San Hilarion gaztelua

San Hilarion gaztelua (frantsesez: Château de Saint-Hilarion, grezieraz: Κάστρο του Αγίου Ιλαρίωνα, Kástro tou Agíou Ilaríona; turkieraz: Saint Hilarion Kalesi) Zipre iparraldeko Kirenia hiria inguratzen duten gazteluetako bat da.

San Hilarion gaztelua
Kokapena
Estatu burujabe Zipre
Zipreren banaketa administratiboaKireniako barrutia
HiriaKirenia
Koordenatuak35°18′44″N 33°16′52″E / 35.31214°N 33.28108°E / 35.31214; 33.28108
Map
Altitudea622 m, itsas mailaren gainetik
Historia eta erabilera
JabeaBizantziar Inperioa

Historia aldatu

Sorrera aldatu

Izenak ez dio erreferentzia egiten IV. mendeko San Hilarion anakoretari, baizik eta arabiarrek Lur Santua konkistatu ondoren Ziprera ihes egin zuen monje bati. Monje honek mendigaina hartu zuen bizileku[1]. Gaztelua eraiki aurretik San Hilarion monjearen izena zeraman monasterioa izan zela proposatu izan da baina ez da honen frogarik aurkitu oraindik[2].

Bizantziarrek XI. mendean abiatu zuten gazteluaren eraikuntza[3]. San Hilarion gazteluak ekialdean Buffavento gaztelua eta Kantara gaztelua zituen bata bestearen jarraian, eta hiruen artean Kirenia mendikatea gotortzen zuten. Pirata arabiarren erasoak aurrikusi eta aurre egiteko helburua zuten[3], eta Kirenia eta Nikosia arteko pasabidea zaintzea ere bai. Hiru gazteluen artean hobekien kontserbatzen dena da San Hilarion. Gazteluaren aurreneko aipamena 1191 urtekoa da, Rikardo I.a Ingalaterrakoa Zipre uharteaz jabetu zenekoa[3].

Erdi Aroa aldatu

Lusignan erregeek udako bizitoki gisa erabili izan zuten eta gazteluari gehigarri nabarmenak ezarri zizkioten. 1228. urtean John d'Ibelin Zipreko erregearen (bide batez Jerusalemgo erbesteko erregea ere bazena) eta Frederiko II.a Germaniako Erromatar Inperio Santukoaren arteko lehia sortu zen Jerusalemgo koroa eskuratzeko eta bien arteko gerran gaztelu garrantzitsua izan zen[3].

XV. mendean veneziarrek Zipreren gaineko kontrola eskuratu zuten. Gaztelua bertan behera utzi zuten, Kirenia inguruko gaztelu guztiak mantentzeak eragiten zuen kostua kontutan hartuta[2].

XX. mendea aldatu

1974. urtean turkiarrek Zipre iparraldea konkistatu zutenean San Hilarion gazteluaren inguruetan borroka gertatu zen eta turkiarrek lortu zuten garaipena. Horrekin Nikosia hiribururako bidea kontrolatzea lortu zuten[4].

Arkitektura aldatu

Gazteluak hiru maila ditu. Azpiko eta erdiko mailek ikuiluak eta soldaduen bizitokiak dituzte eta goiko mailan Lusignan erregeen gelak daude. Behe mailaren gainean altxatzen den labarraren gainean John Printzearen dorrea dago.

Gazteluaren goiko maila 1'4 metrotako lodiera duen harresiak inguratzen du. Sarreran arku gotikoa dago, Lusignandarrek eraikia, eta ekialdean dagoen dorre erdi-zirkular batek babesten du. maila honen erdian patioa dago eta ipar-ekialdeko izkinan sukaldea zenaren hondarrak ikusten dira. Patioaren mendebaldean erregeen logelak daude, XIII edo XIV. mendean eraikiak. Goiko amaila honek ipar-ekialde hego-mendebalde norabidea du, 25 metrotako luzera eta 6 metrotako zabalera. Bi solairu ditu eta zisterna bat. Beheko solairuak 7 metrotako garaiera du eta kanoi ganga gotikoa, goikoan lehioak daude, hauetako bat "Erreginaren lehioa" da[2]. Leiho hauek mendebaldeko horman kokaturik daude eta Zipreko iparraldeko kostaldearen ikuspegi itzela dute[1], Lapithos herria dagoen lautadarena bereziki[5].

Iruditegia aldatu

Erreferentziak aldatu

  1. a b (Ingelesez) Paradise, Cyprus. «Saint Hilarion Castle Kyrenia North Cyprus» www.cyprusparadise.com (Noiz kontsultatua: 2020-10-27).
  2. a b c Petre, James. (2010). Crusader Castles of Cyprus: the Fortifications of Cyprus under the Lusignans 1191-1489. University of Cardiff.
  3. a b c d «St Hilarion Castle, North Cyprus - cypnet.co.uk» www.cypnet.co.uk (Noiz kontsultatua: 2020-10-27).
  4. (Ingelesez) «Saint Hilarion Castle» Atlas Obscura (Noiz kontsultatua: 2020-10-27).
  5. Newman, Philip. (1948). The Castle of St Hilarion. Nicosia: K Rustem & Brother.

Kanpo estekak aldatu