San Fausto (Estellerria)

Deierri eta Allin udalerrien arteko mendigunea

San Fausto Nafarroa Garaiko mendigunea da, Deierri eta Allin udalerrien artean dagoena, Estellerrian. Lazkua da gailurrik gorena (781 metro).[1]

San Fausto
Datu orokorrak
Mendirik altuenaLazkua
Garaiera781 m
Motamendigune
Geografia
Herrialdea Euskal Herria
Foru erkidego Nafarroa Garaia
UdalerriaDeierri
Artikulu hau Estellerriko mendiguneari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «San Fausto (argipena)».

Izena aldatu

Egun desagerturik dagoen San Fausto ermitari egiten dio erreferentzia leku izenak. Allinen, Larriongo Haitzak deitzen diete mendiguneko hiru malkor ikusgarriei: Peña Grande, Peña del Medio eta Peña de los Gitanos, iparretik hegoaldera. Eraulen, berriz, Lazkua, Altikogaña eta Bargagorria toponimoak gorde dira.[1][2]

Geografia aldatu

San Fausto mendigunea ipar-hego norabidean luzatzen da Allin eta Deierri haranen artean. Mendebaldeko isurialdeak 320 metroko garaiera aldea du Urederraraino; oso markartsua da, eta hiru harkaitz ikusgarri eratzen ditu: Lazkua (781 m), Altikogaña (733 m) eta Bargagorria (623 m).[1] Hegoaldeko muturrean, Eultzen, harana estutzen da San Fausto eta Belastegi mendien artean, Arrunbia izeneko arroila eratuz.[2]

Ekialdeko isurialdea askoz ere leunagoa da (140 metroko aldea Erauldik). Eraulgo mendateak (692 m) bereizten ditu Lazkua eta Altikogaña.[3]

Geologia aldatu

Malkorrak Eozenoko kareharriz osaturik daude (58-37 milioi urte). Jatorria itsasoko sedimentuetan dute eta, ondorioz, erraza da horiek osatzen dituzten fosilak atzematea.[3]

Gizakia aldatu

San Faustoko haitzek Nafarroako multzo arkeologikorik aberatsenetakoa gordetzen dute, eta bertako aztarnategiak Historiaurretik Karlistaldietara zabaltzen dira.[2]

Inguru horietan hainbat herrixka gotortu izan ziren Burdin Aroan. Haitzen defentsak eta ibarrarekiko zuen kokaleku pribilegiatuak ematen zizkioten aukerez baliatuz, lehen gotorleku txikia Bargagorrian egon zen K. a. VII. mendetik K. a. IV. mendera arte. Ondoren, K. a. III. mendean, Altikogañara lekualdatu zen. Altikogañako herrixkak 4,5 hektareako azalera zuen, eta kanpo perimetroa gotortua zeukan. Erromatarrek suntsitu zuten.[3]

1834ko abuztuaren 19ean, Lehen Karlistaldian, garrantzi handiko gudua gertatu zen San Faustoko haitzen oinetan. Tomas Zumalakarregik ezustean eraso zuen Luis Ángel Carondeleten zutabe liberala, Lizarratik Galdiora zihoana. 250 soldadu liberal baino gehiago hil ziren segada hartan, eta karlistek gatibu hartu zuten Vía Manuelgo kondea, Espainiako handikia.[4][oh 1]

Kirola aldatu

Allin aldeko haitzetan San Fausto eskalada eskola dago, bost sektore nagusitan banatua: Lazkua, Altikogaña, Bargagorria, Peñatxabala eta Lezapia. 120 bide baino gehiago ditu, 4c eta 6c bitarteko gradukoak, eta oso ongi ekipaturik dago. Malkorretan habia egiten duten hegaztiak babesteko asmoz, eskalada erregulaturik dago.[5]

Oharrak aldatu

  1. Cristóbal Manuel de Villena y Melo de Portugal, Vía Manuelgo kondea, Arantzan fusilatua izan zen, 1834ko abuztuaren 26an.

Erreferentziak aldatu

  1. a b c Lazkua. mendikat.net (Noiz kontsultatua: 2023-11-26).
  2. a b c Martinez Velasco, Antxoka, Argandoña Otxandorena, Pedro. El signum equitum de Altikogaña y el santuario del Balcón de Lazkua (Eraul, Navarra): simbología y religión de un poblado protohistórico. Munibe Antropologia-Arkeologia 67, 2016, 127-149. orrialdeak, aranzadi.eus (Noiz kontsultatua: 2023-11-26).
  3. a b c Arrizabalaga, Mikel. Lazkuako behatokia. Berria (Noiz kontsultatua: 2023-11-26).
  4. Efemérides de nuestro valle. amescoa.com (Noiz kontsultatua: 2023-11-27).
  5. Actividades deportivas en roquedos. navarra.es (Noiz kontsultatua: 2023-11-28).

Ikus, gainera aldatu

Kanpo estekak aldatu