Kantara gaztelua
Kantara gaztelua (grezieraz: Κάστρο της Καντάρας, Kástro tis Kantáras; turkieraz: Kantara Kalesi) Zipre iparraldeko Kirenia mendikatea zaintzen duen gazteluetako bat da. Ez da ezagutzen noiz eraiki zen baina jatorri bizantziarra du. 1560. urtean eraitsi zuten eta alboan dagoen Kantara monasterioari eman zion izena.
Kantara gaztelua | |
---|---|
Kokapena | |
Onartu gabeko estatuak | Ipar Zipreko Turkiar Errepublika |
District of Northern Cyprus | İskele District |
Giza lurralde-entitate geografiko | Kantara |
Koordenatuak | 35°24′23″N 33°55′24″E / 35.4064°N 33.9233°E |
Altitudea | 613 m, itsas mailaren gainetik |
Historia eta erabilera | |
Izenaren jatorria | Kantara (en) |
Arkitektura | |
Estiloa | bizantziar arkitektura |
Izena
aldatuZipretar arabierako kandak izenean du jatorria, eta "harrizko zubia" esan nahi du euskaraz[1].
Historia
aldatuKantara gaztelua Kirenia mendikatearen ekialdean kokaturik dago, Karpas penintsulan, eta mendebaldera zituen Buffavento eta San Hilarion gazteluekin mendikatea babesteko azpiegitura osatzen zuen.
Sorrera
aldatuBizantziar aroan eraiki ziren hiru gazteluak eta pirata arabiarren erasoei aurre egitea zuten helburu. Gazteluak noiz eraiki ziren aurkitu nahian hainbat hipotesia plazaratu dira:
- 965. urtean, arabiarrak uhartetik kanporatuak izan zirenean.
- 1091. urtean, Rhapsomates familia errebeldeak Eumathios Philokales gobernadorearen agintaldian.
- XI. mendean, Seljuktar Inperioak Ziliziako kostaldea erasotu zuenean.
- XII. mendean, Gurutzatuen estatuei aurre egiteko.
Erdi Aroa
aldatuAdministraziogunea eta gartzela ere izan zenez ez zuen borrokaldi handirik izan. 1191. urtean Rikardo I.a Ingalaterrakoak eskuratu zuen Isaac Komnenos enperadoeraren aurkako kanpainan Zipretaz jabetu zenean[2]. Tenpluko Ordenari saldu zion uhartea eta berehala Guy de Lusignanen agintepean gelditu zen.
1228. urtean Frederiko II.a Germaniako Erromatar Inperio Santukoa Ziprera iritsi zen John d'Ibelin erregearen aurkako gerran, Jerusalemgo koroarekiko lehian sartu baitziren biak. Frederiko II.ak gaztelua hartu zuen eta ibelindarrek setiatu egin zuten. Katapultak erabiliz erasora jo zuten eta hainbat eraikin suntsitu ziren. Urtebeteko setioaren ondoren gaztelua errenditu egin zen.
1373an genovarrek erasotu zuten Zipre. Novarako Filiperen kronikaren arabera Antiokiako John printzeak Famagustatik ihes egin eta Kantarako gaztelutik antolatu zuen kontraerasoa, eta genovarrak kanporatzea lortu zuen[3]. Kirenia mendikateko hiru gazteluen garrantziaz ohartuta Jakue I.a Ziprekoak eta Piter II.a Ziprekoak gazteluak gotortzea erabaki zuten[4]. Kantarari dagokionez gotorlekua bihurtu zen eta barrakoiak eta zisterna erraldoi bat gehitu zitzaizkion.
1489an veneziarrek Zipreren gaineko kontrola eskuratu zuten. 1519an injenieri italiarrek zaharkitutzat jo zuten Kantara gaztelua eta 1525ean azken soldadu taldeak alde egin zuen bertatik. 1560an eraitsi egin zuten gaztelua eta gaur egun hondarrak baino ez dira ikusten.
XX. mendea
aldatu1905. urtean Camille Enlart arkeologo frantsesaren lanari esker ondare historiko izendatu zuten eta 1914. urtean George Jeffery britainiarrak berriztatze lanak gidatu zituen, turismoa erakarri nahian. 1939an perra itxurako dorrearen zimentuak sendotu zituzten dorrea behera etor ez zedin[5].
Arkitektura
aldatuItsas mailatik 550-600 metrotako altueran kokaturik dago granito eta hareharrizko mendien gainean. Material horiek erabili ziren gaztelua eraikitzeko. Ateak, leihoak eta eskantzuak beste nonbaitetik ekarri zituzten. Ur gabezia nabarmena da inguru hauetan eta sei zisternaz gai euri ura batzeko teilatu lauak eraiki ziren. Zisterna handiena harresietatik kanpora zegoen. Ogia egiteko labeak zeuden eta errota bat ere bai[1].
Inguruan dituen harkaitz malkartsuei esker bertara iristeko bide bakarra ekialdean duen haran estua baino ez da. Bide hau bi dorre bikik zaintzen dute, Nicolas eta faucherre izenekoek. Sarreran ate bat du eta atzean kanoi gangadun barbakana. Honen ondoren aurkitzen da portculis hesiak babesturiko ate nagusia. Barbakanak gezileiho ugari ditueta bi dorre ere bai. Ate nagusiaren iparraldean perra itxurako dorrea dago babes egitura gisa balio duena.
Gaztelua inguratzen duen harresiak 120 x 70 metrotako horma du eta XIV. mendean eraikitako soldaduen gelak daude bertan. Gazteluaren hego-mendebaldean bi dorre gehiago daude. Atearen hegoaldean zisterna bat dago, gerora gartzela gisa erabili izan zena.
Gazteluaren goialdean "Erreginaren ganbera" izan zenaren hondarrak daude, kapera gotortu bat zen 1525ean otomandarrek bonbakatu ondoren suntsitu zutena[1].
Iruditegia
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ a b c (Ingelesez) Morelle, Nicolas. (2014). «The Castle of Kantara -a key to the evolution of active defence in the 13th century between the Eastern and the Western Worlds» the Castle Studies Group journal (28): 292. (Noiz kontsultatua: 2020-10-27).
- ↑ «The DHAVLOS Home Page» www.kypros.org (Noiz kontsultatua: 2020-10-27).
- ↑ (Ingelesez) Molin, Bengt Kristian. (1995). The role of castles in the political and military history of the Crusader States and the Levant 1187 to 1380. University of Leeds (Noiz kontsultatua: 2020-10-27).
- ↑ (Ingelesez) «KANTARA CASTLE» SIGHTS OF NORTH CYPRUS (Noiz kontsultatua: 2020-10-27).
- ↑ Ucar, Gulnur. (2004). The Crusader Castles of Cyprus and Their Place within Crusader History. Middle East Technical University (PhD). Ankara: Middle East Technical University..