Rafael Barrett —izen osoa: Rafael Ángel Jorge Julián Barrett y Álvarez de Toledo— (Torrelavega, Kantabria, 1876ko urtarrilaren 7a - Arcachon, Frantzia, 1910eko abenduaren 17a) gaztelaniazko idazlea eta pentsalaria izan zen. Bere idatziak ezagunak dira duten eduki filosofiko eta politikoengatik, anarkismoaren aldeko bere aldarria ezaguna da.

Rafael Barrett

Bizitza
JaiotzaTorrelavega1876ko urtarrilaren 7a
Herrialdea Espainia
 Paraguai
HeriotzaArcachon1910eko abenduaren 17a (34 urte)
Heriotza moduaberezko heriotza: tuberkulosia
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakidazlea, itzultzailea, kazetaria eta filosofoa

Bizitza

aldatu

Gaztaroa

aldatu

Torrelavegan, Kantabrian, jaio zen 1876 urtean. Berezko izena Rafael Ángel Jorge Julián Barrett y Álvarez de Toledo zuen. Ingeles-espainiar jatorri zuen familia dirudun batean jaio zen. Aita George Barrett Clarke, jatorriz Coventry Inglaterrakoa eta ama María del Carmen Álvarez de Toledo y Toraño, Villafranca del Bierzo, León Espainiakoa. 20 urte zituela Madrilera joan zen ingenieritza-ikasketak burutzera. Bertan ezagutu zituen Valle-Inclán, Ramiro de Maeztu eta 98ko Belaunaldiako beste kide batzuk.

Aserraldi batean nobleziako kidea zen Arióngo dukearekin izan zuen liskarra eta beste gertaera batzuk medio, 1903. urtean Argentinara joatea erabaki zuen. Honela, 1904ko urrian, Paraguaira iritsi zen "El medio" aldizkari argentinarraren berri-emaile moduan, bertan ematen ari zen iraultza liberalaren berri emateko. Laster, iraultzara batu ziren gazte liberalekin elkartu zen. Paraguain famili bat osatuko du, eta, bere hitzetan, "zintzo" bihurtu zen. Urte batzuk beranduago Brasilera iritsi zen, behartutako erbestealdian, eta Uruguaira.

Paraguaiko egonaldia

aldatu

Abenduan Barrett Asuncionera ailegatu zen, iraultzaile tropel batekin heldu zen. Estatistika Bulogoan egin zuen lan. 1905an Francisca López Maíz-ekin ezkondu zen eta La Colmena tertulia eta talde literarioa sorreran parte hartu zuen. Tuberkulosi lehen zantzuak nabaritzen zitzaizkion.

1907an jaio zen bere seme bakarra, Areguá izenekoa. Albino Jarak estatu kolpea jo zuen 1908ko uztailean. Barrettek antolatu zuen Asunciónen kaleetan zaurituta zeudenen zaintza. Urte berean, urriaren 3an atxilotu zuten, "Germinal" aldizkarian (berak sortutako aldizkari anarkista) abusu eta torturak salatzeagatik eta urriaren 13an aske geratu zen kontsulatu ingelesaren bitartekaritzari esker. Aske geratuk zen baino Brasilgo Curumbá-ra erbesteratu zuten. 1909ko otsailean Paraguaiko egoera politikoa hobetu zen, baina setio-egoerak martxora arte jarraitu zuen. Barrettek itzultzeko bermea ukan zuen eta Asuncióndik gertu dagoen Aregua-ra bueltatu zen. Bertako egunkariak beraien orrialdeak zabaldu zizkioten. Irailean Asunciónen barku bat hartu zuen Frantziaruntz. Quinton doktorearekin hainbat eskutitz partekatu zituen eta honen tuberkulosiaren kontrako tratamendua egitea erabaki zuen.

Ibilbide literarioa

aldatu

Argentina, Uruguai eta batipat Paraguaien ibili izanak, paraleloan egiten zituen kazetaritza lanekin batera, Barrett literato gisa definitu zuen. Nahiz eta miseri gorrian egon, inoiz ez zuen dudarik izan ahulenekin elkartu eta hauek pairatutako injustizi sozialak bere luma zorrotzarekin salatzeko. Izan ere, modu batera, miseri gorrian bizi izanak faltsukeriatik aldendu eta bere bizia besteei laguntzera ematera bideratu zuen. Hego-Amerikak, orduan, pairatzen zituen baldintza miserableen influentziak, indar asko izan zuten bere idatzietan eta bere kazetaritza lanak egoera horren aurkako salaketa lanak ziren. Ideologikoki anarkismora gerturatu izanak nozitu zuen, ez soilik boteredunekin eta Paraguaiko gobernuarekin (hainbat aldiz espetxeratua izan zen), garaiko intelektual askok bizkarra eman zioten.

Orohar, Barretten lanak ezezagunak dira. Motza eta asistematikoa, bere bizia bezala. Ia obra guztiak Argentina, Uruguai eta Paraguaien argitaratu ziren. Ala eta guztiz ere, bere pentsaerak eragina izan zuen Latinoamerikan, Rio de la Platan gehien bat. Egiari zor, bere eragina ez zen izan sekulakoa, baina Ramiro de Maeztuk "Amerikako historiaren figura bat" zela zioen. Bere ideia literarioen ardatza estilo regenerazionistatzat jo daitezke. "El tiempo" oposizo kontserbadorearen aldizkarian "Sin pulso" idatzi zuen 1898ren abuztuaren 16ean. Espainia "gaixo" zegoela zioen "regenerazionisten mugimenduak", eta metafora medikuak maiz dira idatzian, Espainia oso gaixo dagoen herrialde moduan ikusten du, militarki zapaldutako herri bat da, gaitz erdi, zapalduta zegoen herri bat geldirik ikustea zen gaitz haundiena, hondoa jotzen zuen herrialdeak "salbazioa" behar zuen. "El dolor paraguayo"n argi ikusten da herri horrekiko zuen maitasuna, herri xehearekiko maitasuna. Barretten idatziak kalitate intrentsikokoa dira. José María Fernández Vázquezen hitzetan, bere lana egiteko denbora gehiago izan balu, bere "estilo literario eta ideoligikoak amerikar kontinenteko corpus textual interesantenetarikoa sortuko zuen".

Azken urteak

aldatu

Paraguaien bilakatu zen idazle, benetazko maitasuna aurkitu eta aita izan zen, hori dena lortuta ordea, larriki gaixotu zen. Paraguaiek bizi zuen kontextu historikoa ez zen aproposena bere ideia kritikoak, ezta bere pentsakera onartzeko ere. Artikulu bilduma bat idatzi zuen "Lo que son los yerbales paraguayos" (yerbala matea landatzen den eremua da). Idatzi hauetan,"yerbaletan" ematen den esklabutza-egoera salatu zuen, eta interes ekonomiko eta politikoekin aurrez-aurre jarri zen. Egunkariek gero eta toki gutxiago uzten zioten, eta bertako intelektualak bizkarra ematen hasi zitzaizkion, bakardadera bultzatuz, ez zuen aurkitzen nahikoa babesik. Batzuetan aitortzen zuenez, "une oro pentsatzen egoteko ohitura, badirudi jende arruntarentzat bizio txar bat dela, eta ezertarako balio ez duen gizaki batean bihurtu naizela, kaltegarria, gorrotatua, mespretxatua".

Bere ideia politiko anarkistengatik eta bere injustizia sozialean egindako salaketengatik atxilotua eta erbesteratua izan zen. Lehenik Mato Grosso brasildarrera eta azkenik Montevideora. Uruguaien laster konektatu zuen bertako abangoardia intelektualekin. Baino ordukoan tuberkulosiak hartu zuen preso, eta Paraguaira bueltatu zen bertako kaudilloek baimen emandakoan, eta bertako egunkariek berriro ateak zabaldu zizkioten. Tuberkulosi gaitzak jota, 1910ean Frantziara bidaiatu zuen tratamendu berri batekin hasteko. Asuncionen barkua hartu eta Montevideora iritsi zen, bertan harrera bero eta goxoa eskeini zioten, handik Europarako bidea hartu zuen. 1910eko abenduaren 17an, arratsaldeko lauetan hil zen Arcachongo Regina Forêt Hotelean. 34 urte zituela hil zen, familiatik urrun, baita bere aberri bakartzat zuen Paraguaitik aparte ere. Eta alde egin behar izan zuen herrialdetik: Espainia, inongo errekonozimendurik jaso gabe. Bizi zela, liburu bakarrak ikusi zuen argia, "Moralidades actuales", Uruguaien ospe haundia lortu zuena. Bertako intelektualak beti konektatu zuten Barrettekin. Espainian 1919. urtean, Rufino Blanco Fombona eta Editorial Américak bere lan batzuk ere argitaratu zituen. Argitaratze hauek, gazteetan Madrilen ezagututako jendearen oroitzapenak piztu zituen.

Bere pentsamoldearen ardatza

aldatu

Rafael Barreten pentsamoldean eragin handia izan zuen "mende bukaerako krisiak". 1876. urtean jaioa, urte garrantzitsua hainbat ikuspegitatik (Institución Libre de Enseñanza-ren sorrera; erlijioa eta zientziaren arteko gatazken inguruko Draper-en lanaren argitaratzea, Darwin-en lehen itzulpenak, eboluzionismoren inguruko eztabaida sutsuak, krausismoren bidez pentsamolde positibistaren zabalkundea, etab., etab.), Frantzia eta Ingalaterran hezitakoa da Barret. Eta bizitako momentu kritikoen jabe da, eta argi uzten du bere lanetan:

  • "Gizarteria kaos bat da, bai, baino kaos emankorra." (O.C., IV, p. 149).
  • "Ezinegona orokorra nabari da. Gertaera larriak espero dira. Beldurrez, esperoan." (O.C., II, p. 305).
  • "Gizarteria erditzen ari denean, sinis dezagun ikustezinean." (O.C., II, p. 249).

Eta "ezinegon unibertsal" horrek, fantasia, magia eta misterioaren berreskuratzea ekarriko duela diagnostikatuko du, filosofia positibistaren aurka:

« Sozialistak, anarkistak, neokristauak, espiritualistak, teosofoak... Zer esan nahi du honek guztiak? Zer esan nahi du erlijioarekiko joera unibertsal horrek? Zer esan nahi du sentimental eta profetikoa izatera bihurtzen den filosofia horrek? Erreformatzaile eta alferrikakoak diren edertasunen eragile bihurtu dira beste munduez kezkatutako poetak, historialariak eta kritikoak. Zer esan nahi du egonezinaren, misterioaren eta germenen larritasun sakratu salbatzaile hori birsortzeak? »

—(O.C., II, p. 295)


Barretentzat filosofia "ez da zientzia bat, gure espirituaren grabitate zentruak jarraitzen duen bidea baizik" (O.C., II, p. 249); bitalismo kutsua duen definizioa, aldaketa bilatzen duen filosofian murgiltzen da. Heráclito eta Parménidesen artean aukeratzerakoan, lehenengoarekin geratzen da Barrett. Dena aldatzen da, ezerk ez du irauten.

« Filosofia dinamikoa lekua hartzen ari zaio estatikoari. (...) Dena dabil infinitoki handia eta txikia den eremuan. Atomoek astroak imitatzen dituzte. Irrist egiten dute, pasa egiten dira, erori egiten dira. Molekulak likido batean isurtzen dira; gasean abiadura zoroan bonbardatzen dituzte giltzaperatu dauzkaten hormak. »

—(O.C., II, p. 226)


Barreten pentsakeran, filosofia bitalista (berak gehien maite dituenetako bat da Bergson filosofoa) eta modernismoa karakterizatu zuen erantzun antipositibista uztartzen dira. Barrettentzat, errealitatea bizitza da, energia, mugikortasun iturri. Benetazkoa, erreala, sentitu eta ekin egiten da, ez da explikatzen. Bizitzaren errealitatea arrazoiak ez du ulertzen. Erreala adieraziezina da. Horrela Barrett bere generazioko gazte gisa aurkezten da. José Luis Abellán-ren arabera, XX. mendeko hasieran "bizitza printzipio filosofiko moduan bueltatzen da" (Abellán, vol. 5/I, p. 70). Eta bizitza definitzerako garaian Bergsonen hildotik lirismo dosi eder bat gehitzen dio:

« Bizitza aire gozo, ikusezin eta azkarra da. Bizitzaren errotek bazterrean datzan hautsa astintzen dute. Zurrunbilo hilezkorra atmosfera hutsa izatera pasatzen da. Ikusezina eta hautsa dena bazterrera erortzen da zerraldo. Eta jakintsuek ez dute hautsa baino ikusten: hilotzak ukitzen dituzte xehetasunez. »

—(O.C., II, p. 251)


Pentsakera bitalista razionalismoaren aurkakoa da, eta gehienetan jarrera idealista edo espiritualistekin bat egiten du. Barrettek razionalismoari uko egiten dio, filosofi grekoaren balorazio negatiboarekin erakusten duen moduan:

« Haientzat ez zegoen ezer kontzientziaz gaindi. Ez ziren zirkulu argitsutik, inteligentziaren zentrotik, urrundu. Eta horregatik da hain argia eraiki zutena, hain dotorea, hain begi-bistakoa eta hain faltsua. »

—(O.C., II, p. 231)


Hau idealismoaren aldeko keinu garbia da, ("Existitu? Dena existitzen da, eta ideala, erreala baino gehiago", O.C., III, p. 118) misteriotsua onartuz errealitatearen objetibotasunaren osagai bezala; izpirituaren arloan, Barretek inkoszienteari ematen dion garrantzia, eta kosmoan, errealitatea ezagutzeko erantzunik gabeko galderak, arrazoiarentzako ezinezkoak, misteriotsua da.

Nire anarkismoa

aldatu

Rafael Barretten pentsaera sozial eta poltikoak aldaketa nabariak jasan zituen. Zazpi urteren bueltan, indibidualismotik Nietzscheren trazu bitalistara, eta anarkismo solidaroenetaraino gerturatuz.

Bilakaera honen inflexio-puntua 1906aren bukaera eta 1907aren hasieran gertatu zen. Hemendik aurrera, gai sozialek arduratzen zuten gero eta gehiago, eta bere jarrera kritikoa gero eta erradikalago bihurtu zen. Amerikako egoera latza asimilatzeko epea izan zen, eta Barret tarte horretan espiritualki aberastuta irten zen. Horrela, ameriketako bizitasunak, europar intelektualek utzitako hutsunea hein batean bete zuen.

1908tik aurrera Barrettek bere burua anarkistatzat jo zuen, eta horren lekuko "Nire anarkismoa" (jatorrizko izenburua: "Mi anarquismo") idatzia.

« Nahikoa dut zentzu etimologikoarekin: “Gobernu eza”. Suntsitu egin behar da autoritate izpiritua eta legeen izen ona. Horixe da guztia. Azterketa librea egin behar da. Ezjakinek uste dute anarkia desordena dela eta gobernurik gabeko gizarteak kaosean amaituko lukeela. Ez dute armen terroreak kanpotik ezarritako ordena baino ezagutzen. Anarkismoa, nik ulertzen dudan moduan, azterketa politiko librera mugatzen da. [...] Zer egin? Hez gaitezen eta hez dezagun. Dena mugatzen da azterketa librera. Gure umeek azter dezatela legea eta mespretxa dezatela! »

—Nire anarkismoa


Bibliografia

aldatu

Kanpo estekak

aldatu