Sanjoan kantaita Urdiaingo kanta bat da, Donibane jaian neska gazteek abesten dutena. San Joan baselizara joaten dira eta herriko neska gazteek abesten dute, belarretik garira joango dela ospatuz. Bazkalostean elkartu, eta azken entsaioak egin ondoren, jantzi eta San Joango ermitara abiatzen dira, bertan, meza ostean dantzatu eta kantatzeko.

San Juanen kantaita, 2014

Besteak beste Resurrección Maria de Azkuek, Francisco Arraras eta Jose Maria Satrustegik bildu zituzten Urdaingo San Juan Kantaitaren hitzak, eta azken honek jasotako aldaera da abesten dena[1][2].

Kanta luze baten ostean, gari soroetara joan eta Orain arte belar, hemendik aurrera gari! esan ohi zen.

Historia aldatu

Tradizio kristaua eta paganoa biltzen dituen kanta da, eta bere jatorria ez da argia. Lurra bedeinkatzeko kanta bat dela argi dago, eta suaren tradizioarekin partekatzen da.

Espainiako Gerra Zibilean galdu zen tradizioa, edo etenaldia izan zuen. 1966an Jose Mari Satrustegik Lucia Zaugiaurrek kantatutako bertsoak berreskuratu zituen, horiek itzuli eta musika gehitu eta gaur egungo Kantaita bera sortu zuen, Francisco Arrarásen laguntzarekin[3].

Janzkera aldatu

Bertan parte hartzen duten emakumeek bi gona janzten dituzte, bigarrena burura lotuta, aurpegia soilik bistan utzita. Eskuetatik heldu eta borobila osatzen dute, eta une horretan 29 bertsoz osatutako San Juan gaueko kantua abesten dute, eskuekin erritmoa jarraitzen duten bitartean.

Letra aldatu

«

Egu bai egun honek San Juan diruri
Ez da San Juan bañan hala alunbra bedi.

Guazen San Juanera gaur arratsian
Etorriko gerala biar goizian.

Guazen San Juanera berduratara
Berduratara eta han egotera.

Juan nintzan Fraintziara etorri maiatzian
Zalditxo urdinian astuaren gainian.

San Juango iturriaren ondotik
Zazpi iturri urre kainuetatik,
Zortzigarrena metal zurietatik
Zortzigarrena metal zurietatik.

San Juango iturrien dago ura berde
Amurraitxo freskuak hantxen dirade,
Lernizko eskuak eta gero musua
San Juango iturriaren freskua!

Jesukristoren lengusua da
Aita San Juan Bautista,
Aingeruak dantzan dabiltza,
Dabiltza baia dabiltza
San Juanen pozian dabiltza!

Andra mutur maketsa
Aingeruak dantzan dabiltza,
Dabiltza baia dabiltza
San Juanen pozian dabiltza.

San Juan garagarrilian
Denbora galantian!
Maizik eta garik ez dagonian etxian!

Orain arte belar
hemendik aurrera gari!

»


Beste herri batzuetan aldatu

Errenterian, urtero, Iraultza Dantza Taldeak ere abesten du Sanjoan bezperan[4]. Hernanin ere 2001etik aurrera egiten da[3]. Bilboko konpartsek bertsio eraldatu bat abestu izan dute, letra aldatuta[5].

Bertsioak aldatu

Alex Sarduiren 1999ko Txulufrina eta arrosa diskan abestiaren bertsio bat dago[6].

Erreferentziak aldatu

  1. Urdiain: San Juan Kantaita 2014. (Noiz kontsultatua: 2020-01-25).
  2. «"San Juan Kantaita egitea ohore bat da" - Urdiain» Guaixe.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-25).
  3. a b «Hamazazpi urtez San Joan sua besarkatzen -» Kronika.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-25).
  4. «Belarra gari bihurtzera datoz» Oarsoaldeko Hitza 2018-06-20 (Noiz kontsultatua: 2020-01-25).
  5. «Orain arte belar, hemendik aurrera gari - Uriola.eus» uriola.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-25).
  6. (Ingelesez) Txulufrina Eta Arrosa. (Noiz kontsultatua: 2020-01-25).

Kanpo estekak aldatu