Santxo Eltso
Santxo Eltso (Latasa, Odieta, 1522 - ??),[1][oh 1] Elsoko Antso[2] eta Sancius de Elso[3] ere deitua, nafar apaiz eta idazlea izan zen. Euskaraz idatziriko lehenbiziko dotrina eman zuen argitara, Doctrina christiana y pasto espiritual del alma para los que tienen cargo de almas y para todos estados, en castellano y vascuence izenburupean. Ez da ordea liburuaren alerik geratu,[oh 2] eta haren aipamen batzuk baizik ez dira ezagutzen.
Santxo Eltso | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Latasa, 1522 (501/502 urte) |
Herrialdea | Nafarroa Garaia, Euskal Herria |
Jarduerak | |
Jarduerak | apaiza eta idazlea |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa |
Bizitza
aldatuSantxo Eltso Latasan jaio zen 1522an. Ama Graxi Latasakoa izan zuen, Txikitxorenako etxekoandrea, eta aita Martin Eltso, Latasako erretorea.[oh 3] 1544an, Alcaláko Unibertsitatean sartu zen, eta Teologiako lizentzia lortu zuen urte batzuk geroago.[1]
Ia bizitza osoan predikari ibili zen Euskal Herrian barna; toki gehienetan euskaraz aritzen omen zen. Kontuan izan behar da, Trentoko kontzilioaren ondoren, garrantzi handia eman zitzaiola kristau ikasbideari, protestantismoaren hedapena geldiarazteko. Berrogeita hamar urte zituenetik aurrera, erabat galtzen da haren arrastoa.[1]
Santxo Eltsoren dotrina
aldatuSantxo Eltsok Doctrina christiana y pasto espiritual del alma para los que tienen cargo de almas y para todos estados, en castellano y vascuence izeneko dotrina eman zuen argitara 1561ean. Liburu horren alerik aurkitu ez bada ere, Lope Martinez de Isasti apaiza eta historialariak eman zuen haren berri Compendio Historial de Guipúzcoa lanean, eta baita Nicolas Antonio Sevillako liburuzaleak ere, Bibliotheca Hispana Nova-n. Aipamen horien arabera, liburua 1561 urtean inprimatu zen Iruñean[2] eta Lizarran.[oh 4]
Bi inprimatzaileri egin zien dotrina papereratzeko agindua: Iruñeko Tomás Porralis de Saboyari eta Lizarrako Adrián de Anversi. Lanak, ziur aski, 1561ean hasi izanen ziren, baina Eltsok ordaintzako arazoak izan zituen. 1566an eta 1567an, apezpikuak eta erregeordeak babestutako diru biltzea egin zen Nafarroa osoan, bi hizkuntzatako kateximaren argitalpena ordaintzeko. Inprimatze lanak 1568an amaitu ziren.[1]
Johan Jaques Iruñeko liburu-saltzaileak josi eta azaleztatu zituen Doctrina Cristiana-ren liburuak. Argitalpen handia izan zen: 1590 ale eman zizkion Santxo Eltsori, eta beste 407 beretzat gorde zituen. Egileak auzi luzea izan zuen Juan de Bastida Tuterako mandazainarekin, Cintruénigora eraman beharreko 444 ale etxean atxiki zituelako. Itzuli zituelarik, anitz hondaturik zeuden.[1]
Oharrak
aldatu- ↑ Ricardo Urrizolaren arabera, "cuando nuestro ilustre licenciado tenía 50 años, desaparecen todas las informaciones relativas a su persona".
- ↑ IRALEren blogean, Inuzente-egun batean, Livornon Doctrina Cristiana honen ale bat agertu zela zabaldu bazen ere.
- ↑ Trentoko kontzilioa (1545-1563) baino lehen, Nafarroako herrietan ohikoa zen apaizak ohelaguna eta seme-alabak izatea.
- ↑ Luis Villasanteren Historia de la Literatura Vascan ere 1561. urtea aipatzen da edizio urtea bezala, baina Lizarran argitaratu zela esaten da. Villasantek Boletín de la Real Sociedad Vascongada de Amigos del País, 1955, 83-100. ematen du informazio iturri bezala
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b c d e Urrizola Hualde, Ricardo. Sancho de Elso y su Doctrina Cristiana “en castellano y vascuence”. Fontes linguae vasconum: Studia et documenta (101), 109-145, dialnet.unirioja.es (Noiz kontsultatua: 2023-12-1).
- ↑ a b Elsoko Antso. Auñamendi Entziklopedia [on line], 2023, aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2023-12-1).
- ↑ Villasante, Luis. Historia de la literatura vasca. Editorial Aranzazu, 1979, euskaltzaindia.net (Noiz kontsultatua: 2023-12-3).
Kanpo estekak
aldatu- Goñi Gaztambide, José, Sancho de Elso y su Catecismo bilingüe: nuevos datos, Fontes linguae vasconum: Studia et documenta, Año n°27, n°68, 1995, págs. 7-22.
- Urrizola Hualde, Ricardo, Sancho de Elso y su Doctrina Cristiana en "castellano y vascuence", Fontes linguae vasconum: Studia et documenta, 0046-435X, Año nº 38, Nº 101, 2006, págs. 109-146