Speocharidius galani
Speocharidius (Kobiella) galani Leiodidae familiako kakalardo troglobioa da. Andatzako Emeretzu leizean bakarrik aurkitu den espezie endemikoa da.[1]
Speocharidius galani | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Arthropoda |
Klasea | Insecta |
Ordena | Coleoptera |
Familia | Leiodidae |
Leinua | Leptodirini |
Generoa | Speocharidius |
Espeziea | Speocharidius galani [[|]] |
Deskribapena aldatu
Gorputzak 2,60 - 3,10 milimetro arteko luzera du. Antenak oso luzeak eta finak dira, gorputzaren luzeraren bi heren baino gehiagokoak.[1]
Kobiella azpi-generoak Speocharidius azpi-generoaren populazioekiko independentzia nabaria du geografikoki eta espezifikoki.[1]
Banaketa aldatu
Andatzako Emeretzu leizean bakarrik aurkitu den espezie endemikoa da.[1] Leize hau Guardetxe-aurre izen okerraz ezagutzen da.[2] Andatzako mendilerroaren ipar-mendebaldean kokatua dago, Oria ibaiaren mendebaldean, itsas mailarekiko 50 metroko altueran.[1]
1996 eta 1997an ikerlariek hainbat ale harrapatu zituzten. 2007an beste bat harrapatu zuten miaketa bidez eta 2008an 13. Azken bisitetan leizearen barnean gertatu diren tenperatura eta hezetasun aldaketen ondorioz espezie honetako aleen kopurua nabarmen gutxitu dela dirudi eta ikusi eta harrapatzea zaildu da.[1]
Habitata aldatu
Espezie troglobioa da. Emeretzu leizearen erdialdean eta sakonerarik handienetan aurkitu izan da, materia organikoz elikatzen den lekuetan.[1]
Bizimodua aldatu
Ez da bere bizi zikloa ezagutzen. Materia organiko pilaketetan talde txikitan ikusi da.[1]
Kontserbazioa aldatu
Espainiako ornogabeen liburu gorrian espezie kaltebera gisa sailkatua dagoen arren ez dauka babes figura arauturik. Ikerlariek Emeretzu leizea babesteko proposamenak egin dituzten arren ez da inolako neurririk hartu.[1] 2006an Aranzadi Zientzia Elkarteko Carlos Galan ikerlariak leizea eta bere ingurunea lurpeko biotopo babestu izendatzeko proposamena egin zuen. Leize hau bizileku baitute EAEn endemikoak diren 11 espezie troglobiok eta Gipuzkoan bakarrik aurkitzen diren beste zortzik (horietatik 2 karst honetan soilik).[3][4] 2012an ez zen babes neurririk hartu oraindik.[3]
Espezie hau, sakabanatze eta ale kopuru txikia duten gainerako troglobioak bezala, atzeratze prozesu argi batean dago eta egoera okerragora joango da bere ingurunea babesteko neurri azkar eta eraginkorrak hartzen ez badira. Mehatxu faktoreak aleen gehiegizko bilketa eta lurpeko pitzaduretatik elikagaiak iristea eragotzi dezaketen inguruneko baldintzen aldaketak dira. Arazo nagusia habitataren aldaketa da. Leizeak ingurune sentikor eta hauskorrak dira. Aldaketen eragile nagusiak gehiegizko bisita eta entomologoek egindako miaketa intentsiboegiak dira. Bisitek eragin kaltegarria dute, tenperatura eta hezetasuna aldatzen dituztelako. Miaketek substratuaren egitura normala aldatu dezakete. Bestalde, baso-ustiapenak eragin oso kaltegarria izan du leizearen ingurunean, bai perkolazio bidezko elikagaien ekarpenean eta baita aurrez aipatutako ingurune faktoreetan ere.[1]
Erreferentziak aldatu
- ↑ a b c d e f g h i j (Gaztelaniaz) Atlas y libro rojo de los invertebrados amenazados de España. Organismo Autónomo Parques Nacionales, 281-284 or. ISBN 9788480147941. PMC 756578772. (Noiz kontsultatua: 2019-11-06).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Soy Emeretzu, no Guardetxe» Felix Ugarte Elkartea - Lurpeko eremuen ikerketa eta zaintza 2018-02-27 (Noiz kontsultatua: 2019-11-06).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Galán, Carlos. (2012). Nota sobre especies cavernícolas troglobias nuevas para la ciencia de cuevas de Gipuzkoa (País Vasco): Addenda y estado de las investigaciones. Aranzadi Zientzia Elkartea, 9 or..
- ↑ (Gaztelaniaz) Galán, Carlos. (2006). Conservación de la fauna troblogia de Gipuzkoa: Biotopos Subterráneos Protegidos. Aranzadi Zientzia Elkartea, 20-21 or..