Piarres Adame Jean Baptiste Elizanburu idazle saratarraren eleberria da, 1888an Pauen argitaratua. Hasieran atalka argitaratu zen, Donibane Lohizuneko La Nivelle aldizkari gorrian, eta gero Le Réveil Basque astekari errepublikarrean[1].

Piarres Adame
Datuak
IdazleaJean-Baptiste Elizanburu
Argitaratze-data1888
Generoaeleberria
Jatorrizko izenburuaPiarres Adame
Hizkuntzaeuskara

Lapurdiko euskalkian idatzia da, eta liburuan ageri denez, bigarren zati bat argitaratzea pentsatua zuen idazleak, asmoa gauzatu ez bazuen ere.

Elizanburuk lehenago ere erabili zuen Piarres Adame ezizena idazlanak sinatzean. Bera gaztetan bizi izan zen baserrien izenetatik bildu zuela uste da (Sarako Piarres-enea eta Adameta baserriak, hain zuzen)[1]. Kasu honetan, Piarres Adame idazlan bateko pertsonaia dugu.

Gaia eta kutsua aldatu

Piarres Adameren bizitzako gorabeherak azaltzen ditu Elizanburuk liburuan, Piarres berak kontatu omen zizkionak. Idazleak Pello izendatzen du bere burua, eta haur zelarik, Saratik Olhetako jaietara zihoala, Piarres Adamerekin bildu omen zen bidean. Behin lagunak eginda, agureak kontatzen dizkio zenbait gertakari eta istorio. Istorio hauek eleberri pikareskoaren ezaugarri anitz dituzte.

Piarres zaharra pertsonaia ezaguna da Sara inguruetan, berak harro aitortzen duenez. Agureak hikaz hitz egiten dio gazteari. Agurearen ateraldi eta istorioak barregura pizteko moduan idatzita daude. Hemen liburuko pasarte bat, Piarres Adameren izaeraren erakusgarri:

« Hi eta ni, Pello, Sarako haurrak gaituk; badakik guretzat ohore handi bat dela hori?... Sara duk herri guzietan maithagarriena eta famatuena; ez nauk hola mintzo segurki, neroni Saratarra naizelakotz... Ez!... gaizki lukek bere buruaz espantu egitea...; bainan, hargatik, batere nere burua goregi altxatu gabe, uste diat erraten ahal dutala Piarres Adame bezalako gizon guti ikhusten dela bazterretan. Ez diat maite mintzatzea, Pello, Yainkoak eman darozkitan dohain handiez, zeren bere baitharik ageri baitire...; bainan erran zukek ez dutala begiratzaile eskasik nabilan lekhuetan. »

Haria aldatu

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

 
Sarako kaleetan gertatzen dira Piarresek kontaturiko istorio batzuk.

Lehenengo istorioa: Piarres, txanpon batzuk lortzeko, hildakoen egunean arimen alde otoitzak irakurtzera prestatu zen elizako atarian, irakurtzen ez jakin arren. Azpijokoa agerian geratu zen ordea, saritzat belarritik tiratzen ziotela. Piarres Adamek eta Pellok, Azkainera heltzean, hiru emakume ikusten dituzte arropak garbitzen.

Bigarren istorioan Piarresek gaztaroan Sarako aranondo batetik aranak hartzen ari zela bizitako pasarte bat kontatzen du. Ondoren, Olhetako bestetan ikusirikoak kontatzen ditu Pellok.

Hirugarren istorioa: Don Patxeko, Madrilgo gizon batek, emaztea latz samar hartzen zuen. Andreak, Dona Inkarnazionek, gizonari zuzenbidea erakutsi eta mendeku egiteko aukera aurkitu zuen. Dona Inkarnazionek entzun zuelarik erregearen alaba hil zorian zegoela, morroi batengana joan eta bere senarra medikuntzan aditua dela kontatu zion. Gero, senarra erregearen aurrera eraman eta gizonak ezer ez zekiela medikuntzaz esan zuen. Sinistu ezinean, eta printzesa sendatu nahi ez zuelakoan, erregeren lau gizonek egurtu zuten. Orduan, alaba oihuka eta irriz hasi zen eta boz ikaragarriak zirela eta, eta ondorioz hezurra eztarritik atera zitzaion, bertan sendatuz. Besteek, ezer ez zekitela, ustezko medikuaren gauza izan zelakoan dirutza handia eman zioten saritzat.

Hirugarren istorioak Sarako auzapezak Zugarramurdiko fraideek bahitu zizkioten 200 ardi bereganatzeko egin zuen azpijokoa kontatzen du. Zugarramurdiko auzapeza eta honen lagun bat bazkaltzera gonbidatu zituen Sarara, eta haiek gela batean zain zeudela, ondoko gelara joan eta han laguntzaile bati, ardiak behar izanez gero indarrez berreskuratzeko Baionatik 500 soldadu helduak zirela esan zuen gezurretan, besteek entzuteko moduan. Zugarramurdiarrek, izututa, 200 ardi ez ezik, 400 eman zizkioten atzera, bakearen truke.

Erreferentziak aldatu

  1. a b Larzabal, J.B.. (1983). "J.B. Elissamburu eta Oxalde, bi «gorri»" in Piarres Lafitte-ri omenaldia. Euskaltzaindia.

Kanpo estekak aldatu

Parisera joan zenean 56 urterekin egin zuen eleberria