Santiago Matamoros edo Donejakue mairu-hiltzailea da Donejakue apostoluaren ikonografia-irudikapen ezagun bati Espainian ematen zaion izena. Erdi Aroko mito batean deskribatzen den bezala irudikatzen da, borrokako zaldun gisa, zaldi zuri baten gainean, esku batean ezpata eta bestean kristautasunaren bandera bat, oinetan mairu edo musulmanak dituela zanpatuta, batzuen buruak moztuta irudi askotan.

Santiago Matamoros, Gillernako elizako irudi batean. Ohiko ikonografia: zaldi zuria, ezpata eta bandera, mairuak mendean.

Mitoaren jatorria aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Clavijoko gudua»

Kronika mitiko espainiarren arabera, mirariz parte hartu zuen santu apostoluak kristauen alde eta musulmanen aurka, 844. urteko Clavijoko guduan, non 5.000 lepo moztu omen zituen mairuen artean[1]. Jean Mitchell-Lanham historialariak honela dio: "Gertaera hau legendan oinarritzen bada ere, ustezko batailak Espainiako identitate nazionalaren ikono ideologiko indartsuenetako bat eman du"[2]. 1978ra arte, Donejakue Espainiako santu nazionala izan da[1].

Hungariar paralelismoa aldatu

 
Ladislao I.a infidelen kontra, irudikapen ohikoa Hungarian eta Ekialdeko Europan.

Erdi Aroan, Hungarian, Donajakue bidearen ezagutza handia zen han, eta horrek mito paralelo batean eragina izan zezakeen XII. mendearen hasieran. Akademiko batzuek paralelismoak aurkitu dituzte Santiago Matamorosen alegiaren eta Hungariako San Ladislao I erregearen gurtzaren artean. Floris Holik-ek Santiagoren eta San Ladislaoren poemen arteko analogia harrigarria aurkitu zuen, eta gehitu zuen bigarren poemakoak apostoluaren omenez kantuak kontzienteki imitatzearen ondorio izan zitezkeela, eta horrek memorizazioa erraztu ziels erromesei. Sandwor Bálint-ek nabarmendu zuen, halaber, bi santuak infidelen aurka borrokatzen diren pertsonaiak direla, eta mundu kristaua defendatzen dutela batailan, paralelismoak indartuz.[3]

Ameriketara jauzia aldatu

Amerikako espainiar konkistatzaileek Santiago Matamoros hartu zuten babesletzat, eta indigen amerindiar paganoek mairu musulmanen lekua hartu zuten fedearen etsai menderagarri gisa[1]. Horregatik, Hispanoamerikaren kolonizazioan asko izan ziren santu patroi gisa harekin fundatutako hiriak, batez ere Mexikon eta Ertamerikan.

Berrikuspen modernoa aldatu

2004ko martxoaren 11n Madrilen gertatutako atentatuen ondoren, Santiago Matamorosek Santiagoko katedralean zuen estatua kentzeko asmoa aipatu zen, musulmanekin harmonia eta ulermena bilatzeko eta mundu arabiar-musulmanaren haserrea saihesteko. Baina asmo hark ez zuen aurrera egin sasoi hartan[4], baina 2021ean irudi ordezkapen bat izan zen, Matamoros haren ordez, Donejakue erromes baten irudia jarri zutelarik[5].

Euskal Herrian aldatu

Euskal Herrian ere Donejakueren izena duten eliza askotan ohikoak dira Santiago Matamorosen irudikapenak, eta baita izen hori gabeko elizetan ere, bereziki Gaztelako erresumara lotuago egondako Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan. Bereziki aipagarria da Ermuko elizako erretaula nagusiko eskultura zentrala (Andres Orbe ermuar apezpikuaren enkarguz egindako lan barroko nabarmena[1]), edo Ordiziako elizan aurki daitekeen erliebe bat.

   
Ermuko eskultura eta Ordiziako erliebea.


Erreferentziak aldatu

  1. a b c d Sudupe, Pako. (2019-07-23). «Done Jakue mairu-hiltzailea eta Jesu Kristo gurutziltzatua!» ZUZEU (Noiz kontsultatua: 2021-07-28).
  2. Mitchell-Lanham, Jean. (2015). The lore of the Camino de Santiago : a literary pilgrimage. ISBN 1-63413-333-1. PMC 903764129. (Noiz kontsultatua: 2021-07-28).
  3. Anderle, Ádám. (2007). Hungría y España. Relaciones milenarias. Szegedi Egyetemi kiadó. Szeged, Hungría. (pág. 16)
  4. (Gaztelaniaz) «Los sarracenos del Matamoros, 'censurados' con flores» El País 2009-08-13 ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2021-07-28).
  5. (Gaztelaniaz) «Santiago Matamoros, retirado de su lugar de honor en la Catedral y trasladado a una capilla en obras» La Voz de Galicia 2021-01-03 (Noiz kontsultatua: 2021-07-28).

Kanpo estekak aldatu