poema inguruk iraun dute. Horietatik 10etik bat ingururen notazio musikalak iraun du oso-osorik.[7] Abesti bi baino gehiago utzi dizkiguten bi trobairitz baino ez ditugu.[8] Bi emakume horiek honakoak dira: Diako kondesa, zeinen lau canso edo abesti iritsi zaizkigun, eta Castelloza, zeinen hiru canso edo abesti iritsi zaizkigun eta laugarren bat anonimo gisa.[5]

Lehen chansonniers edo kantu bidlumek ez zituzten bereizten gizonezko trobadoreen eta trobairitzen lanak. Geroago izan zen, Italiako eta Kataluniako chansonniers edo kantu bildumetan, trobairitzen lanak gizonezko trobadoreen lanetatik aparteko ataletan ipini zituztenean.[10]

Erdi Aroko gizartean zuten lekua

aldatu
 
 
"A chantar" Diáko kondesaren kantua

XIII. mendean zehar, gorteko emakumeek honakoetarako gai izan behar zuten: kantatzeko; instrumentuak jotzeko; eta idazteko bai jocs partisak bai partimenak (poema forma zuten eztabaidak edo elkarrizketak). Emakume trebetasun horiek lantzeak trobairitzen idazlanak ekarri zituen.[11] Aristokraziaren kide ziren: Tibors Rimbaud Orangekoaren senidea zen; Diáko kondesa Gillen Poitiersekoaren emaztea zela uste da, etab. Haietako batzuk trobadoreen babesle ere izan ziren eta maitasun kortesaren ideialaren helburu izan ziren.

Trobairitzak, halaber, Frantziako hegoaldean XII eta XIII. mendeetan zehar emakumeek izandako boterea zela eta sortu ziren. Emakumeek lurraren jabetzaren gainean askoz ere kontrol handiagoa zuten eta okzitaniar gizarteak emakumea askoz ere gehiago onartzen zuen garaiko beste gizarte gehienek baino. Gurutzadetan gizon asko kanpoan egon ziren eta, horren ondorioz, erantzukizun administratibo handiagoa zuten emakumeek eta, beraz, botere handiagoa. Hala ere, gizarte hau ez zen "feminista", ezta fin' amor deitua ere, nahiz eta emakumeak goratzen zituen, aldi berean, beren bizitzaren eta jokaeraren alderdi asko mugatzen baitzituen.[6]

Trobairitz izateko emakumeak kulturaduna izan behar zuen (ben enseignada) eta jakin behar zuen ben trobar, hots, musika eta poesia sortzeko gaitasuna izan behar zuen. Garai hartako Robert Blois-ekoaren hitzetan (bere Le chastoiement des dames lanean):

Jakin behar zuen belatza eta aztorea eramaten eta hegaldatzen,

ondo zekien xakean eta dama-jokoan,

ipuinak irakurtzen eta kontatzen,

abestiak kantatzen.(…)

Monasterioetan hezten zituzten. Hori horrela, Ratisbonako monasterioan XI. mendean ikasle talde batek bere jakinduriaren maila utzi zuten: latinez konposatutako bertsoak, portaera noblea, kortesa eta kultua zein zen azaltzen zutenak, beren bikotekide izan nahi zuten gizonei zuzendutakoak. Musika bertsoak bezain garrantzitsua zen, eta konposatzen jakin beharra zuten. Trebeak ziren entretenitzeko artean ere; solasean eta entzuten eta dantzan jakin beharra zuten.

Egile klasikoak eta garaikideak irakurtzen zituzten, eta haietatik ideiak ateratzen zituzten bertsoak egiteko (bai teknikak bai gaiak).[12]

Trobairitzak zaletu edo profesional gisa izendatzeko zailtasunak daude. Bi rol hauen bereizketa egitea konplexua zen Erdi Aroan, profesionalak orokorrean maila baxukoak izaten baitziren, eta zaletu edo amateurrek profesionalek bezainbeste denbora zuten beren lanean aritzeko. Joglaresse-ak klase baxukoak ziren (juglareak bezalatsu) eta musikagile profesionalek trobairitzak baino gutxiago errespetatzen zituzten.[6] Ez dakigu trobairitzek beraiek interpretatzen zituzten beren lanak ala juglare gizon eta emakumeen bidez egiten zuten.[12]

Biek ala biek, bai trobadoreek eta trobairitzek, fin 'amors deitua edo maitasun kortesari buruz idatzi zuten. Emakumea izan ohi zen trobadoreen idazlanen gaia, hala ere: ez zen beste poeta talderik izan emakumeen definizio goratuagorik eman zuenik, emakumearen zapalketaren testuinguru hain estuaren barruan.[13] Trobadoreen poesian agertzen ziren emakumeen zapalkuntzak eta Trobairitzen poesian antzeko gaiak aurkitzearen tentsioak eztabaidagai iturri garrantzitsua dira aditu modernoentzat. Maitasunari loturiko trobairitzen poesiak, gizon trobadoreenek baino idealizazio gutxiago izaten zuen; halaber, idazkeraren estiloak elkarrizketara jotzen zuen eta ez zen hain loratua, harremanen ikuspegi egiazkoagoa azaltzeko asmoz.[14]

Trobairitzek canso (ahapaldietan idatzitako kantua) eta tenso (eztabaida olerkia) generoak idatzi zituzten.[15] Cansos eta tensos motako sormen lanez gain, trobairitzek ere idatzi zituzten beste motako lanak: sirventes (poema politikoak), planh (ahuen poemak), salut d 'amor (maitasun gutunak, ahapaldirik gabeak), alba (egunsentiko abestiak) eta balada (dantza abestiak).[16] Ikusita zerk iraun duen gaur arte, badirudi trobairitzek ez zutela idatzi pastorelas edo malmariee motako abestirik, trobadoreek egin bezala.[9] Bestalde, trobadoreen tradizioari jarraituz, trobiritzek lotura estua egin zuten abestearen eta maitasunezko ekintzaren artean. Diáko kondesak horrela adierazi zuen bere Fin ioi me don'alegranssa poeman, "Fin ioi me dona alegranssa / per qu'eu chan plus gaiamen", 'Zoriontasunak poz osoa ekartzen dit / eta horrek alaiago kantatzera eramaten nau". [17]

Egindako lan motak

aldatu

Cansó (kantua)

aldatu

Bi eta zortzi ahapaldi artean izaten zituzten. Koblarik erabilienak zortzi betrso zituen. Erdi Aroko testu askotan bezala, trobairitzen cansóek agurreko formulak izan ohi zituzten. Azalais Altier-reko beste trobairitz bati Clara Anduza-kori, bere salut d'amor lanean, zuzentzen zitzaion maitasun eta begirunez, bere aldeko iritzia emateko Uc Saint Circ-ekoarekin zeukan harremanari buruz (Uc Saint Circeko hainbat trobadore eta trobairitzen bizitzen egilea izan zen).

Según Marirí Martinengo egilearen arabera, horrela sailka daitezke: [12]

Maitasun kantua

aldatu

Desira asebetearen alaitasunari abesten zaio. Gairik erabiliena da eta adibide ugari daude: “En un vergier...” Anonimoa IV; “Na Maria, pretz e fina valors” Bieiris Romansekoarena; “En greu esmai et en gretu pessamen” Clara Anduzakoarena, etab.

Bieiris Romans-eko (Beatritz gisa ere izendatua) da emakume bati aitortutako lanaren kasu nabarmen bat, baina zeinetan poemaren gaia beste emakume bat den, Na Maria. "Na Maria" poeman Beatritzek Mariarekiko maitasuna adierazten du fin' amors estilo tradizionalean, bai irrika fisikoari bai miresmen kostesari dagokionez.[8] Olerki hau emakume batek sortu zuela argi eta garbi adierazita izan ez balitz, gizonezko batek egin zuela pentsatuko litzateke. Bieiris Romansekoren cansoek desira lesbikoa islatzen zutela iradoki zute ikerlariek.[4] Ez da ohikoa, normalean trobadoreek domna (emakume) bati hitz egiten zioten; elkarrizketa lirikoa bi emakumeen artekoa izatea bitxikieria da.[18]

Maria andrea, meritua eta bertute prerfektua,

alaitasuna, zentzua eta edertasun fina

harrera, meritua eta ohorea,

hitz egiteko era adeitsua eta modua dohatsua,

aurpegi gozoa eta graziaz beteriko pozkarioa,

begirada gozoa eta espresio maitakorra

zugan dituzu eta ez dute berdinik,

zugana naramate, bihotz zintzoarekin.

Horregatik, erregu egiten dizut, maitasun kortesa gogoko baduzu

eta poza eta apaltasun gozoa

zure aurrean lagun biezadate,

eman diezadazun, andre ederra, nahi izanez gero,

poza eta esperantza emango didala espero dudana;

zugan jartzen baitut nire bihotza eta nire ahalegina,

eta alaitzen nauen guztia zugandik datorkit

eta zuregatik asperenka nabil sarri.[19]

Maitalearen hoztasunagatik kexua

aldatu

Anonimo III.aren kantua, lehen ahapaldietan gizon bat konturatzen da zein txarra den bere maiteak harekiko maitasunik ez sentitzea:

Nire kantua gogoko banu, saiatuko nintzateke

eta poza, gozamena eta plazera emango lidake,

baina hain nago gogogabetuta,

nire damak, egunero gaitzesten duelako

esaten diodana, ez du kontuan hartzen inola;

kostata lortzen dut adoretsuen artean egotea

eta ez naiz lehen nintzen gizona:

horrela kentzen dit neure gizalegea eta suntsitzen nau berak.

Akats bat egin duen maitale baten aldeko hitzaldia

aldatu

Azalais Altierrekok egindako salut d'amor edo maitasun agurrean, Clara Anduzakori zuzendua, hitzaldi luze bat dago Uc Saint Circekoarekin adiskidetzearen alde (Uc Saint Circekok Azalaisekorengan konfiantza jartzen du bere maitea berreskuratzeko):

Orain, andrea, honakoa gertatzen da.

Aurreko egunean niregana hurbildu zen

zure lagun tristea eta jota dagoena,

salatua eta traditua izan dena bezala,

eta esaten dit hitzetan eta ekintzetan,

zuk esandakoarengatik...[20]

Aholku eskaera

aldatu

Horrelako adibide eder bat dago Bona Domnak sortutako kantuan: maitemindutako gizon batek aholkua eskatzen dio andre bati maite duen andrearekin nola portatu behar duen jakiteko:

Dama ona, aholkua eskatzen dizut:

emadazu, behar handia baitut,

nire bihotz osoa jarri baitut andre batengan,

eta ez dut bilatzen ez desiatzen beste ezer;

esaidazu egoki baderitzozu nik eskatzea

bere adiskidetasuna, edo honek sufriaraziko didan.

Esaerak hain zuzen horrela dio:

presa duenak galdu egiten du eta itxaroten duenak lortu egiten du.[21]

Maitale arteko liskarrak

aldatu

Alamanda Castelnaukoaren kantu batean maitaleen arteko liskarra kontatzen du Giraut Bornelth-ekoarekin duen tensó batean:

Jainkoaren izenean, Giraut, maitalearen borondatea

ez da betetzen, bestea kontuan izan gabe,

batek huts egiten badu, besteak ezikusiarena egin behar du,

bien arteko liskarra hazi eta zabaldu ez dadin

zure maiteak esaten badizu mendi altua lautada dela,

sinetsi behar diozu,

eta onar ezazu bidaltzen dizun ona eta txarra,

horrela izango baitzara maitatua.

Aurka nago harrokeria horren kontra,

zuk mirabe eder eta ilehori bat izan arren;

tristura arin batek hiltzen zaitu, poz txiki batek bete egiten zaitu,

baina ez zara lehena ez bigarrena.

Nik beldurra dudana da, batez ere, minak itsutu nazala;

zuk aholkatzen didazu,

hiltzeko gogoa baldin badut, gehiago hurbil nadila olatuetarantz!

Uste dut aholku txarra ematen ari zarela niri.[21]

Maitasun eskaera larria

aldatu

Clara Anduzakoak egindako lanean ezagutzen den maitasun eskaera larrienetako bat, maitearenganako urruntasunak sortua:

Estuasun eta min handian

jarri dute nire bihotza, eta akats handian,

gaizkiesaleek eta faltsu iragarleek

poza eta gaztetasuna zikintzen dutenak,

nigandik banatu eta urrundu baitzaituzte

zu, ezer baino gehiago maite dudana,

horregatik, ezin zaitut ikusi eta miretsi

ondorioz, minez, haserrez eta gorrotoz hiltzen ari naiz.

Maitasunaren etika

aldatu

Partimen bat dago eztabaida (disputatio) akademikoaren antza duena, zeinetan Maria Ventadorngok eta Gui Usselgok portaera kortesaren kodearen bi ikuspuntu ordezkatzen dituzten, elkar maite duten gizon eta emakume arteko harremanari dagokinez, hain zuzen ere.

Gui Usselgo, zugatik penatuta nago

abesteari laga diozulako,

eta poesiara itzul zaitezen nahiko nuenez,

—gaiaz badakizunez—

esaidazu emakumeak maitalearekiko ahalegina egin behar duen,

benetan maite duenean, era berean

maitaleak berarekiko ahalegina egiten duen moduan, maitasunari dagokion guztian,

maitaleak lotzen dituen legearen arabera.

Maria andrea, nik utzi nahi nituen

tensoneak eta beste kantu guztiak;

baina ezin dut zure eskaera erantzunik gabe laga;

eta laburki erantzungo dizut, damari dagokionez:

maitalearekiko jokatu behar du

maitaleak berarekiko jokatzen duen modu berean, maila kontuan izan gabe,

zeren eta, bi maitaleren artean, ez da inor bestea baino gorago egon behar.[21]

Politika

aldatu

Badirudi, politika gaiei dagokionez, trobairitzek katarismoaz aritu zitela (mugimendu erlijioso horretan nobleek parte hartu zuten, arduradun eta izen handiko karguetan, perfectae gisa). Tensó batean Alaisek, Iseldak eta Carenzak izandako solasaldiaren gaia izan liteke:

...zure esperientziaren araberako aholkua emidazu:

Uste duzu senarra hartu beharko nukeela?,

edo birjina jarraitu beharko nuke? Horrela nahiko nuke,

ez baitut uste ona denik umeak izatea;

Carenza andrea...

umeak izatea penitentzia handia da...

...

horregatik, honako ahulku hau ematen dizut: hazi ona egiteko,

hartu senartzat Zientziaz Koroatutakoa,

zeinengandik kume bikainak izango dituzun;

eta harekin ezkontzen denak, birjina jarraituko du.

Tensóa

aldatu

Bederatzi eta hamar koblatakoak izanten ziren.

Cansoetan ohikoak dira tensóak: hizlarien arteko solasaldi poetikoak, gai bati buruzko iritziak konparatuz bertsoen egileak eta beste pertsona batek. Ohikoena izaten da, ahapaldietan bi ahotsak trtekatzea, nahiz beti ez den eskema hau errespetatzen. Ikus dezagun adibide bat Anonimoa IIk egindakoa, zeinetan bi emakumek eztabaida egiten duten gai honi buruz: gizalegerik gabeko gizon bat kontuan hartzekoa ote den maite duen emakumearengatik:

Dama ona, oso maitea zaitut

eta ezin zaitut zure onerako aholkurik gabe utzi:

eta ziurtasunez esaten dizut deskortesia latza egiten ari zarela,

sekula maite ez zuena utzita,

zeure buruari baino ez, eta arrazoirik gabe;

baina hiltzen bada, zuretako kalte izango da,

ez baitu beste emakumerik gogoko

eta ez du beste emakumek berarengan botere eta jaurgorik.

Mirabe, ankerra izan behar dut

neure buruarekin jolasten dudanean edo nitaz harroten denean:

hain bihotz zoroa eta aldakorra dauka, ez duela nire adiskidetasuna ezertarako kontuan hartzen,

nire maitasuna ez baitzaio interesatzen edo axola,

eta berak egin zuenez zorokeria,

ez nazazu epaitu, zorokeria ikusten badut

zintzoa eta ohoreduna dela entzuten dudanean.

Bi ahotsak txandatu egiten dira, bakoitzaren ikuspuntua azaltzeko. Bigarrena, ezkondutako emakumearena da, eta lehenarengana jotzen du, bere konfiantza duen mirabe gaztea dena.

Partimen

aldatu

Gai etikoei buruzko eztabaidak edo disputatioak dira. Gai ezberdinak azaltzen dira, baina norbere ikuspuntuaren ordez, etika formalaren ikuspuntutik azaltzen eta eztabaidatzen dira.

Koblak cansó eta tensóetan erabilitako ahapaldiak dira. Gogokoenak unissonans izenekoak dira, zeintzuetan lehen ahapaldiaren lehen bertsoak bigarren ahapaldiaren lehen bertsoarekin errimatzen duen eta horrela hurrengo bertsoekin. Horrela, binaka edo errepikatze erritmikoekin konbinatzen ziren, musikaren arabera. Pareadoak ere erabiltzen zituzten salut d'amor motakoetan, azkena blanc izaten zen, hots, librea. Baladetan eta albetan koro eta bakarlariaren arteko eskema tradizionala jarraitzen zen.

Errima

aldatu

Bertso probentzalak kantitateetan baino, silaba kopuruan oinarritzen zen (latindarra ez bezala). Hitzak tonikoak edo atonoak ziren ere kontuan hartzen zuen eta silabak kontatzeko sistema frantsesa erabiltzen zuten.

Maitasun kortesa trobairitzetan

aldatu

Dompna edo andrea, trobadoreek abestua, gorteko bizitzaren erdigunea bihurtu zuten trobairitzek. Maitasuna eta gizakien arteko harremanak bizitzaren eta artearen erdigune bihurtzea lortu zuten. Haiek interpretatutako maitasuna bihurtu zen etikaren sortzailea.[12]

Anonimoa IIren ahapaldi batean agertzen dira zaldun batek izan behar dituen ezaugarriak, bere andreak maitatzea merezi izateko:

Nire maitasuna itzultzea nahi badu, mirabe,

beharrezkoa da kortesa izatea eta adoretsua,

zintzoa eta apala, ez dadila inorekin liskarretan ibil,

eta denekin adeitsua izan dadila;

ez baitut gogoko, gizon gaizto eta harroa,

zeinen erruz nire balioa gutxituko den,

baizik eta egia zalea eta leiala, neurritsua eta maitemindua:

nire mesedea nahi badu, entzun diezadala.

Ikusten den moduan, trobairitzek gizon batek izan beharreko ezaugarri egokiak eta, beraz, kanona adierazten ari ziren. Emakumeek aukeratzeko boterea zuten eta arbuiatzeko gaitasuna. Emakumeen kanona ere egiten dute eta oso desberdina da XI. mendeko Chanson de Roland lanean zetorrenarekin alderatuta. Chanson de Rolanden, Errolanen emaztegaia hil egiten zen, Errolan hil ostean, Karlomagnok beste gizon batekin ezkontzeko proposamena egiten zionean. Aldiz, Okzitaniako emakumeek beraiek zehazten zituzten harremanen baldintzak eta maitatzeko moduko gizona ere aukeratzen zuten.

Trobairitzek maitasun kortesa bizi ere egiten zuten, kantatzeaz gain, Clara Anduzakoak eta Uc Saint Circ-ekoak bezala. Harreman eskaerak eta erantzunak kantuetan agertzen ziren eta era poetikoan adierazita egoteak, zeukatzen garrantziaz hitz egiten digu.

Maitasun kortesa melhorament edo hobetzeko bidea era bazen. Trobairitz kontatzen digute maitasun faltak gizonengan ondorio txarrak zituela haien portaeran eta izaeran. “Zu zara atzo baino hobea egiten nauena” da definizio argiena.

Ausardia eta Pretz dira damaren ezaugarriak, trobadorearen maitasuna inspiratzen dutenak, edertasun fisikoak baino gehiago, ezaugarri intelektuak eta espiritualak baitira. Trobadoreak, maila baxuagoa baitu damak baino, zuhurtasunera iritsi behar du bere burua hobetuz: damari erakutsi behar dio ez dela desio ahazkor eta instintibo bat sentitzen duena, maitasun sentimentala bazik.

Maitasun kortesaren bidez gizartean elkarbizitza bultzatu nahi dute emakume hauek: elkarrekin bizitzearen artea, errespetuan eta askatasunean oinarritua, tolerantzian, karitatean (charitas cristiana) eta larguesa (eskuzabaltasun material eta moralean).

Dena den, bazegoen ere lekua desioa era finean adierazteko eta pasioa, erotismo beroaren bidez.

Egile aitortza

aldatu

Trobairitzek egindako lanen kopurua hogeita hamabi abestitan kalkulatzen da, baina 23tik 46ra bitartekoa da aitortu izan zaien kopurua.[5] Zenbaki zehatza ez jakiteko hainbat arrazoi daude. Gorteko maitasunaren tradizioan ohikoa zen olerkiak gutun trukaketa edo eztabaida gisa idaztea, tenso batean bezala. Horietako batzuk jatorriz poeta bakar batek idatzi zituen; baina, ostera, beste batzuk jatorriz benetan epistolen edo gutunen trukaketa izan ziren, gero eskuizkribu bakarrean bildu zirenak.[8] Horietako batzuk gizonezkoen artekoak ziren, eta beste batzuk gizon eta emakume baten arteakoak. Editore moderno batzuek idatzien trukea sortu zuen gizonari soilik egozten diote egiletza, eta beste batzuek, aldiz, idatzien trukean aritutako gizonezkoari nahiz emakumeari. Era berean, lan hauek gizonei soilik egozteko tradizio luzea dago, froga guztiek kontrakoa adierazten dutenean ere. [6] [8]

Poesia oso estilizatua zenez, zaila da zehaztea emakume gisa hitz egiten zuen poeta noiz zen benetan emakumea, eta noiz gizon baten luma emakume gisa ari dena. Horrek egilea zehazteko zailtasuna areagotzen du, batez ere lanen idazleak anonimoak zirenean. Eztabaida dago trobairitzen olerkiek emakumezkoen ahots benetakoak azalten dituzten ala ez, izan ere, trobadoreen konbentzio estuen barruan aritu ziren [11] Matilda Brucknerrek iradokitzen du trobairitzak "beren ahots propioaz mintzatu zirela, nahiz beste askoren ahotsen bidez". Trobadoreen lirikaren egitura zorrotzak manipulatuz, trobiritzek beren "emakumezko ahotsaren fikzio" propioak sortzeko gai izan ziren. [6]

Trobairitzen lanen zerrenda

aldatu

Anonimoak

aldatu
  • Bona domna, un conseill vos deman

Egilea aitortuta

aldatu
  • Alais Iselda eta Carenza: Na Carenza al bel cors avinen
  • Alamanda Castelnauko
  • Almucs Castelnau-ko Iseut Capio-ko: Domna n’Almucs, si-us plages
  • Azalais Altier-ko
  • Azalais Porcairagues-ko
  • Beatriz Diá-ko
  • Beatritz Romans-eko: Na Maria, pretz e fina valors
  • Castelloza
  • Clara Anduza-ko
  • Felipa
  • Garsenda Proença-ko: Vos qe’m semblatz dels corals amadors
  • Gaudairença: Coblas e dansas (not extant)
  • Gormonda Monpeslier-ko
  • Guillelma Rosers-eko
  • Domna H.
  • Lambarda
  • Maria Ventadorn-go: Gui d'Uisel, be.m pesa de vos
  • Tibors Sarenom-go
  • Ysabella

Erreferentziak

aldatu
  1. Schulman, Jana K. (2002). The Rise of the Medieval World 500–1300. Westport, Conn: Greenwood Publishing Group. 111. or. ISBN 978-0-313-30817-8
  2. a b Poe, Elisabeth W. (2002). «Cantairitz e Trobairitz: A Forgotten Attestation of Old Provençal <<Trobairitz>>» Romanische Forschungen 114-2: 206–215.
    Aipua: «207. or.: "which are correctly used only with flexional endings in all numbers ... trobayritz" (sol per us de parladura en totz los nombres ... trobayritz); eta 210. or: 15. oharra: "TROBAIRITZ is the same in the singular and plural of all cases" ('<<trobairitz>> hitza singularrean nahiz pluralean erabiltzen da').»
    .
  3. Pierre Bec okzitaniar adituak oker uste izan arren hapax legomenon bat zela, alegia, behin bakarrik erabilitako hitza (eta, agian, horregatik okerra).
  4. a b Paden, William D. (1989). The Voice of the Trobairitz:Perspectives on the Women Troubadours. Philadelphia: University of Pennsylvania Press.
  5. a b c d e Kibler, William W. (1995). Medieval France: An Encyclopedia. New York: Garland Publishing Inc., 927 or..
  6. a b c d e Bruckner, Matilda Tomaryn. (1992ko urria). «Fictions of the Female Voice:The Women Troubadours» Speculum. Medieval Academy of America 67-4: 865–891..
  7. a b Stephens, Butterfield eta Karp (2006)
  8. a b c d e Dronke, Peter. (1984). Women Writers of the Middle Ages. New York: Cambridge University Press.
  9. a b Earnshaw, Doris (1988). "The Female Voice in Medieval Romance Lyric". American University Studies 68. New York: Peter Lang Inc., International Academic Publishers.
  10. Bruckner (1995: xxxiii)
  11. a b Judith Tick. "Women in music, 500–1500", Grove Music Online.
  12. a b c d Martinengo, Marirí. (1997). Le Trovatore poetesse dell'amor cortese.. J.C. Producción ISBN 978-84-87715-67-2..
  13. John Stevens, Ardis Butterfield, Theodore Karp (2006). "Troubadours, trouvères"
  14. Bogin, Meg. (1980). The Women Troubadours. New York: W. W. Norton and Company, 13 or. ISBN 0393009653...
  15. Bruckner, Matilda Tomaryn; et al. (1995: xii).
  16. Bruckner, Matilda Tomaryn; et al. (1995). Songs of the Women Troubadours, xxxix
  17. Bruckner, Matilda Tomaryn; et al. (1995: xv).
  18. Rieger, Angelica. (1989). Rieger, Angelica. Was Bieris de Romans Lesbian?, Women's Relations with Each Other in the World of the Troubadours. In William D. (1989). The Voice of the Trobairitz:Perspectives on the Women Troubadours. Philadelphia: University of Pennsylvania Press. , 73-94 or..
  19. Ganze, Alison. (2009). ««"Na Maria, pretz e fina valors": A new argument for female authorship»» Romance Notes 49-1: 23-33..
  20. Bruckner et al., Matilda Tomaryn. (2004). Songs of the Women Troubadours. Routledge ISBN 9781135577797..
  21. a b c Corpus des Troubadours. .

Bibliografia

aldatu

Lehen mailako iturriak

aldatu
  • Manuscript du Roi (F-Pn fr. 844, c. 1246–1254)
  • Chansonnier cangé (F-Pn fr. 845); F-Pn n.a.fr. 21677; F-AS 657 (c1278); I-Rvat Reg. Lat. 1490
  • Chansonnier de Noailles (F-Pn fr. 12615)

Ikerlarien lanak

aldatu
  • Bec, Pierre (1995). Chants d'amour des femmes-troubadours: trobairitz et chansons de femme, Paris, Stock. ISBN978- 2-234-04476-6
  • Biard, Martine (2013) Les Trobairitz. Femmes poètes du Sud au XXIe siècle, recueil de témoignages et de poèmes. Narbonne: Éditions Mille Poètes en Méditerranée. ISBN 978-2-918-38167-9
  • Bodin, Meg. (1976) The Women Troubadours. Norton. ISBN 978-0393009651
  • Bogin, Magda (March 1, 1980). The Women Troubadours. New York: W. W. Norton & Company.
  • Boutière, Jean; Schutz, A.H. (1964) Biographies des troubadours, Paris: Nizet.
  • Bruckner, Matilda Tomaryn (1992ko urria). "Fictions of the Female Voice:The Women Troubadours". Speculum. Medieval Academy of America. 67 (4): 865–891.
  • Bruckner, Matilda Tomaryn; et al. (1995). Songs of the Women Troubadours. New York: Garland Publishing, Inc.
  • Brun, Sandrine (2014) Les femmes musiciennes aux XIIe-XIIIe siècles: le cas des trobairitz Mémoire de master.
  • Dronke, Peter (1984). Women Writers of the Middle Ages. New York: Cambridge University Press.
  • Dronke, Peter (1984) «The Provençal Trobairitz: Castelloza» In Wilson, Katharina M. (ed.). Medieval Women Writers. Athens: University of Georgia Press.
  • Earnshaw, Doris (1988). The Female Voice in Medieval Romance Lyric.  American University Studies 68. New York: Peter Lang Inc., International Academic Publishers.
  • Egan, Margarita (1984) The Vidas of the Troubadours, New York – London: Garland.
  • Giraudon, Liliane; Roubaud, Jacques (1978). Les Trobairitz: Les Femmes dans la lyrique occitane. Action poétique, 75.
  • Jeanroy, Alfred (1923) Jongleurs et troubadours gascons des XIIe et XIIIe siècles, Paris: Champion.
  • Kibler, William W. (1995). Medieval France: An Encyclopedia. New York: Garland Publishing Inc. 927. or.
  • Martin Sartori, Eva; Zimmerman, Dorothy Wynne (1994) French Women Writers. University of Nebraska Press. ISBN 0-8032-9224-4
  • Muraro, Luisa (1981) El orden simbólico de la madre. Madril: horas y HORAS. ISBN 9788487715341.
  • Nelli, René (1974) L’Érotique des troubadours. Paris: UGE.
  • Paden, William D. (1989). The Voice of the Trobairitz:Perspectives on the Women Troubadours. Philadelphia: University of Pennsylvania Press.
  • Rivera Garretas, María-Milagros (2015) La diferencia sexual en la historia, Valencia: PUV Publicaciones Universitat de València.
  • Robbins, Kittye Delle (1977). Woman/Poet: Problem and Promise in Studying the «Trobairitz» and Their Friends , Economia 1- 3: 12-14.
  • Sarde, Michèle (1983). Regards sur les Françaises. Paris: Stock.
  • Schulman, Jana K. (2002). The Rise of the Medieval World 500–1300. Westport, Conn: Greenwood Publishing Group. 111. or.
  • Schultz, Oscar (1888) Die provenzalischen Dichterinnen: Biographieen und Texte. G. Fock.
  • Shapiro, Marianne (1978): «The Provençal Trobairitz and the Limits of Courtly Love», Signs 3: 560-71.
  • Stevens, John; Butterfield, Ardis; Karp, Theodore. "Troubadours, trouvères", [1]Grove Music Online ed. L. Macy (accessed February 11, 2006), grovemusic.com (izena emanda)
    • Judith Tick. "Women in music, 500–1500", Grove Music Online.
    • Maria V. Coldwell. "Azalais de Porcairagues", Grove Music Online.
    • Elizabeth Aubrey. "Comtessa de Dia", Grove Music Online.
    • Maria V. Coldwell. "Castelloza", Grove Music Online
  • Véran, Jules (1946). Les Poétesses provençales du Moyen Âge et de nos jours. Paris: A. Quillet.

Ikus, gainera

aldatu
  • Maria Frantziakoa - Frantzia iparraldeko emakume konpositore bakarra: iparraldeko trouvère hitzak ez zuen emakumezkoen baliokidea (troubadouren emakumezko baliokidea trobairitz den bezala)

Kanpo estekak

aldatu