Sudango Bigarren Gerra Zibila

Sudango Bigarren Gerra Zibila Sudango gobernuaren eta Sudango Herriaren Askapenerako Armadaren arteko gatazka armatua izan zen, 1983an hasi eta 2005ean amaitu zena. Hein handi batean, 19551972 bitarteko Sudango Lehen Gerra Zibilaren jarraipena izan zen. Hego Sudanen hasi zen arren, Nilo Urdinera eta Nuba mendietara ere hedatu zen. 22 urte iraun zuen, eta bi milioi pertsona inguru hil ziren, gehienak zibilak, gerrak eragindako gosete eta eritasunengatik. Beste lau milioi lagun desplazatuak izan ziren, eta giza eskubideen urraketa ugari gertatu zen. Gerra amaitu eta sei urte geroago Hego Sudan independizatu zen.[1][2]

Sudango Bigarren Gerra Zibila
Hego Sudan Sudango maparen barnean
Data1983ko ekainak 52005eko urtarrilak 9
LekuaNilo Urdina, Nuba mendiak, Hego Sudan
EmaitzaHego Sudanen independentzia 2011ko erreferendumaren ondoren
Gudulariak
 Sudan

Laguntza militarra:
 Libia (1986-1988)
 Kongoko Errepublika Demokratikoa (1998–2003)
SPLA
SSLM
Anya-Nya II
Ekialdeko Frontea

Laguntza militarra :
 Etiopia (1997)
 Uganda (1995etik aurrera)
 Eritrea (1996-1998)
Buruzagiak
Gaafar Nimeiry (1985 arte)
Swar al-Dahab (1985–1986)
Sadiq al-Mahdi (1986–1989)
Omar al-Bashir (1989tik aurrera)
John Garang
Salva Kiir
Dominic Dim Deng
Riek Machar
Peter Par Jiek
Galerak
1–2,5 milioi hildako (gehienak zibilak)

Historia aldatu

1972ko Addis Abebako akordioak amaiera eman zion Sudango Lehen Gerra Zibilari. 1983an, ordea, Gaafar Nimeiry jeneralak xaria (lege islamikoa) ezarri zuen Sudan osoan, hegoaldeko biztanleak kristauak edo animistak zirela kontuan izan gabe. Neurri horren ondorioz, John Garang jeneral kristauak Armada utzi eta Sudango Herriaren Askapenerako Armada (SPLA) sortu zuen herrialdearen hegoaldean, Khartumgo gobernuaren aurka borrokatzeko.[3][4] Lehen Gerra Zibilean gertatu bezala, bi aldeek erabili zituzten haur soldaduak.[1]

1985ean, estatu kolpe batek Gaafar Nimeiry eraitsi zuen, baina haren ondorengoek ez zuten lege islamikoa kendu. 1986an, Sadiq al-Mahdiren gobernuak elkarrizketak abiarazi zituen SPLArekin. 1988an, SPLAk eta Batasunaren Alderdi Demokratikoak (DUP) bake plan bat adostu zuten, besteak beste xaria geldiaraztea eskatzen zuena. Sadiq al-Mahdiren gobernuak bake plana onartu zuen 1989ko otsailean; baina ekainean estatu kolpea jo zuten militarrek, Omar al-Bashir buru, akordioa errefusatu zuten. Garai hartan, matxinoen esku zeuden Equatoria, Bahr el Ghazal eta Nilo Garaia, eta indar handia zeukaten Darfur, Kordofan eta Nilo Urdina probintzietako hegoaldean; gobernuak, berriz, mendean zituen hegoaldeko hiri batzuk, hala nola, Juba, Wau eta Malakal.[2]

Gerraren eta lehortearen ondorioz, 1991n gosetea hedatu zen Sudanen.[2][5] Urte horretan, zatiketak gertatu ziren SPLAren barnean: John Garangek erregimen politiko berria ezarri nahi zuen Sudan osoan, baina beste buruzagi batzuek herrialdearen hegoaldea independente bihurtzea proposatu zuten.[6] Fakzioen arteko liskarrak jazo zirenez gero, matxinoek sinesgarritasuna galdu zuten. 1993an, SPLA United izeneko koalizioa eratu zuten hiru talde nagusiek. Etiopiak, Eritreak eta Ugandak eman zioten laguntza koalizio horri.[2]

1999an petrolioa sartu zen gatazkaren jokoan. Urte horretan hasi ziren erregaiaren esportazioarekin, eta petrolio putzu gehienak hegoaldean zeuden. SPLA gerrillaren eta Sudango Armadaren arteko borrokaldiak berean zirauen bitartean, gobernua hegoaldeko lurraldeetako biztanleak kanporatzen saiatu zen. 2001ean armadak hiru astez bonbardatu zituen Nuba mendiak.[3]

2001eko uztailean, Sudango gobernuak onespena eman zion Egiptok eta Libiak eginiko bake proposamenari, eta bakerako bidea ireki zuen. 2002ko urtarrilean, Nuba mendietan sei hilabeterako su-etena hitzartu zuten, eta uztailean oinarrizko bake akordio bat sinatu zuten Kenyako Machakos hirian.[3] Azkenik, 2005eko urtarrilaren 9an Bake Itun Zehatza (Comprehensive Peace Agreement, CPA) izenpetu zuten Sudango Errepublikako gobernuak eta Sudango Herriaren Askapenerako Mugimenduak Kenyako [[Naivasha]n.[2] Sinaturiko akordioaren arabera, hegoaldea xariatik salbuetsi, sei urterako administrazio autonomo bat ezarri, eta ostean hegoaldearen independentziarako erreferenduma egin beharko zen.[3][7] 2011ko urtarrilaren 9-15 bitartean egin zen independentziarako galdeketa, eta herritarren %98,7k baiezkoaren alde bozkatu zuten.[8]

Erreferentziak aldatu

  1. a b Momodu, Samuel. Second Sudanese Civil War (1983-2005). blackpast.org (Noiz kontsultatua: 2019-09-06).
  2. a b c d e Sudan Second Civil War 1983-2004. globalsecurity.org (Noiz kontsultatua: 2019-09-06).
  3. a b c d Mujika, Garikoitz. Bakearen deiadarra. Euskaldunon Egunkaria, 2002ko abuztuak 10, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-09-05).
  4. Aldabe, Koldo. Gerra etniko,politiko eta erlijiosoak. Euskaldunon Egunkaria, 1992ko maiatzak 31, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-09-05).
  5. Fernandez, Luis. Sudan estatu federal bihurtzeak gerra zibila eteten lagun dezake. Euskaldunon Egunkaria, 1991ko otsailak 7, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-09-10).
  6. Sudan: estatu laikoa ala independentzia. Euskaldunon Egunkaria, 1991ko irailak 13, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-09-10).
  7. Sokarros, Allande. Al Bashirrek aginteari eutsiko dio Sudanen, bozak irabazi ostean. Berria egunkaria, 2010eko apirilak 27, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-09-11).
  8. Hego Sudango independentzia errealitate bat dela adierazi du Al Bashirrek. Berria egunkaria, 2011ko urtarrilak 26, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2019-09-11).

Kanpo estekak aldatu