Ramón Fernandez Garaialde (Pasaia, 1814ko otsailaren 12a - Donostia, 1903ko abenduaren 7a) gipuzkoar politikaria eta gaztelerazko poeta izan zen. Londresen eta Parisen ikasketak egin ondoren, Finantzetako ministerioko artxibo zaintzaile izan zen lehenbizi, eta ministro Esparterorekin (1840). Demokrata eta errepublikazalea zen; Gipuzkoako Gobernuko Batzorde Iraultzaileko lehendakari hautatu zuten, Elisabet II.a erregetzatik eraitsi zutenean (1868). Donostiako alkate izan zen ondorengo lau urteetan (1869-1873). Foruzale porrokatua zen; Fueros que no se pueden abolir eta Cita que no debemos olvidar foruen aldeko artikuluak idatzi zituen Euskal-Erria aldizkarian. El derribo de las murallas, Al ferrocarril del Norte, Los comuneros, A la muerte de Mari eta A la libertad olerkiak eman zituen argitara.